Konzentrazinoak bihar, Ziburu, Lartzabale eta Kanbon Brebeta Euskeraz izan daiten

Bizkaie! 2019-07-01 12:29   Euskerea berbagai

Peio Jorajuria da Seaskako buru Paxkal Indoren agurraren ondoren.

Igaz bezela, Frantziako Hezkuntza ministeritzeak ez dau onartu Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan, Kanboko Xalbador kolegioan, Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan 3.ean eskolatuak diran 188 ikasleek, eta Etxepare Lizeoko 3. Profesionalean diran 5 ikasleek Brebetako Zientzietako azterketea euskeraz egin deiezan. Brebeta osoki euskeraz izatea (frantses azterketea salbu) aspalditik lortu dan urratsa da eta hori 90. hamarkadan izan zan mobilizazino azkarrari esker, garai haretako 3.eko ikasleak BEPC diplomarik ez ebelako lortu, euskeraz idatzi zituen kopiak ez baitziran zuzenduak izan. Ordutik, azterketak euskeraz egin dira baina kolegioen erreformea dala eta, Zientzien azterketea gehitu zan 2017 bagilean lehen aldiz, eta azterketa hori frantsesez egin deien nahi dau Jean-Michel Blanquer ministroak.

Ikasgaiak ikasitako hizkuntzan aztertuak izan daitezan eskubide bat baita, 2017 eta 2018an debeku eta presinoen gainetik, 157 ikasleek euskeraz erantzun eben Zientzietako azterketea. 2017an euskaldunak diran zientzietako zuzentzaileek zuzendu zituen kopiak. Baina 2018an ez zan halakorik posible izan, Ministerioak aginduz zientzietako gure 179 ikasleen kopiak bahituak izan baitziran, ez eiezan zuzentzaile euskaldunek zuzendu. Azkenean zientzietako irakasle zuzentzaile frantsesek zuzendu zituen euskerazko kopiak, ezer ez ulertu barik, zuzenketea zifra eta grafikoetara mugatuz, azterketek merezidu dabena baino nota apalagoak emonik.

Aurten be, 193 ikasleek eta familiek azterketa horreek euskeraz egiteko helburua dabe, nahiz eta ez diran zuzenduak izango. Azpimarratzekoa da gaur egun Ipar Euskal Herrian diran 28 kolegio publiko eta pribatuetatik Zientziak edo biologia kursoak euskeraz emoten dirala kolegioen erdietan, beraz euskeraz edo frantsesez egiteko hautua izatea, geroz eta kolegio gehiagoren eskaria da. Hizkuntza politikan aurrera segidu behar dogu, ez atzeraka.

Datorren urtetik aurrera Baxoaren erreformea dala eta lehen aldiz Baxoan zientziak be euskeraz egin ahal izango dira eta, beraz, ez dau ezelako zentzurik Brebetako zientziak euskeraz ez egiteko. Horretarako, 3 kolegioek bat egin eta konzentrazinorako deia egin dabe biharko, Xalbador kolegioaren aurrean 11:15ean, 12:00tan Manex Erdozaintzi Etxart kolegioaren aurrean eta Piarres Larzabal kolegioaren aurrean 12:45ean.

Ez, Euskera ez da etxerako mugatua dan hizkuntza bat. Bai gaur egun onartua da irakaskuntzarako hizkuntzea dala eta hezkuntza ministeritzeak ez dau oraindino barruratu azterketarako erabili leiken hizkuntzea dala. Hezkuntza Kodeak baimentzen dauen neurrian, Ministroaren borondatea baino ez da falta.
Bestalde, azterketak eguaztenean Donibane Lohizuneko Ravel kolegioan zuzenduko dituela eta, Piarres Larzabaleko gurasoek goizeko 9:00etan konzentrazinoa egiteko deia zabaldu dabe, ikasleen kopiak babesteko.

 

Peio Jorajuria, Seaskako buru

Seaskako urteko biltzar nagusia Kanbon egin dabe oraintsu eta Paxkal Indoren ondorengoa nor izango dan jakin dogu: Peio Jorajuria. Abuztuan hartuko dau Paxkal Indoren lekukoa eta Hur Gorostiaga izango dau alboan.

Azken 11 urteotan Iparraldeko Ikastolen Alkarteko presidente izan danak adierazo dauenez, lana bera baino gehiago Seaskan urte horreek guztiak egitea ohorea izan dala azpimarratu dau Paxkal Indok. Garagarrilaren amaierara arte jarraituko dau Indok karguan.

Azken buruan, Seaska itxi ostean, garapen kontseiluko presidente lanetan ibiliko da aurrerantzean Paxkal Indo.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu