Bertso eskola feminista bi datorren ikasturtean

Bizkaie! 2019-06-27 09:19   Bertsolaritzea

Urteroko Ahalduntze bertso eskoleari gizonezkoena gehituko jako.

Ahalduntze bertso eskolearen saio bat (argazkia: XDZ) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak azken urtean egindako Gogoeta Estrategikoan azaleratu da pedagogia feminista lantzen segitzeko beharra. Bertsolari gazteen artean gai hori jorratzeko zein oholtzarako tresna gehigarriak emoteko, Ahalduntze bertso eskolea sortu eban Alkarteak 2015ean, baina feminismoaren balioak bertsolaritzan zabaltzeko asmoa ez da horretan geratuko: datorren ikasturtean beste ikastaro bat be egongo da, kasu honetan gizonezkoentzat.

Hainbat gizonezko bertsolarik aitatu izan dabe feminismoa lantzeko espazioren baten beharra. Gizonezkoen bertso eskolan parte hartzen dabenei, beraz, feminismoari buruzko oinarri teorikoa eskainiko deutsie Arkaitz Goikoetxeak eta Iker Iriartek. Talde dinamikak, adituen ekarpenak eta arituen esperientziak ezagutuko ditue saiorik saio, gogoetarako espazio baten. Bertsotan be egingo dabe, jakina.

Hilero saio bat izango dau gizonen bertso eskoleak, zapatuetan beti, Amasa-Villabonako Subijana etxean. Irailaren 9tik 20ra emon ahal izango da izena.

Bestetik, Ahalduntze bertso eskoleak bosgarren ikasturteari ekingo deutso uda ostean. Kasu honetan be, izena emoteko epea irailaren 9tik 20ra artekoa izango da. Gai-jartzaileak Maite Berriozabal eta Ainhoa Aranburu izango dira.

Emakume bertsolariei plazara salto egiteko ziurtasuna eta erremintak emoteko asmoz sortu zan, 2015-16 ikasturtean, Ahalduntze eskolea. Artansoron eta Azkizun egindako topaketetan sortutako gogoetak izan ziran ekimenaren hazia. Orain arte, 26 bertsolarik hartu dabe parte.

Sorreratik, bertso eskola honek hiru oinarri izan ditu: aniztasuna –edade, maila, izaera, zein feminismoko ikuspegien aldetik; konpromisoa -bertso eskolan parte hartzeko eskatzen dan baldintza bakarra da ikasturtean saioetara joan eta bat-batean jardutea; eta esperimentazinoa -ikasteko gune bat da, eten barik aldatzen eta mobimenduan-. Gizonen bertso eskola barrian be horreek hiru oinarriak ezarriko ditue. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu