Lekeitio Elkanoren Mundumiran, garagarrilaren 2tik 8ra

Bizkaie! 2019-06-24 12:01   Kulturea

Proiektu honetan ez dogu omenaldirik egin gura, memoria astindu baino ez. Gure memoria ezagutu.

Atabaka Kultur Alkateak Lekeitioko ondarea dau helburu. 2011n sortu zan kultur eragile hau eta aurtengo udearen hasieran beste egitasmo bat plazaratuko dau: Lekeitio Elkanoren Mundubiran. Proiektua garagarrilaren 2tik 8ra izango da Lekeitioko hainbat lekutan (Barandiaran aretoan, Mendieta Ontziolan, Ikusgarri aretoan eta San Juan Talako txiringitoan). Magallanes-Elkanoren lehen mundu biran Lekeitiok izan eban parte hartzea plazaratzea dau helburu. Proiektu honetan ez dogu omenaldirik egin gura. Memoria astindu baino ez. Gure memoria ezagutu, hain zuzen.

Lehen Mundu Biran parte hartu eben bost naoetatik bat lekeitiarra zan. Santa Katalina Sienakoa Trinidad bihurtu zan Magallanesen agindupean. Bertan marinel lekeitiar bat joian: Domingo Barruti. Ez eban munduari itzuli osoa bete, Borneon abandonau ebelako.

Horrezaz gan, espedizinoaren antolatzaile nagusia lekeitiar bat izan zan: Nikolas Arteita, merkatari handia, baita Kastillako Erreinuaren Carlos I. erregearen hornitzaile nagusia be. Hiru protagonista horreek oinarri harturik hainbat ekitaldi antolatu ditue garagarrilaren lehen astean.

Orain dala 500 urte, 1519. urtean, Lekeitiok parte hartu eban munduaren ikuskerea aldatuko eban espedizinoan. Espedizino honetako kontraesanak nabarmenak dira; alde batetik, Espainiako kolonialismoa eta inperialismoa zabaldu zituan eta, beste aldetik, espedizinoak historia sasoi barriaren humanismoa (gizakia erdigune) indartu eban.

Atabaka Kultur Alkarteak XVI. mendeko itsas memorian, eta batez be euskal ontzioletan, jarri nahi dau indarra. Orain dala 500 urte gure kostaldean munduko itsasontzirik onenak eregiten zituen, gure itsas teknologia munduko aurreratuenetakoa baitzan.

Lekeitioko Mendieta Ontziolea dogu, gure itsas memoria babestua, orain dala bost mende izan ziran ontziolen itzal luzearen azken lekukotasuna. Hona hemen antolatu ditugun ekitaldiak:

- Erakusketea. Lekeitio Elkanoren Mundubiran, garagarrilaren 2tik 7ra, Barandiaran aretoan, 19:00etatik 22:00etara. Erakusketeak Elkanoren lehen mundu biran Lekeitiok izan eban parte hartzea ikusarazotea dau helburu. Nikolas Arteita hornitzailea, Santa Katalina Sienakoa-La Trinidad itsasontzia eta Pedro Barruti marinela ditugu erakusketan protagonista, hirurak lekeitiarrak ziran eta munduaren ikuskerea aldatuko eban espedizinoan parte hartu eben.

Zabaltze ekitaldia garagarrilaren 2an izango da, 19:30ean eta bisitaldi gidatua be egongo da.


- Mintegia. XVI. mendeko Euskal Herria itsastarra. Euskal kostaldeko ontziolak, munduko onenetakoak, garagarrilaren 3an, Barandiaran aretoan, 19:00etan. Aitor Leniz historiagile lekeitiarrak XV. eta XVI. mendeetako euskal ontzigintzaren loraldia izango dau berbagai. Lourdes Odriozola historiagileak, barriz, euskal kostaldeko itsas testuingurua XVI. mendean. Garai haretako euskal ontziolen teknologia munduko onenetakoen artean kokatzen zan.


- Kale-ekitaldia Nikolas Arteita bueltan, Aitor Abaroa. Garagarrilaren 5ean.

12:00etan, udaletxeko eskaileretatik parte-hartzaileen kalejirea hasiko da.

12:30ean, Mendieta Ontziolearen aurrean (Isuntza hondartzearen amaieran) Nikolas Arteitak 500 urtetako akorduak ekarriko ditu gogora.

Nikolas Arteita Magallanes-Elkanoren espedizinoaren hornitzailea izan zan Espainiako erregearen aginduz, orain dala 500 urte. Gaur Cadizen lurperatuta dago. Guk esnatu dugu eta Lekeitiora itzuliko da. Cadizetik Lekeitiorako bidaian idatzitako bost mendeko oroitzapenak kontauko deuskuz.

- Antzerkia: Mundumira. Elkano, Primus antzezlana + Musikea. Loraldia Produkzinoak. Garagarrilaren 5ean, Ikusgarri aretoan, 20:30ean.

Iraupena: 70 minutu. Sartzea: 10 €
Aktoreak: Aitor Borobia, Xabier Ortuzar eta Amaia Lauzirika.
Gidoia: Patxo Telleria.
Zuzendaria: Elena Bezanilla.

Elkano hiltzorian dago Ozeano Barearen bihotzean. Ames sukarretan ekarriko ditu gogora Lehen Mundu Birearen akorduak. Bidaia haertan parte hartu eban Juan de Zubilleta itsasmutila alboan dago. Ezinezko abentura haren tirabirak, gosea, deskubrimenduak, sarraskiak eta bestelako pasadizoak izango ditue berbagai. XVI. mendean euskaldunok izan genduan protagonismoa nabarmenduko dabe. Ilargira heltzea bezain harrigarria izandako bidaia konpartiduko dabe.


- Zinemea. Elkano Lehen Mundu Birea, animazino filma. Dibulitoon Studio. Garagarrilaren 6an, 7an eta 8an, Ikusgarri aretoan. 17:30ean. Sartzea: 4 € 

Inoiz kontau ez dan abenturarik ederrena dakar animazino film honek. Lehen Mundu Birearen kronikea da modu atsegin eta ikusgarriren bidez. Magallanesek emon eutson hasierea espedizinoari, baina kapitaina hil eben bidaiaren erdian eta Elkanok emon eutson amaierea, itsasbide barri bat zabalduz.


- Amaiera Jaia. OLD FASHIONED SWING COMPANY, garagarrilaren 7an. San Juan Talako Txiringitoan, 20:30ean. Swing musikea eta jantzak buztartzen ditua kontzertua, San Juan Talako Txiringitoan, Atabaka Kultur Alkarteak zabaldu dauen udako espazioa, alkartearen proiektuak laguntzeko asmoagaz.


Antolatzaileak

Lekeitioko ondarea helburu dauen Atabaka Kultur Alkartea. Alkarlanean: Lekeitioko Zinemazaleen Alkartea. Laguntzaileak: Lekeitioko Udala eta DanoBat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu