Bilboko Arte Eder Museoak eta Koral Alkarteak bat egin dabe
2019-06-25 08:03 KultureaErakunde biak dagoeneko mende batetik gorako historia daben uribilduko kultur erreferente dira.
Bilboko Arte Eder Museoak eta Bilboko Koral Alkarteak akordioa sinatu dabe, erakunde bien arteko kultur lankidetzea estutzeko. Aitatuerakunde biak dagoeneko mende batetik gorako historia daben uribilduko kultur erreferente dira. Koral Alkartea XIX. mendearen amaieran sortu zan (1886an), musikea ezagutzea eta zabalkundea sustatzeko asmoz, eta arreta berezia emon eutson kantu koralari. Bestetik, museoa XX. mendearen lehenengo hamarkadan sortu zan (1908), antxinako artearen, arte modernoaren eta arte garaikidearen bildumea jaso, gorde, ikertu, erakutsi, aberastu, zerbitzuei eutsi eta kalidadezko jarduerak sustatzeko, gizartea eduketako asmoz eta Euskal Autonomia Erkidegoko balio kulturalak zabaltzeko asmoz.
Artearen ahotsak. Bilboko Korala Arte Eder Museoan izenburupean, hitzarmen honi esker, programa bat atondu dabe, eta, horren barruan, koraleko hiru abesbatzetako edozeinek —umeenak, gazteenak edo helduenak— emonaldi bi egingo ditu urtean, museoan bertan. Gainera, museoaren hezkuntza-programearen parte izango dan tailer didaktiko bat antolatuko dau Koralak.
Azkenik, Koraleko bazkideek eta museoko lagunek hainbat korporazino-onura jasoko ditue: Koraleko bazkideen deskontu bera izango dabe museoko lagunek, kontzertuetara joateko sarrerak erosteko eta udan antolatzen diran umeentzako udalekuetan izena emoteko orduan. Bestetik, Koraleko bazkideek tarifa murriztua pagau ahal izango dabe, museoa bisitetako.
Lankidetza hitzarmen bat orain eta lehen aldiz sinatzeak erakunde biek euren pedagogia-lanagaz daben konpromisoa indartu eta, aldi berean, museoko testuinguru artistikoan musikea zabaltzeko esparru berezia sortu dau.
Kontuak kontu, José Luis Ormazabalek zuzendutako Koraleko umeen abesbatzak kantaldia eskaini dau. Errepertorioa: Goizian argi hastian (A. Lebordes, moldaketa: J.L. Ormazabal); Ixil ixilik dago (F. Escudero); eta Negrito trasnochador (E. Serrano, moldaketa: V. Tabbush).
Bertan izan dira: Iñigo Alberdi, Bilboko Koral Alkarteko gerentea; eta Miguel Zugaza, Bilboko Arte Eder Museoko zuzendaria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!