'Bihotz ahots', omenaldia Lourdes Oñederrari
2019-06-26 13:15 KultureaOndo merezidutako omenaldia Lourdes Oñederra irakasleari.
Irantzu Epelde Zendoiak eta Oroitz Jauregi Nazabalek hartu eben proiektuaren lemea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibersidadeko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu dauen omenaldi liburu bihurtutako proiektua, Letren Fakultadeko Areto Nagusian egindako ekitaldian omenduari aurkeztu eta bere eskuetan jarri zana.
Bihotz ahots liburura 30 idazlan batu dira, Lourdes Oñederra irakaslearen erretiroagaitik osotu dan lan kolektibo honetan parte hartu nahi izan daben lankide akademikoek idatzita. Aurkezpenean, Oroitz Jauregik liburua eta omendua izan zituan berbagai: Irakasle izan zarelako, liburuan parte hartzen daben guztien, edo ia guztien, irakasle, irakasle letra larriz ulertuta. Erakustea gustau jatzu, ikasleakaz buruz buruko hartu-emonak eta ikasleakaz alkartrukea izatea. Zure klaseetatik pasau garenok bizi izan dogu sensazino hori, gitxiago edo gehiago, holan bizi izan dogu.
Mahai burutzan ibili ziran guztiek, Iván Igartua Arabako campuseko errektoreordeak, Ricardo Gómez saileko lankideak, Miren Azkaratek, Maite Echeniquek eta Bernhard Hurch-ek laudatu zituen omenduaren ibilbide distiratsua eta esku hartu daueneko arlo ezbardinetan egindako lana, bai irakasle zein idazle.
Lourdes Oñederra
Fonologiako katedraduna Euskal Herriko Unibersidadean eta Euskaltzaindiako kide oso, Lourdes Oñederra Deustuko unibersidadean lizentziau zan Filologia Hispanikoan, hizkuntzalaritza master bat egin eban Iowako unibersidadean eta doktore izentau eben UPV/EHUn Euskal Filologian, Koldo Mitxelena zuzendari ebala.
Haren erakaskuntzan eta ikerkuntzan fonologia teorikoa eta euskerearen fonologia izan dira aztergai eta langai eta eskolak emon ditu San Carloseko unibersidadean (Guatemala), Karl Franzens Universität (Graz, Austria) eta Chicagoko unibersidadean (AEB). Argitalpenen artean nabarmentzekoak dira Euskal fonologia. Palatizazioa, asimilizazioa eta hots sinbolismoa (1990) eta Fonetika Fonologia hitzez hitz (2004).
Lankide jardun da egunkari eta aldizkarietan eta zenbait ipuin argitaratu ditu euskeraz (Anderson anderearen gutizia gaztelaniaz, ingelesez eta errusieraz argitaratu da). Horrezaz gan, Eta emakumeari sugeak esan zion eleberriak, gaztelaniaz, ingelesez, errusieraz eta italieraz itzuli danak, 2000ko Literaturako Euskadi saria, 2000ko Zilarrezko Euskadi saria, 1999ko Kritika saria eta 1999ko Beterriko liburuaren saria jaso zituan. 2013an, Intemperies (babes bila) bigarren eleberria kaleratu eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!