Nazinoarteko biltzar bi garagarrilean

Bizkaie! 2019-06-26 09:06   Euskerea berbagai

Hiztegi etimologikoa eta gramatikea aztertuko ditu Euskaltzaindiak.

Mendeurreneko beste jardunaldi bateko irudia (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Mendeurrenaren harira Euskaltzaindia antolatzen dabilen nazinoarteko biltzarretatik, beste bi egongo dira garagarrilean, 4an eta 11n hain zuzen. Bilbon egingo da lehenengoa, Plaza Barriko egoitzan, Akademiak laster plazaratuko dauen Hiztegi Etimologikoaren kontura.

Labur esanda, berben jatorria azaltzea da etimologiaren zeregina: beste hizkuntza bateko maileguak diran, berba barriak diran, erro zaharren batetik datozan, ze bilakaera izan daben... antxinako euskerearen lekukotasun gitxi dagozanez, misterio asko eta ziurtasun gitxi dituan jakintzea da euskerearen kasuan. Hutsune hori beteko asmoz ibili dira Joseba Lakarra eta bere lantaldea Hiztegi Etimologikoa atontzen.

Biltzarrean, hain zuzen be, azterlan etimologiko zabalagoak dituen beste hizkuntza batzuetako kasuak ezagutu ahal izango dira. José Antonio Pascualek espainolaren kasua azalduko dau, eta Reina Bastardasek, katalanarena. Ganera, Joseba Lakarra, Iñaki Segurola, Julen Manterola, Blanca Urgell, Joakin Gorrotxategi eta abarrek hartuko dabe parte. Egitarau osoa eta ordutegiak, hemen.

Garagarrilaren 11ko jardunaldia, ostera, Donostian izango da, Luis Villasante ikergunean. Gramatikak XXI. mendean izenburupean, euskerearen eta beste hizkuntza batzuen gramatikak aztertzearen erronkak jorratuko ditue hainbat adituk, esate baterako, Pello Salaburuk, Céline Mounolek, Juan Garziak, Iñaki Amondarainek eta Jesús Mari Makazagak.

Ganera, Gramatika Batzordeak egin dauen Euskararen Gramatika-ren testua aurkeztuko dabe, eta era horretako tresnek gaur egungo gizartean egiten daben ekarpena azaldu, irakaskuntzan, administrazinoan zein itzulpengintzan. Egitaraua eta ordutegiak, hemen.

Jardunaldiotan parte hartzeko, aurretik izena emon behar da. Bilbokoan, epea garagarrilaren 2an amaituko da; Donostiakoan, 8an. Horretarako, info@euskaltzaindia.eus helbidera idatzi behar da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu