XXXI. Bilbainada Lehiaketeak baditu irabazleak
2019-06-21 11:50 MusikeaSariak abuztuaren 23an emongo ditue, Aste Nagusiko ohiko bilbainada kontzertuen barruan.
Ekimenaren helburua Bilboko kantu tradizionalaren musika sorkuntzea bultzatzea eta jairako esprituari eta tradizinoari eustea da.
2019ko XXXI. Bilbainada Lehiaketako epaimahaiak, Julen Murga Olabegoyak idatzitako Pergolan lanari emon deutso euskerazko bilbainada onenaren saria. Lan hori izan da puntu gehien lortu dituana. Gaztelaniaz idatzitako bilbainadarik onenari emoten jakon saria, Guillermo Garmendiaren La nueva plaza del gas lanak jaso dau.
Saritu bakotxak, garaikurraz gan, 955 euroko saria jasoko dau.
420 euroko saria jasoko daben zortzi akzesitak ondokoak izan dira:
Bilbo barruan. José María Larrazabal Altzaga.
Un donostiarra en el botxo. Fernando Botanz Parra.
Iturrigorri, fuente de Rekalde. José Luis Fernández Pérez.
Chimbo. Aurelio Marroquín Gómez.
Las bilbainadas, preciado legado. Miguel Ángel Gómez Urtiaga.
Que no te quiten Bilbao. Maite Garmendia.
Bilbao, inundaciones 83. Juan Carlos Guerrero.
Gure Txemi. Roberto Gutiérrez de Rozas eta Xabier Rementería.
Sariak Bilboko Alkateak, Juan Mari Aburtok, eta Udaleko beste kide batzuek emongo ditue.
Ohikoa danez, Bilboko Udalak, XXXI. edizio honetako abesti irabazleak jasoko dituan disko bat argitaratuko dau, musikari profesionalek grabauta. Diskoa Arriaga Antzokian abenduaren 15ean, domekan, egingo dan galan aurkeztuko da. Igaz, gaztelaniazko lan irabazlea Fernando Ibarraren Joya europea 2018 izan zan, eta euskerazkoa, José María Larrazabalek idatzitako Naturaren eskutik lana.
Bilbainada lehiaketea, gure uriaren egunerokotasuna erakusten dauen abesti bilduma bilakatu da urteak igaro ahala. Konposizino horreek Bilboren historia dakarre, arkitektura lanetan, garraiobideetan, erakundeetan edo personaia enblematikoenetan oinarrituta. Lehiaketea erantzun handikoa da herritarren artean, eta, normalean, hogei abesti inguru aurkezten dira.
Saritutako abestiez gan, edizio honetako epaimahaiak, urian hain sustraituta dagoan musika genero honi emondako laguntzinoa eta bultzadea autortzen dauen Ohorezko Don Diego sari berezi bi emon deutsee Iñaki Basabe bilbainada abeslari eta konposatzaileari, kontzertu asko eta askotan eta mueta guztietako ekitaldi eta agertokitan bilbainadak eskainiz egin dauen lan nekaezinagaitik, eta urte luzez lehiaketa honetan parte hartu eta hainbat sari irabazitako Juani Peñagarikanori.
Aurtengo epaimahaiko kideak ondokoak izan dira: Nekane Alonso Bilboko Udaleko Zinegotzia; Enrique Campos, Nervión Taldeko (TeleBilbao – Radio Nervión) Zuzendaria; Iñaki Uranga, abeslaria; Ana Madariaga, Bilbao Musikako Gerentea, eta Amagoia Loroño Akordeoi Orkestrako zuzendaria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!