Programazino kulturalak Bilboko Azkuna Zentroko espazioak konektauko ditu

Bizkaie! 2019-07-01 11:56   Kulturea

Néstor Lizalde artisteak 'Akelarre Elektrikoa' instalazinoa jarriko dau garagarrilaren 4an.



Azkuna Zentroa
k hiruhileko honetan kultura garaikidearen bidez Zentro osoa konektauko dau ugerleku edota terraza espazioetan, programazio kultural zabala eta publiko ezbardinetarakoa sortuz. Garagarriletik irailera arte, artisten proposamenak espazio ezbardinetatik igaroko dira eta horreen idea eta sorkuntza prozesuak garatzen dituen espazioen ateak edegiko dira.

Hiruhileko proposamena hilaren 4an hasiko da: Néstor Lizalde artisteak Akelarre Elektrikoa instalazinoa jarriko dau Azkuna Zentroaren terrazan. Artista honen lanak baliabide barriak deitutakoen bidez artearen munduan azaldutako aukera barriak ikertzen ditu, eta holan barriketaldia sortzen dau esperimentazino teknologikoaren eta tradizino artistikoaren artean, eta alkarketa horretatik sortzen diran berbakerak ikertzen ditu. Pieza hau arte elektronikoko pieza bat da eta zentroko goiko arkitekturan agertzen da ordenagailuz kontrolautako argitze-sistema bat jarriz.

Akelarre Elektrikoa Azkuna Zentroko terrazan egongo da ikusgai egunero arratsaldeko 20:00retatik gaueko 23:00ak arte eta sartzea doban izango da.

Atarian be, Azkuna Zentroak eta Urbanbat, uri-barrikuntza bulegoak produzidutako Identitata, identidadeei buruzko proiektu kolektiboa zabalduko da garagarrilaren 4an.

Identidata instalazinoak hausnarketea egiten dau zenbait eragilek identidadeen eraikuntzan beteten daben zereginaz, etenbako globalizazinoko ingurunean. Bisitarien parte-hartzea joko plastiko baten modukoa izango da. Sorkuntza kolektiboko instalazino hau kultura-lankidetzako smARTplaces programa europarreko URart proiektuan sartuta dago. Sei herrialdetako zortzi museok eta sorkuntza-zentrok eratutako eta 2 ikerketa-bazkidek lagundutako sarea.

Garagarrilaren 18tik 27ra, Atariko argi-zuloan Pablo Esbert Lilienfeld eta Federico Vladimir Strate Pezdirc Azkuna Zentroko ugerlekurako sortutako Itsas hondoan, dragoi bat piezea ikusi ahal izango da. Ugerketa sinkronizatuko konposizino koreografiko hau jantezaren, kirolaren eta zientzia fikzinoaren arteko bide erdian kokatzen da. Piezak alderantziz jarten dau ikusleen ikusmen espaziala, ur azpian kokatzen dauelako, hain zuzen be.

Egunero, 21:30etik 22:00etara, ugertokiaren hondoa, halleko leihateen bidez, fikzinoa inskribiduta dauen pantaila baten antzekoa izango da: izaki fantastiko bat, transindibiduala, zatikatua eta likidoaren bidez konektautakoa, ugerlari biren subjektibotasunak eratua.

Hilebete honeetan, Fatxada Proiektuak Arrikibar plazako sarrerea eraldatuko dau ilustrazino, komiki eta diseinuaren inguruko hiru interbentzinogaz. Orain ikusgai dagoan Naiara Goikoetxea artista grafikoaren Tres Gracias erakusketearen ondoren, Leire Urbeltz artistearen Las Partes de la Malinche lanaren piezak ikusgai egongo dira garagarrilaren 15etik aurrera; ‘Borderland’ argitalpenetik ateratako erretratu hirukotxa dakar Urbeltzek.

Susana Blasco diseinatzaile grafiko, ilustratzaile eta collage egileak Arrikibar plazako fatxadan esku hartuko dau 2019ko irailaren 16tik zemendiaren 15era arte.

Interbentzino artistiko horreek zentroko programazinoaren barruan dagoz, baita Iván de la Nuez komisarioak gidatutako Inoiz ez erreala / Beti egiazkoa erakusketea be. Lan hau Erakusketa Aretoan ikusgai egongo da eta artearen aukera narratiboari buruz hausnarketea eragiten dau, artea genero literario legez eta literaturea erakusteko aukera modura hartzen daben 13 artistaren obraren bidez.

Irailean artista egoiliarren espazioak zabalduko ditue publikoak non eta zertan lan egiten daben ikusi daian. Topaketa honetan, sortzaileek egiten dagozan proiektuak bisitariei aurkezten jakez eta eurekaz proposamenon prozesu sortzaileak konpartiduten ditue.

Programazinoaren informazino guztia hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu