2.500 ikasle inguruk parte hartu dabe Euskerazko Wikipedia hobetzeko prozesuan
2019-06-27 12:38 Euskerea berbagaiEuskerazko Wikipediak 30 miloe bisitari izan zituan igaz.
Eusko Jaurlaritzeak eta Euskal Wikilarien Kultura Alkarteak 2017an sinatu eben hitzarmenari esker, 2.500 ikasle inguruk ia 800 artikulu barri sortu eta Euskerazko Wikipedian eta beste 1.200 inguru hobetu ditue azken aldion. Alkarlan horri esker eta, oro har, Euskal Wikilarien Kultura Alkartearen sustapen lanari esker, bisitari kopurua be nabarmen igon da: igaz 30 miloe bisita izan zituen Euskerazko Wikipediak (2017an baino 5 miloe gehiago) eta aurten 100.000 bisitari baino gehiago izan ditu hainbat egunetan. Era berean, hitzarmena martxan jarri zanetik hezkuntza curriculumari lotutako ehunka artikulu sortu eta txukundu dira eta, laster, zerrenda horretako 1.000 artikulu kalidade maila handikoak izango dira.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak dinamika honen barri emon dau gaur goizean, Euskal Herriko Unibersidadearen Bizkaia Aretoan egindako prentsaurrean. Beragaz izan dira Euskal Wikilarien Alkarteko kideak, bai eta UPV/EHUko Euskerearen eta Etenbako Prestakuntzearen arloko errektoreorde Jon Zarate. Azaldu dabenez, alkarlan honen bidez orain urte bi sinatutako akordioaren helburuak beteten doaz: Ingurune digitala eremu estrategikoa da euskerearentzat, eta Euskerazko Wikipediaren inguruan bultzatzen gabizen alkarlana eredugarria da. Artikulu kopuruari eta horreen kalidadeari erreparauta, Euskerazko Wikipediak prestigioa irabazi eta oso posizino onean kokatu da. Eta horri esker milaka bisitari ditu egunero, egun batzuetan 100.000 baino gehiago. Hori zan lankidetza honen helburua: kalidadezko eduki digitalak euskeraz be eskaini ahal izatea, adierazo dau Zupiriak.
Eusko Jaurlaritzearen eta Euskal Wikilarien Kultura Alkartearen arteko lankidetzearen emoitzak hasieran adostu zana baino harago joan diran arren, alkarlanaren ardatza Kalidadezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat proiektua da. Ekimen honen jatorrian Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluen zerrendea eta antzeko nazinoarteko proiektuak dagoz. Helburu hori gauzatzeko ikasleentzat ezinbestekoak izan eitekezan 1.000 artikuluak osotzeko, lehen pausua ikasleen hezkuntza-curriculuma aztertzea izan zan: Hasieran 1.000 artikulu hobetzeko erronkea jarri arren, laster ikusi genduan zenbaki zehatz hori baino harago joango ginala. Arloz arlo artikulurik garrantzitsuenak zehazteari ekin geuntsan. 1.700 artikulu izan ziran lehen zerrenda batean eta orain darabilgun zerrendan 1.900 ditugu, adierazo dau Edurne Agirrek, Euskal Wikilarien Kultura Alkartekoak.
Akordioari esker, DBHko ikasleentzat interesgarriak izan daitekezan ehunka artikulu sortu dira (300 inguru) eta, horregaz batera, artikulu gehienak hobetu dira: Artikuluen kalidadea baloretako erispide ezbardinak dagoz. Neurriari erreparauta, ikasleentzako pentsautako artikuluak % 78 hazi dira: artikuluok 11.400.000 byteko pisua eben proiektua hasi genduanean, eta 20.266.000 byte orain. Bestalde, ORES sistemea erabili dogu artikuluen egiturazko kalidadea neurtzeko. Sistema hau ez da perfektua, baina eskaintzen deuskuz hainbat pista artikuluen kalidadea neurtzeko. Sistemeak maila ezbardinak eskaintzen ditu artikuluen kalidadea sailkatzeko eta argi ikusi dogu zelan kalidade maila aitagarria daben artikuluak nabarmen areagotu diran. C kategoria edo gehiagoko curriculumari lotutako artikuluak 954 dira momentu honetan, helburu lez jarri genduzan 1.000 artikuluetatik oso hur. Beraz, laster ikasleentzat interesgarriak diran 1.000 artikulu izango ditugu. Ehunka artikulu barri sortzeagaz batera, kalidadea be nabarmen hobetzen doa, nabarmendu dau Agirrek.
1.900 artikuluko zerrendea begituta, oraindino 216 artikulu dagoz sortu barik, horreetako asko literaturearen ingurukoak. Aldiz, Euskal Wikilarien Kultura Alkartetik azaldu dauenez, kultura zientifikoaren eta geologiaren inguruko artikuluak ugari eta kalidade handikoak dira: Badogu beste eremu bat artikulu nabarmenduetan modu esanguratsuan igon dana: kultura zientifikoan eta geologian dagozan planetei buruzko artikuluak. Gaur egun Eguzki-sistemako objektu nagusi guztiak, baita sistemeari buruzko artikuluak be nabarmenak dira. Inprimidu ezkero, inoiz euskeraz gai honi buruz idatzitako libururik mardulena izango litzateke, eta lorpen hori aldarrikatu egin behar dogu.
Artikuluak hobetzeko prozedura nagusiei jagokenez, hiru izan dira bide nagusiak. Garrantzitsuena unibersidadeakaz izandako lankidetzea izan da, baina antolatu diran lehiaketa arrakastatsuak eta Donostiako liburuzainen lankidetzea be nabarmendu behar dira. Hiru bide horreen bitartez hezkuntzako zerrendeari lotutako artikuluak zein bestelakoak ugaritu eta hobetu dira.
Euskal Herriko Unibersidadea izan da proiektu honen bidelagun nagusia, baina Deustuko Unibersidadeak, Mondragon Unibersidadeak eta Nafarroako Unibersidade Publikoak be parte hartu dabe proiektuan. EHUri jagokonez, 2017-2018 ikasturtean 42 ikasgaitan landu zan Euskerazko Wikipedia (18 Bizkaian, 14 Gipuzkoan eta 10 Araban), eta 2018-2019 ikasturtean, barriz, 60 ikasgaitan (27 Bizkaian, 19 Gipuzkoan eta 14 Araban).
Guztira, ikasturte horreietan UPV/EHUko 2.000 ikasle inguruk parte hartu dabe Euskerazko Wikipedia osotzeko proiektuan. Horreez gan, ganerako unibersidadeetako beste 200 ikasle inguruk eta batxilergoko beste 300 ikaslek be parte hartu dabe. Beraz, 2.500 ikasle ibili dira wikilari lanetan. Ikasle horree 2.410.000 berba gehitu deutsee euskerazko Wikipediari, gure entziklopediaren % 4,82. Ikasleek egindako artikuluek 434.000 ikustaldi izan ditue tarte honetan eta 2.000 artikulu inguru hobetu ditue. Artikulu horreetako batzuk Kalidadezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat proiektuaren zerrendakoak dira; beste batzuk, ostera, ikasleen esparruetako oinarrizko gaiak dira.
Orokorrean emoitza hobeak izan ditugu zientziatan eta injinerutzatan letretan baino. Badirudi interes handiagoa dagoala zientzialarien artean dibulgazinorako, eta hau interesgarria da kontzeptu gatxagoak izaten diralako; halan da be, historia eta geografia eremua ez da ia landu denpora honetan, azaldu dabe.
Txikipedia
2018ko udabarrian euskal wikilariek proiekturik barritzaileena sortu eben: Txikipedia. Abiapuntua lehendik egoan Vikidia zan, frantsesez sortutako umeentzako entziklopedia. Urte batzuetako lanaren ostean, euskerazko Vikidiak 700 artikulu zituan, gehienak laburrak ziran eta atariak arazo teknikoak zituan: Ikusgarritasunik barik, laguntza tekniko barik eta Wikipediaren erraztasunik barik, gatx egiten jakun jentea horra bideratzea. Horregaitik 2018ko apirilean Vikidian egoan guztia Txikipedia izeneko proiektura eroatea erabagi genduan.
Atari barri honen erantzuna ona izan da: urte baten buruan 1.900 artikulu gehitu ditu Txikipediak, eta lehendik zituanak be sakonagoak dira. Horrezaz gan, Txikipe proiektuaren kasuan be, euskal wikilariek lan egin dabe ikastetxeetako ikasleakaz eta irakasle-eskoletako ikasleakaz: Azken horreek kalidade handiko ekarpena egin dabe, batez be, matematiketan eta natur zientziatan.
Euskerazko Wikipediaren posizinoa
Orain 18 urte sortua, munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia. 302 hizkuntzatan argitaratzen da, 2003tik baita euskeraz be. Euskerazko Wikipediak 336.000 artikulu ditu gaur eta igaz 30.000.000 bisita izan zituan. Artikulu kopuruaren arabera, Euskerazko Wikipedia 29 postuan dago, malaysierea, turkierea eta armenierearen aurretik (orain urte bi 31. postuan egoan). Era berean, artikulu garrantzitsuenen sakoneran lehenengo 50 Wikipedien artean be badago. Euskerazko Wikipedia erreferentzia bilakatu da munduko hainbat hizkuntza ez-hegemonikorentzat, eta aurtengo udabarrian mundu osoko wikilariak Donostian antolatutako ‘Wikimedia + Hezkuntza’ nazinoarteko konferentzian izan dira.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hitzarmen bat sinatu eban 2017an Euskal Wikilarien Kultura Alkarteagaz, euskerazko Wikipedian kalidadezko artikuluak sustatzeko asmoz. Akordio horren arabera, Eusko Jaurlaritzeak 200.000 euro inbertiduko zituan, urtero, hiru urteko proiektuan (guztira, 600.000 euro 2017, 2018 eta 2019an). Akordio horren emoitzak oso nabarmenak izan dira 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturtetan zehar, gaurko prentsaurrekoan azaldu dabenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!