Marijesien dokumentalaren grabaketea martxan

Bizkaie! 2019-06-27 13:24   Kulturea

Ezustekorik ezean dokumentala eta proiektu osoa herrian erakutsiko da abenduaren 14an.

Marijesiak Gabonetako tradizinoa dira, abenduaren 16-24 bitarteko bederatziurrenean Gernikan beteten dana. Urteen joan-etorrian, Kulturaondar immaterial/ukutu ezin hau identidade ikur sakonaren eran garatu da. Modu horretan aditu behar da zelan eutsi jakon belaunaldiz belaunaldi gaur arte, eta, tradizinoak tradizino, Gernikako honek bere eboluzinoa eta garapena izan dau. Horregaitik guztiorrengaitik eta gure herriaren historia/kulturandaukan traszendentzia eta berezko originaltasunagaitik, balioa emon gura deutsagu.

Urteetan zehar sortutatako dokumentazinoa eta ikerketearen bidez orain arte agertutako materialak sakabanatuta dagoz euskarri desbardinetan: 1919an Pedro Garratzak argitaratu eban liburutxuak Marijesiak batu eta holan sakabanatutako koplak danon eskura jarri zituan: garrantzitsuena da liburutxu haren bidez gitxi gorabehera sasoi haretan kantetan ziran koplak zehatz ezagutu ahal izan doguzala; geroago 1951-55 urteetan Gaubeka inprenteakargitaratutakoak; etxe/baserrietan topautako hiru eskuizkribu argitaratu bakoak; R.M.Azkue, Sebero Altube eta Manuel Lekuona ikertzaile handiek Marijesien inguruko lan solteak; J.A.Arana Martijak argitaratu ebana, eta bere artxiboan argitaratu barik geratu zana eta 2008an bere ekimenez landutako kopla bilduma gaurkotua.

Audio erregistroetan, gaur-gaurko erregistroaren falta nabarmena dago. 2008aren aurretik egindako grabazino bi dagoz: bata historikoa, 1967koa, bestea 2001ean egindakoa baina oraingoaren isla emoten ez dabena. Tradizino honek Gernikan indartu eta bultzada barria hartu dau azken hamarkadetan (1970etik gaur arte): bilakaera honetan eta tradizinoari eutsikeran identidade-pisua gero eta handiagoa izan da. Eta horregaz batera Marijesien taldea ugaritu, finkatu, generoaren arabera normaldu, eta gizartearen moduan 2019an bizirik eta indarrean dago. Hasierako gizonezkoen taldea ez da gaur, apurka-apurka andrazkoen parte hartzea be nabaria izan da –horretan, ganera, andrazkoen parte hartze modelikoa-, gaur egun % 50etik gora igon dabena. Eta 2018an lehenengo andrazko bakarlariak beste balio bat –bardintasunarena- emon deutso tradizinoari.

Kontuak kontu, Marijesiak diran ondare immaterialari balioa emon gura deutsagu, berezko identidade ikurra eta emozino pisu eta guzti, teknologia barrien bidez iragana eta oraina batuta geroa jagoteko, hurrengo belaunaldiak balio hori eureganatu deien, beti be bardintasunaren aldeko jarduera modelikoa kontuan izanda.

Etnografiaren ikuspegitik proiektu multimedia egin gura da Marijesien ondarearen inguruan ikus-entzun-idatzizko materiala batu eta bereosotasunean iraunarazo eta erakusteko. Berez, Gabonen aurreko ohitura honek bizi-bizirik irauten dau. Proiektu honetarako erreferentziazko lehenengo elemetua Gernikako Marijesiena bera da, baina ahaztu barik Marijesiak- Abendua- Kebonikuak-Abendu Poza deituta Bizkaiko beste herri batzuetan egiten dala: bederatziurren osoan (Gernika, Ea eta Gautegiz Arteaga); egun bakar
batean (Mendata, Ariatza-Muxika, Busturia, Ibarrangelu, Lekeitio, Iurreta...). Horretarako Bizkaiko Marijesiak eta Abenduak izeneko ekitaldian  grabautakoa be erabiliko da, era horretan bere dibersidadean zabal dabilen ohiturea dala ikusteko.

Proiektu multimedia honen bidez entzutezko erregistro aktuala sortu nahi da, beti be teknologia barriak kontuan hartuta. Ganera, oraingo koplak argitaratu nahi dira, azalpen eta guzti. Ikusentzunezko materialaren eran, dokumental baten bidez batu nahi da Gernikako Marijesien iragana/oraina, etorkizuna jagoteko. Ganera web orria sortu behar da, bertan be materiala sartu eta gizartearen eskura eukiteko.

Idatziz be formatu bi garatu nahi dira: bata, zabalkunderako liburutxua (hiru  hizkuntzatan, grabazinoa eta dokumentalagaz batera banatutekoa); bestea, ikerketearen ondoko liburua (mardulagoa eta argitaratu bako dokumentazinoagaz). Bigarren hau, hurrengo urtean -2020an- argitaratuteko izango litzateke, eta beraz
eskaera honetatik kanpora geratzen da.


Helburu zehatzak eta jarduerak

Helburuak-jarduerak atalekoak batez be dokumentalagaz lotutakoak dira (izan be parterik garratzitsuena da), baina proiektu multimedia izanda, besteetarako be baliokoak dira.

2.1.-Marijesien bilakaerea batu ahoz aho transmitidutako ohiturearen ezagutza hoberako.

2.2.-Erakutsi gaur zelan egiten diran Marijesiak.

2.3.- Erakutsi andrazkoen parte hartzea, jatorriz gizonen ohiturea zan batean: 2018an lehen bakarlari andrea eta bilakaera modelikoa.

2.4.-Marijesiak gernikarron emozino eta identidade-ikurtzat hartuta integrazinorako elementua.

Proiektua amaitutakoan ondoko zabalkundea emongo jako:

Ezustekorik ezean dokumentala eta proiektu osoa herrian erakutsiko da abenduaren 14an.


Marijesien artean proiektu hau aurrera atarateko apropos sortutako taldea:

- Denis Azkarate Eizagirre: bakarlaria 40 urtetan eta alkarteburua.
- Iñaki Gonzalez Abadia: bakarlaria eta gidoilaria.
- Iñaki Uribarrena Ibarguengoitia: marijesia eta alkartearen idazkaria.
- Belen Bartolome Bidaguren: marijesia eta alkartearen diruzaina.
- Irantzu Landa Ibarguengoitia: marijesia eta alkartearen bokala.

Alde teknikoan: Filmak MEDIA - JOSERRA PRODUCCIONES SL. Oier Plaza Gartzia, zuzendaria eta gidoilaria; Eider Plaza Gartzia, produkzinoa; eta Joserra Plaza Zaldegi, produktore eragilea.


Koordinatzaile orokorra

Iñaki Gonzalez Abadia: Marijesien bakarlaria eta gidoi-egilekidea.


Aholkularitza orokorra

Amagoia Lopez de Larruzea Zarate, Marijesietan aditua. Euskal Filologia eta Filologia Hispanican lizentziatua. Musikako Goi Mailako ikasketak. 2008an J.A.Aranagaz batera koplen ganeko ikerketea egindakoa. Urteetan Marijesien laguntzailea eta aholkularia. Koplen analisi literario-zehatzak egin eta maila lokalean argitaratu dituana. Artxiboetan Marijesiegaz lotutako material  bilatzailea. Joseph de Lezamiz eta Marijesien inguruko ponentzia (2018/11/8: IV Congreso Internacional Presencia vasco-navarra XVI-XXI -Ciudad de
México).


Aholkularitza antropologikoa

Dani Rementeria Arruza, Antropologian doktorea. Marijesien ikuspegi antropologikoa ikertu eta argitaratu dituana. Eusko Ikaskuntza, Jeltilbaratz 15,1-227 Donostia 2013 Performantza eta erritua Gernikako Marijesietan.


Jarduerearen finantzaketea

Gernika-Lumoko Udala, BBK Fundazinoa, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Busturialdeko enpresak, eta beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu