Euskaldunen hizkuntza eskubideak erakunde guztietan urratzen dirala dino Behatokiak

Dabi Piedra 2019-06-26 13:22   Euskerea berbagai

2018ko txostena aurkeztu dabe Bilbon.

Paul Bilbao eta GarbiƱe Petriati, txostenaren aurkezpenean, Bilbon | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurtengoa Hizkuntza Eskubideen Behatokiak atera dauen 18. txostena izan da, baina urterik urte ondorioak ez dira larregi aldatu. Administrazino publikoaren eremu eta maila guztietan galarazpenak agertu dira euskerea erabilteko, azaldu dau Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak. Erakunde publikoak albo batera itxita, konsumoan eta lan-harremanetan be urraketa ugari egon dira 2018an.

Bilbon publiko egindako txostenean, 2018an herritarrek egindako salaketak jaso eta aztertu dira. Euskaldunen batek hizkuntza eskubidea ukatu jakola sentiduten badau, Behatokiari eskatu leikio laguntzinoa, konponbideren bat bilatzeko. Ondoren, txostenean jasoten dira salaketa guztiak, gaika sailkatuta, eta aurreko urteko datuakaz konparauta. Herritarren bizipenetan oinarrituta, hizkuntza eskubideen argazkia da, azaldu dau Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. 

Igaz, 847 lagunen oharrak jaso zituan Behatokiak. Gehienak, euskerea ezin erabilteagaitik ipinitako kexak dira, baina badagoz 11 konsulta, 58 zoriontze eta 9 iradokizun be. Administrazino publikoko maila guztiei eragiten deutsie salaketek, estaduetatrik hasi eta udaletaraino. Eremuka, sektore pribaduan, merkataritza eta ostalaritza gune handietan egon da kexarik gehien, eta astialdiko jarduerak datoz gero.

Justizian, osasungintzan eta segurtasun indarrakaz eukitako hartu-emonetan hizkuntza eskubideak sarri urratzen dirala dino txostenak, aurreko urteetan legez. Petriatik nabarmendu dau, 2018an hezkuntza arloan be gora egin ebala kopuruak. Hor, Frantziako Gobernuak euskerazko ikastoletako irakasleen plaza gehiago sortzeari ipini deutsazan trabak izan leitekez arrazoia.

Halandabe, euskerea ofiziala dan lurraldeetan be, erakundeek ez dabe euskerea kontuan hartzen kasu askotan. Legeak euskerea babesten dauela, baina, praktikan, ez dala errespetetan salatu dau Petriatik. Lehiatila baten euskerazko arretea jasotea edo tramiteak euskera hutsean egitea batzuetan ezinezkoa dala dino. Orain, administrazino telematikoaren bidez gero eta tramite gehiago egiten dira, eta hor be trabak egon leitekez.

Behatokiak azkenaldian topau dauen beste arazo bat atzerriko hizkuntzena da. Berez, kartelak, menuak, oharrak eta abar ingelesez edo alemanez egotea ez da arazoa, baldin eta euskerea be agertzen bada. Baina turismoaren loraldiagaz, Donostia, Bilbo eta beste leku batzuetan gero eta ohikoagoa bihurtu da atzerriko hizkuntzeari lehentasuna emotea, euskerea ahaztuta, horrek turistak erakarriko ditualakoan.

Azken baten, euskeraz bizi nahi dauenak ahalegina egin behar dauela dino Behatokiko zuzendariak. Horrek alde ona be badauka, jakina, euskaldun horreen bultzadeak dakarzalako hobekuntzak. 2018ko txostenak jasoten ditu halako kasu batzuk: txarto edo erdera hutsean idatzitako kartelak, oharrak... euskera egokian ipini ditue kasu askotan, salaketei kasu eginda.

Herritarrakandik hurren dagoan erakundea izanik, Behatokiak udaletan jarri dau arretea oraingoan. Herritarrek joten daben lehenengo atea da herriko etxearena, zehaztu dau Petriatik. Hartara, eskaria zabaldu dabe, udal guztiek euskerea kontuan hartu deien eta hizkuntza eskubideak zorrotz bete deiezen. Dituen eskumenetan oinarrituta, gauza asko egin leikiez, eta beste erakundeentzako bide-erakusle bihurtu.

Ganera, udaleko sail guztiak inpliketea oinarrizkotzat jo dau Petriatik. Zerbitzu hizkuntza izatetik, lan hizkuntza izatera pasau behar da euskerea udaletan; hau da, euskerea ez daitela izan teknikari eta itzultzaileen auzia, danena baino. Esaterako, urigintza sailak hartu deiala euskerea kontuan bere jardunean. Hain zuzen be, udagoienean udaletan erabilteko protokoloa aurkeztuko dauela aurreratu dau Kontseiluak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu