Hamar finalista izen handiko Basque Culinary World Prize irabazteko

Bizkaie! 2019-06-21 09:09   Jan edanak

Sukaldean Sortzaileko irabazleak: Andramendi (Beasain) eta El Pilar Ikastetxea (Bilbo).

Basque Culinary World Prizeren 2019ko edizinoko 10 sukaldari finalisten izenak iragarri ditue. Saria parebakoa eta globala da, eta barrikuntzan, teknologian, heziketan, ingurumenean, osasunean, elikagaien industrian eta garapen sozial edo ekonomikoan idea eraldatzaileak dituen sukaldariei autortzea erakustea dau helburu.

Eusko Jaurlaritzeak bultzatzen dau saria, Euskadi-Basque Country estrategiaren barruan, eta Basque Culinary Centerren laugarren edizino honetan 42 herrialdetako 150 hautagai jaso dira; orain arteko partaidetzarik handiena izan da, beraz, 230 izendapenakaz.


Hamar finalistak:


Selassie Atadika (Ghana), Siew-Chinn Chin (Malaysia/ AEB) Giovanni Cuocci (Italia), Mario Castrellón (Panama), Xanty Elías (Espainia), Virgilio Martínez (Peru), Cristina Martínez (Mexiko/ AEB), Douglas McMaster (Erresuma Batua), Anthony Myint (AEB) y Lars Williams (AEB/Danimarka).

Sariaren Batzorde Teknikoak, sukaldaritzearen alorreko akademiko eta aditu batzuek osotuta (Kataluniako Unibersidade Edegiko, Kopenhageko Unibersidadeko, Harvardeko Unibersidadeko edo Euskal Herriko Unibersidadeko batzuk), aukeratu ditu finalistak. Hamar izen horreek mobimentu baten adierazgarri dira, hain zuzen, gastronomia urrutirago eroateko urte askotan lan egin daben sukaldari inspiratzaileek gidatutako mobimentuaren adierazgarri, besteak beste, Dan Barber, Massimo Bottura, Claus Mayer, Jamie Oliver, Alice Waters, Jose Andres eta beste iraultzaile batzuk.

Sariaren irabazlea, barriz, Basque Culinary Centerren Nazinoarteko Kontseiluaren bederatzigarren urteko bileran iragarriko da, eta aukeraketea nazinoarteko epaimahaiaren esku egongo da, egungo sukaldaririk garrantzitsuenek eta diziplina askoko adituen talde batek osotuta. Aurten, topaketea San Frantziskon egingo da, eta Dominique Cream izango da anfitrioia, hiru Michelin izar dituan kozinerua. Irabazlearen izena garagarrilaren 16an jakinarazoko da, Sustainable Thinking izeneko simposiumean; hor Basque Culinary Centerrek barriketaldi bati hasierea emongo deutso gastronomiak iraunkortasunean dauen rolaren gainean. Hitzordu horretan, gastronomiak ingurumenaren, ekonomiaren, gizartearen eta kulturearen ikuspuntutik aurrean dituan erronkak eta aukerak azalduko dira nazinoarteko aditu batzuen eskutik. Informazino gehiago hemen.

Oraingo honetan, Joan Roca (Espainia) izango da buru epaimahaian, eta bertako kide izango dira beste sukaldari ospetsu batzuk, besteak beste, Massimo Bottura (Italia), Manu Buffara (Brasil), Eneko Atxa (Euskadi), Dominique Crenn (AEB), Yoshihiro Narisawa (Japonia), Andoni Luis Aduriz (Euskadi), Enrique Olvera (Mexiko), Trine Hahnemann (Danimarka), Katina eta Kyle Connaughton (AEB) eta Jock Zonfrillo Eskozia/Australia), Basque Culinary World Prizeren 201ko edizinoaren irabazlea baita.

Sariaren irabazleak 100.000 euro eskuratuko ditu, eta diru hori gastronomiaren ahalmen eraldatzailea erakusten dauen ekimen baterako erabili beharko dau.

Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuak nabarmendu dauenez: Basque Culinary World Prize sariaren laugarren edizino hau beharrezkoa da bikaintasun, konpromiso, kalidade eta eraldaketearen bokazinoaren balioak sendotzeko eta sustatzen jarraitzeko, hori baita sariagaz gura dana. Euskadi- Basque Country estrategia integralaren azpian, Basque Culinary World Prize sariak lagundu dau Euskadik bikaintasuneko erreferentzia izaten nazinoartean eta bizi kalidadearen eta kohesino sozialaren eredu bikaineko eta lurralde barritzailea eta lehiakorra dan herri lez agertzen.

Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak, barriz, hau adierazo dau: Planetako leku askotatik etorritako gastronomiaren sektoreko profesionalek eta erakundeek hartu dabe parte eta hareei esker inspirazino iturri diran persona ugari ezagutu ahal izan ditugu, izan be, euren lanaren bitartez erakutsi deuskue zer garrantzia dauen gastronomiak mobimentu zabal eta askotariko baten parte danean. Laugarren edizinoan, Basque Culinary World Prizek bere indarra berretsi dau, orain arteko partaidetza eta inplikazino indizerik handienagaz eta izendapen gehiagogaz eta irismen handiagoagaz, eta, batez be, fenomeno biderkatzailea sendotu egin da.


Xanty Elias (Huelva, 1980)

Acánthum da Huelvan (Espainia) dagoan Michelin izardun jatetxe bakarra, eta bertako sukaldaria bere eskualdearen garapenean sartuta dago buru-belarri: Prenauta Fundazinoaren presidentea da eta turismoaren, barrikuntzearen eta sukaldaritzearen sektoreko ekintzailetzearen alde egiten dau. Elikadurearen heziketea bultzatzeko asmoagaz, Los Niños se Comen el Futuro izeneko ekimena abiarazo eban (2018), Lehen hezkuntzako ikastetxeetan Kultura Gastronomikoaren irakasgaia sartzea aurreikusiz. Ekimenaren programa pilotua 2018-2019 ikasturtean egin eben eta 6 eta 7 urte bitarteko 2.200 ikasleri emon jaken esandako irakasgarri, Andaluziako 50 eskolatan.


Sukaldean Sortzaile


Sei talde finalistek euren errezetak kozinau ditue Basque Culinary Centerren epaimahaiaren aurrean, eta azken horrek erabagi dau nortzuk diran modalitate bakotxeko irabazleak (12-14 urte eta 15-17 urte). Parte-hartzaileek bi eta lau lagun arteko taldeak sortu ditue, errezetea idatzi eta bideo bat grabau dabe euskeraz, errezetea nondik datorren, zergaitik aukeratu daben, zelan kozinetan dan eta zer osogai eta tresna erabili behar diran azaltzeko. Ismael Iglesias, Michelin izarra dauen Rita jatetxeko chef nagusia, Sukaldean Sortzaileko epaileetako bat izan da. Epaimahaik eztabaidatu eta ekitaldia aurkeztu ondoren, irabazleak iragarri ditue. Talde irabazle bakotxeko parte-hartzaileek Basque Culinary Centerren aurtengo Culinary Camp udaleku gastronomikoetarako plazea irabaziko dau.


Irabazleak

12-14 urtera arteko irabazlea: Andramendi (Beasain). Errezetea: Legatz betea.

15-17 urtera arteko irabazlea: El Pilar Ikastetxea (Bilbo)


Errezeta finalistak

- Al bunduga (albondigak), Zubi Zaharra ikastola (Balmaseda).

- Legatz betea, Andramendi (Beasain).

- Aralar pastela, Orixe BHI (Tolosa).

- Gaztai-tarta, Bizarain BHI (Errenteria).

- Marmitako, El Pilar ikastetxea (Bilbo).

- Pintxo begetarianoak, Laskorain ikastola (Tolosa).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu