Euskarabenturako 121 gazteak prest dagoz

Bizkaie! 2019-06-27 08:08   Euskerea berbagai

Garagarrilaren 1ean ekingo deutsie Euskal Herrian zeharreko ibilaldiari.

Maulen hasiko da Euskarabentura espedizinoaren bigarren edizinoa astelehenean, garagarrilak 1. Zazpi herrialdeetatik doan 783 kilometroko bidea dabe aurretik, hilaren 31n Getxora heldu arte. Hori guztia, adiskidetasuna, kulturea eta euskerea ardatz dirala. 121 jzioquitar dira parte-hartzaileak, Euskal Herriko lurralde guztietako eta diasporako gazteak. Eurakaz joango dira hainbat xerpa edo hezitzaile.

Igazko edizinoan 110 gazte ibili ziran Euskarabenturan, aurten 121 izango dira, danak 16 eta 17 urtekoak. Pilo bat eskari jaso ditue antolatzaileek, eta guztien artean aukeratu behar izan ditue parte-hartzaileak, erespide jakin batzuen bidez: lurraldeen eta generoen arteko orekea, hautagai bakotxak bialdutako aurkezpena...

Zuberoako uriburu Mauletik Bizkaiko kostaldeko Getxora, 783 kilometroko bidea egingo dabe, baina ez da bide zuzena izango. Euskal Herriko lurralde guztietako parajeak, ondarea eta historia ezagutuko ditue etaparik etapa. Done Jakue Bideari segitzea izan da ibilbidea antolatzeko erespide nagusia. Goizean leku batetik bestera ibiliko dira, eta arratsaldeetan hainbat ekintza izango ditue.

Gazteek hilabete abentura baten barruan pasetea da asmoa. Hori guztia euskeraz egingo dabe, hizkuntzearen erabilerea bultzatzea dalako Euskarabenturaren ardatz nagusia. Edade horretan askok ixten deutsie ingurukoakaz euskeraz berba egiteari, eta antolatzaileek jokera horri bueltea emon nahi deutsie.

Kontuak kontu, dana prest dago egun gitxi barru espedizinoari ekiteko. Aurten, senide, lagun zein interesdunek aplikazino baten bidez segidu ahal izango ditue espedizinoaren nondik norakoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu