Virginia Diaz: 'Helburua Tokioko Olinpiadetarako sailkatzea da.'

Koldo Isusi Zuazo 2019-07-01 08:10   Barriketan

Basque Teameko arraunlaria.

Astilleron, orain 28 urte jaio baina azken aldion Getxon, Areetan bizi da. Beti ibili da kirola egiten, berbarako, uger egitea eta saskibaloia gustetan jakoz baina arraunean kasualidadez hasi zan. Getxoko Raspas Arraun Taldean dabil eta banku mobikorrean goi mailara heltzeko urteak daroaz lanean. Gazterik hasi zan eta kirol ibilbidean sariak be irabazi ditu: AEBetan egindako egonaldian unibersidadeetako txapelduna izan zan Floridako unibersideko 8+ modalidadean.

Virginia erizaina da eta orain EHUn dabil medikuntzako ikasketak egiten; hori gitxi ez eta goi mailako kirolagaz be buztartzen ditu ikasketok eta helburua 2020ko Tokioko Jokoetan lehiatzea da.

Oraintsu, Suitzan, Lucernan jokatutako Europako Txapelketan, urrea irabazi dau lemazainik bako biko ontzian, Aina Cidegaz batera. Ottensheimen abuztuaren 25etik irailaren 1era jokatuko daben Mundiala da euren hurrengo helburua. Tokio 2020rako sailkapen plazea lortzeko burrukan sartuko dira.

Bien bitartean, Getxoko kirolari onena izentau dabe Getxo Sasoian kirolaren galan.

Azken buruan, Basque Teamek Trofeo Aguas Vivas garaikurra irabazi eban COEn, urtean piraguismoan egindako komunikazino onenagaitik.


1.- Anna Boadak uko egin ostean, haren ontzikide Aina Cid kataluniarragaz zabiz eta polito ze Europako Txapelketan urrea irabazi eta abuztuaren azken egunotan jokatuko dan Mundialerako sailkatzea ez da bromea...

Bai, geu be harrituta gagoz baina oso pozik. Buztarketa barria da, orain arte bakarka ibili gara arraunean eta orain Ainaren ontzikide Anna Boadak uko egin ostean, biok batu gara eta oso gustora gabiz. Egokitzapen prozesua nahikoa erraz egin dogu, arraunean oso azkar topau gara eta pentsau baino azkarrago etorri da, egokitzapen prozesuan normala izaten dan denpora tartea baino lehenago ondo sentiduten gara eta emoitza onak badatoz. Ia holan segiduten dogun.


2.- Kirola beti gustau jatzu baina noiz emon zenduan pausua arraun mundura?

Gazterik hasi nintzan bai. Eskola kirola programeari esker, kirol askotan ibili naz, uger egiten, saskibaloian eta baina 14 bat urtegaz ikastetxerik ikastetxe ibilten diran ikuskatzaileetako batek esan eustan baegoala neska talde bat osotzeko amesa eta arraunerako banituala aukerea; hasi eta gustau egin jatan, banku mobikorrean hasi eta ikuskatzaile haren laguntzino eta babesagaz holan hasi nintzan.


3.- Arraunean bakarka ibili eta gero, zelan egokitu zara bikoteagaz?

Hasieran ez zan erraza izan ze bakarka urteak egin dodaz eta bigaz dana aldatzen da; edozelan be, txapelketatan eta taldean be egin dot arraunean eta nahikoa ondo moldatu naz. Oraingo bikoteari jagokonez, Cid estriborretik ibili bada be eta neu baborretik, neu hasi naz oraintsu estriborretik eta egokitzapen hori gatxa izan da niretzako. Kontua da ze kilometro asko daroaguzala eta egun oso gustora nabil, eroso.


4.- Aina Cid Kataluniarra izanda, entrenamenduak zelan egiten dozuez, bakarka?

Batera eta bestera gabiz. Ontzi barria zanez, nahitaezkoa izan da ahalik eta ordu gehienetan alkarregaz arraun egitea eta holan ibili gara. Cid Gironako Banyoles lakuko zentroan konzentrauta dagoanez, joan-etorri batzuk egin dodaz. Horrezaz gan, Galizian be batu gara konzentrazinoetan eta.


5.- Alkarregaz ondo moldatzeko, orekeari eta eusteko makinatxu bat saio egingo zenduezan...

Duda barik. Lemazain bako biko modalidadean dana da inportantea. Ontzi teknikoa da, alde bakotxean arraun bat daroagu eta bakotxak bestearen teknikea begitu, aztertu eta ekin behar deutsagu lanari. Laguna eta haren lana sentiduteko sensibilidade handia behar da, ordu asko emoten doguz entrenamenduetan eta buruak be agintzen dau, beraz, teknikea, indarra, orekeari eustea... Dana behar da biok alkarregaz arraun egiteko.


6.- Lemazain bako arraunean, bateren batek gidatu beharko dau ontzia?

Jakina. Lemearen ardurea Cidena da. Berak marketan dau ontziaren norabidea; ni aurrean joaten naz eta Cid atzean baina denporaldiaren ardialdean aldatu egin ginan, neu atzera eta Cid aurrera; Cidek segiduten dau hankeagaz gobernetan dauen lemeagaz. Esperientzia gehiago dauka lemeagaz eta horregaitik arduratzen da bera.


7.- Azaldu eiguzu entrenamenduetan zer egiten dozun, ariketak, serieak, pesak...

Aurredenporaldia edo denporaldi betea izan, badagoz aldaketak. Gaur, berbarako, 14 kilometro egingo doguz uretan, gero 50 minutu ergometroan eta arratsaldean, ordubeteko beste saio bat daukagu uretan. Beste batzuetan, ergometrorik ez eta uretan emoten dogu denpora gehiago eta ordubeteko saioan pesak be egiten doguz eta arratsaldean 80-90 minutu bizikletan. Serieak be egiten doguz, indarra neurtuz eta puntako abideari eutsiz.


8.- Aina Cidek brontzezko dominea irabazi eban igazko munduko txapelketan. Datorren urtean Tokyoko Jokoetarako sailkatu ezkero, zein izango da helburua?

Lehenengo urtea da Aina Cid eta neu alkarregaz gabizena eta helburua Tokiorako sailkatzea da. Europan ibili gara eta Munduko Txapelketea falta jaku, abuztuaren amaieran izango gara Ottensheimen-en eta ia zer egiten dogun. AEB, Kanada, Zelanda Barria zein Australia handiakaz lehiatuko gara eta hor ikusiko da nortzuk dagozan Tokiora joateko. Geu sailkatu ezkero, final olinpikoan egotea izango da helburua.


9.- Banku finkoan be ibili izan zara arraun egiten. Zer moduz?

Urteak egin dodaz banku finkoan arraunean. Kadete, gazte mailan eta hasieran, senior mailan be bai baina ezin dira buztartu finkoa eta mobikorra. Pozten naz ze badakit gero eta emakume gehiago dabilela traineruetan, goi mailan. Oraintsura arte buztartu izan dodaz baina orain lehia kirolean ezinezkoa da. Gura neuke finkoan dabizenak mobikorrean be ibiltea, asko disfrutauko dabelako.


10.- Bat Basque Team taldearen babesa dozu. Zertan gauzatzen da babes hori?

Bekak eskaintzen deuskuez gure eguneroko gastuetarako eta hortik gora, kanpoko konzentrazinoan nago orain baina etxean nagoanean, teknikari, nutrizionista zein mediku taldeak doguz eskura edozein beharrizanetarako.


11.- Kirolak erotzen gaitu lelopean, Basque Team Tokio 2020 kantua eta bideoklipa aurkeztu zenduezan oraintsu. Animoak emoteko eta Basque Teamen balioak gizarteratzeko kantua da, alkarlanean sortutakoa. Andoni Egaña bertsolariak idatzi ditu berbak, Mikel Unzurrinzagak (DJ Makala) eta Juan Carlos Vidaurretak egin dabe doinua, eta Lidia Insaustik jarri dau ahotsa... Zelan gogoratzen dozu esperientzia hori?

Ba, ez nintzan hemen egon. Aurten kanpoan denpora asko emoten dot Aina Cidegaz arraunean egiteko eta zoritxarrez ezin izan neban kantuaren esperientzia gozau. Entzun izan dot eta polita dala pentsetan dot.

 

12.- Rakel Mateo paratriatleteagaz, Begoña Lazkano, Eneko Lanos, Aitor Francesenagaz eta badozue hartu-emonik?

Gauza handirik ez; pentsaizu bakotxa oso lanpetuta dabilela bere arloa preparetan eta sano gatxa da batzea; ekitaldietan eta errazagoa da baina konzentrazinoak eta entrenamentuak ezin doguz baztertu.


13.- Sarreran adierazo legez, jazo dozuzan sari eta autortzen artean, Getxoko kirolari onena izentau zintuen Getxo Sasoian kirolaren galan. Zer sentidu zenduan?

Poza eta erantzukizuna. Oso polita izan zan eta, gainera, ezustean hartu neban saria. Kirolean irabazitakoakaitik eta sari bat hartzen ninoiala pentsau arren, autortza potoloagoa izan zan egin eustiena eta hunkitu egin nintzan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu