Miguel Madariaga: 'Asmoa da ahal dan maila altuenera eroatea emakumeak'

Koldo Isusi Zuazo 2019-06-24 08:10   Barriketan

Emakume txirrindulari taldeko zuzendaria.

Miguel Madariaga Barinaga (Lemoiz, 1944) Euskadiko Txirrindularitza Fundazinoaren sortzaile eta presidentea izandakoa. 1994 eta 2009 artean Euskaltel-Euskadi taldearen manager lanetan be ibili zan Piensos Goimar, Olsa eta Beyena taldeak sortu ondoren.

Txirrindularitzea zanetan daroan lemoiztarrak Euskadiko Txirrindularitza Fundazinoa sortu eta Euskadi talde profesionala eroan eban kaminoetara. 1997an, Euskaltel enpresearen babesa lortu eta talde profesionalak Euskaltel-Euskadi izena hartu eban.

Miguel Madariaga ardatz hartuta, Ametsak errealitate bihurtuz liburua idatzi eban Yon Suinagak Euskadi Fundazinoaren 25. urteurrenaren eta Gela Pedagokikoaren 20. urteurrenaren harian.

Orain, barriz, 15-16 bat urteko neskakaz, kadete eta gazte mailakoakaz taldea osotu eta urrian kaminoetan egurre emotea da Miguelen asmoa.


1.- Jubiletako gogo barik, neska taldea osotu eta txirrindularitzako modalidade danatan parte hartzeko amesa dozu, kaminoan, pistan, ziklokrosean zein mendian. Zelan okurridu jatzu hau guztia?

Hau nire pasinoa da. Zanetan daroat txirrindularitzea eta emakume txirrindulariak trebatzea da orain nire amesa. Dakizunez, desagertzeko arriskuan egon da emakumeen taldea eta laguntzino eske etorri jatazanean, didakoa izan zan baiezkoa. Denporatxua daroagu beharrean eta oso gustora.


2.- Iñaki Zarate eta Joseba Gorostiza izango dozuz alboan proiektu honetan baina taldean badira gehiago, berbarako, Marimar Sainz eta Ibai Lejarraga, medikuak, nutrizionistak...

Bai, jente piloa gabiz beharrean. Esan dozuzan danak Gela Pedagogikoan dagoz neugaz eta egin beharreko gauzea dala pentsetan dodanez, horreek danak eta beste batzuk be buru-belarri, gustora izango dodaz alboan.


3.- Oinarri-oinarriko, baseko txirrindularitzea izan da beti zure pasinoa eta orain be emakumeak trebatzeko amesagaz zatoz. Badago kanterea Bizkaian?

Duda barik, mundu gatxa eta gogorra dan arren, neska mailan, Bizkaian eta Euskal Herrian dago kanterarik onena. Baina faktore asko hartu behar dira kontuan, ereduak, erreferenteak behar doguz, errepide edo kaminoen egoerea, arriskua, gizarte mailan lan handia dago egiteko, kontzientziazinoa beharrezkoa da eta bildur-ikarak baztertu. Hori da bidea, bestela. akabo.


4.- Bizkaitarrak dira taldeko emakume txirrindulari gehienak. Esperientziadunak dira? ibilitakoak? Nondik datoz?

Oraindino ikasten nago eta emakumeen bidea eta izakerea ezagutzen nago, euren ahuleziak eta emakumeek ze ekarpen egin leikien ikasten. Nire helburua da basean, oinarrian lan eginez, ahal bada, gora egitea. Izenik ez deutsut esango oraindino baina jentea badator, dozenatxu bategaz hasi eta dagoeneko 20 inguru hurreratu jakuz. Pozik nago, talde handia da eta ez neuke gehiago gura ze hori danori mobiduteko beharko doguz gogoa eta indarra.

Taldeko neskak polito dabiz, nerabeak dira baina afizino eta gogo handiagaz dabiz, 15, 16 urtekoak, 17 urtekoak lau; Josebak ondo preparauta dakarz Elorriotik eta Durangotik eta bat kenduta beste danak bizkaitarrak dira.


5.- Zein da esperantzea emakume txirrindulariek bihar-etzi elitean jokatzea?

Asmoa da ahal dan maila altuenera eroatea emakumeak eta beste talde batzuetara salto egiten dabenean, jakin deiela zer garen eta nondik gatozen. Gizonezkoetan be kopla barik ibili naz beti eta kasu honetan be bardin antzean jokatu gura neuke. Hori bai, jakitun gara txakur txikirik ez dauela inork emoten, non gagozan, ze esperantza dagoan eta zelako mailako emakumeak daukaguzan ondo aztertu behar da.


6.- Logistika kontuak zelan doaz? Ze aurrekontu darabilzu?

Prozesu luzea izango da baina pausu batzuk emon doguz honezkero, udaletako arduradunakaz eta egon gara, etxe babesle batzuekaz be bagabiz hartu-emonetan baina lehia handia dago. Deriko seminarioan dauka egoitzea Gela Pedagokikoak eta geu be han izango gara, ezustekorik ezean, Txorierriko taldea izango gara.


7.- Emakumeen taldeak Derio Gela Pedagogikoaren lana osotuko dau?

Duda barik. Gela Pedagogikoaren ardura nagusienetakoa da bide-hezkuntzea eta lankidetza akordioak be badoguz mendiko bizikleten arloan Lezamako Zorribike taldeagaz. Ganera, emakumeei ziklo-kros mundua erakusteko hor dogu Xabier Murias, arlo horretan bikain datorren 19 urteko mutila.

Emakumeek txirrindularitzearen eskaparatean burua erakutsi deiela gura dogu eta zeregin horretan, lan handia egiten gabiz Mikel Landak fundazinoaren ardurea hartu dauenetik. Badakizue Euskaltel Euskadi desagertu zanean, Astana, Sky eta Movistar Team taldeetan lan ederra egiten dagoala eta sarri esan izan dau zeozelan urteetan jazotako maitasuna bueltan emon gura deutsola Euskadi Fundazinoari.


8.- Txirrindularitzea zanetan daroazu, bizi osoa zabiz bizikleta artean eta negozio gizonakaz tratuetan baina ze momentu nabarmenduko zeunke?

Asko dagoz eta etapa bat edo lasterketaren bat irabazten dozunean beti zagoz pozik baina bat nabarmentzearren, Samuel Sanchezen urrea esango deutsut, hori ez daukat ahaztuteko.

Baina orain urte batzuetako Italiako Giroan zazpi txirrindularirik onenak aurrean ikusi eta tartean norberagaz ibilitako lau mutil, Pello Bilbao, Mikel Nieve eta, ikustea be ez da makala.


9.- Samuel Sanchez (Beijingen urre olinpikoa) eta Roberto Laiseka (Euskaltel Euskadiren lehenengo etapea irabazi ebana Frantziako Tourrean). Zelan bizi izan zenduzan?

Ederra izan zan. Urteetako sakrifizio eta lanaren ostean Laisekak irabaztea oso emozionantea izan zan. Tourrean sekula ikusi bako marea laranjea be nabarmenduko neuke, milazak lagu joaten ziran Frantziako kaminoetara, laranja kolorea zan gehien ikusten zana baina gu euskaldunok holako indarragaz eta etapak irabazten ikustea ez jaken gustetan batzuei eta Tourrera gehiago ez joateko ahaleginetan be ibili ziran. Baina Jean Marie Leblanc eta beste batzuekaz hartu-emon oso onak geunkazan eta gure indar erakustaldia ez euken baztertzeko ez.


10.- Pello Bilbao (Etapa bi irabazita aurtengo Giroan), Mikel Landa (4. sailkatua aurtengo Giroan), Jonathan Castroviejo, Igor Anton, Markel Irizar... Aurten Tourrean ikusiko ete dogu euskaldunik podiumean eta etaparen bat irabazten?

Hori ilusinoa eta esperantzea ez baneuko, akabo. Jakina, aurten euskaldunen bat podiumean ikusiko dogula eta etaparen bat irabaztea be leitekeana da. Kaminoak danak ipinten ditu jagoken lekuan eta gureak oso indartsu dabiz.

Afizionauetatik aurrera urte bi egin nituan Pello Bilbaogaz, kategoria handiko txirrindularia da eta persona moduan asko maite dodan laguna da, oso ondo dago eta nork jakin zer egiteko kapaz izango dan. Euskaltel Euskaditik bota ninduenean, Pello Bilbao eta beste batzuk be bota zituen eta orain damututa egongo dira, seguru. Aurrerago Caja Rural taldera eroan genduzan eta hara non dabizen orain.


11. Chris Froomek femur hazurra apurtu eta Geraint Thomas, igaz Tourra irabazi ebana jausi ostean, Frantziako Tourra irabazteko hautagaiak gehiago dirala pentsetan dozu?

Hamairu Tour egin dodaz eta esan dozuzanak kenduta, baita Tom Dumoilin be, pentsetan dot klase handiko txirrindulariak agertzen dirala beti eta aurten leitekeana da ezustekoren bat izatea; euskaldunak tartean, zergaitik ez...


12.- 74 urte dozuz eta horreetatik gehienak txirrindularitzearen munduan. Nondik ataraten dozu indarra, pasinoa eta ilusinoa hain gogorra dan mundu honetan aurrera egiteko?

Sakrifizio handia eta burukominak be ugari baina ilusinoa da motorra, norberekoikeriak eta gorabeherak baztertu eta aurrera beti.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu