'Eskola sortzailea, bihar-etziko eskolea' udako ikastaroa, bagilaren 27an eta 28an, Bilbon

Bizkaie! 2019-06-24 07:55   Kulturea

Astindu burua!, eskola-hezkuntzearen arloan, sormenean eta irudimenean oinarritutako azken jokerak ezagutarazoteko.

Guggenheim Bilbao Museoak eta UPV/EHUk La escuela creativa, la escuela del futuro izeneko udako ikastaroa eskainiko dabe datorren bagilaren 27 eta 28an Bizkaia Aretoan eta Guggenheim Bilbao Museoan. Ikastaroaren zuzendariak Marta Arzak eta Marta Prado dira, Guggenheim Bilbao Museoko Hezkuntza arloko Zuzendariordea eta Teknikaria, hurranez hurran. Ikastaroa gaztelaniaz izango da.

- Bagilaren 27an, Kieran Egan filosofo eta Heziketa Irudimentsua izenkoaren sortzaileak edadean aurrera egin ahala gure irudimena zelan aldatzen dan eta hezkuntza aldaketa horreetara zelan egokitu daitekeen azalduko deusku, eta ikasketa sakonerako asmau dauen praktika barritzailea deskribiduko deusku. David Buenok, Bartzelonako Unibersidadeko genetika irakasleak, neurozientziak hezkuntza-arloari egindako ekarpenaz egingo dau berba da, baita sorkuntza artistikoak burmuinaren malgutasuna areagotzeko dauen potentzialaz be. Mabi Revuelta artisteak alfabetoak eta eskola-liburuak lako oinarrizko hezkuntza-formatuen esplorazinoan oinarrituta sortutako zenbait artelan erakutsiko ditu. Clara Megías hezkuntza-aholkulari eta Pedagogías Invisibles kolektiboko kideak hezkuntzeak bereganatu beharko leukezan artearen berezko lau elementu azpimarratuko ditu: pentsamendu dibergentea, plazerra edo esperientzia estetikoa, pedagogia ezagutza-sortzaile moduan laudatzea eta proiektukako talde-lana. Azkenik, Marta Arzakek eta Marta Pradok Artea ikasbide hezkuntza-programea izango dabe berbagai.

Programearen helburua ikasleei eskola-kurrikulumeko ikasgaiak olgetearen eta baliabide artistikoen bidez barruratzen laguntzea da.

 

- Bagilaren 28an, Jorge Raedó artista eta irakasleak herrialde ezbardinetan ume eta gazteakaz egindako arkitektura eta antzerki-proiektuetako batzuen barri emongo dau. Maider Lópezek be zenbait hezkuntza-proiektu aurkeztuko ditu, ohiturak eta hartu-emonak aldatzen dituen estrategien bidez espazio urbanoa eta paisaje naturala eraldatzea eta, holan, espazio eta egoera barriak sortzea helburu izan dabenak. Alex Schady artista eta Londreseko Central Saint Martins College-eko programazino-zuzendariak arte-zentroetan zein ikastetxeetan gauzatutako praktika artistiko kolaboratiboetan dauen eskarmentua azalduko dau. José Ramón Navarro Pareja irakasle eta hezkuntza-aholkulariak Sevillako ikastetxe batean koordinetan dauen proiektua izango dau berbagai; metodologia aktiboak, teknologia lan-tresna moduan erabiltea eta espazioak eraldatzea (moldakorragoak eta ikasleentzako gertukoagoak izan daitezan), horrexek proiektu horren ardatzak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu