Joaquín Ignacio de Barrenechearen fondoak eskuratu ditu Jaurlaritzeak

Bizkaie! 2019-06-21 13:38   Kulturea

XVIII. mendeko euskal elitea eta euskerearen erabilerea ulertzeko agiri garrantzitsuak dira.

Koldo Ulibarri, Bingen Zupiria eta Borja Aginagalde, fondoaren aurkezpenean (argazkiak: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbon, Euskal Artxibo Historikoaren egoitzan agertu dira Bingen Zupiria sailburua, Artxiboko zuzendari Borja Aguinagalde eta Euskal Filologian doktore Koldo Ulibarri, Eusko Jaurlaritzeak oraintsu lortu dauen fondo barria aurkezteko. Agirien bilduma hori Joaquín Ignacio de Barrenechea euskal diplomazialariarena izan zan XVIII. mendean. Tartean euskerazko gutunak dagozanez, sasoi haretako euskerearen historia soziala aztertzeko modua emoten dabe.

Zupiriak adierazo dauenez, kalidade handiko artxibo honen ganean egindako analisiak agirian itxi dau euskal eliteak ze potere eukan Europako diplomazian eta, era berean, eta hau oso garrantzitsua da, aukerea emon deusku garai haretako euskerearen egoera soziala hobeto ezagutzeko, eta ikusteko gure hizkuntzeak prestigioa ebala elite haretan.

Joaquín Ignacio de Barrenechea y Erquiñigo (Bilbo, 1681 – Haga, 1751), lehenengo Portuko Markesa izan zan, eta 46 urtegaz hasi eban ibilbide diplomatikoa, Felipe V.a erregearen inguruan. Artxibo Historikoak eskuratutako fondoak 23 liburuki daukaz, Barrenecheak berak ondo sailkatuak. 11.000 folio baino gehiago dira guztira.

Gehienbat, Europako beste herrialde batzuetako ordezkariei bialdutako edo hareekandik jasotako gutunak dagoz fondoan. Juan Bautista de Orendain y Azpilicueta gipuzkoarragaz bikote eraginkorra egin eban korteko diplomazian. Europako gai garrantzitsuenetan hartu eben parte Barrenecheak eta Orendainek.

Euskerazko gutunak be ugariak dira fondoan. Esate baterako, Vianako Markesak Barrenecheari idatzitako eskutitz asko euskeraz dagoz. Horrek aukerea emoten deusku baieztatzeko eliteek euren ama-hizkuntzea erabilten ebela hartu-emon diplomatikoetan, azaldu dau Borja Aguinagaldek.

EHUko doktore Koldo Ulibarrik aztertu ditu gutunok euskerearen historia sozialaren ikuspegitik. Euskerazko materiala 19. liburukian dago, Barrenechearen korrespondentziaren artean guztira topau diran 16 gutunen artean banatuta. Austriatik Vianak berak idatzitako gutun personalak eta dokumentu diplomatikoak dira, guzti-guztiak originalak. Euskeraz idatzitako zatien luzera aldakorra da: batzuetan esaldi bakarra, beste batzuetan paragrafo batzuk eta, azkenik, ia osorik euskeraz idatzitako gutunak dagoz, gaztelaniazko pasarte batzukaz.

Beraz, ateratako ondorioa da berrikusi egin beharko litzatekeela elitearen eta herri xehearen hizkuntza-ohiturei buruz esan izan dana, Ulibarriren ustez erakutsi egiten dalako euskaldunen artean, elitean be, euskeraz berba egiten ebela.

Euskalkien inguruko datu argigarriak emoten ditue testuek, ganera. Batez be, Arabako euskerearen inguruan orain arte egon diran uste batzuk zalantzan jarri behar ete diran jakiteko, sakonago aztertu behar litzatekez gutunak. Araban espero izatekoak ez diran ezaugarriak agiri dira (Gipuzkoa eta Nafarroakoak), baina hori diplomatikoen arteko hizkuntza bateratu baten aztarnea izan leiteke, edo, beharbada, Beterriko gipuzkerak XVIII. mendearen hasierarako prestigioa hartua ebala, orain arte uste zana baino lehenago.

Euskerearen historia aztertzeko daukan balioaz gan, fondoak argi eta garbi erakusten dau XVIII. mendeko Europako diplomaziaren funtzionamendua, Barrenecheak agiri guztiak gorde eta sailkatzeko eukan ohitureari esker. Diplomaziaren sistemea zelakoa zan eta orduko gai garrantzitsuei zelan egin eutsien aurre ikusten da.

Funtsak informazino baliotsua eskaintzen dau Europako orduko egoerearen ganean, baita bertan parte hartzen eban euskal elitearen ganean be. Dokumentazino honek, bere edukiagaitik eta kalidadeagaitik, Europako lehen mailan kokatzen dau berau gordeten dauen Artxiboaren interesa, adierazo dau Aguinagaldek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu