ONCEk Bilbao Abando Indalecio Prieto geltokiko erlojuari eskainiko deutso kupoia

Bizkaie! 2019-06-21 08:02   Kulturea

Euskadin, 3.400 dira afiliatuak eta horreetatik 540 joku-produktuen salmentan dabiz. 



ONCE
k Bilbao Abando Indalecio Prieto tren geltokiko beirateko ordulariari eskainiko deutso hurrengo eguenean, bagilaren 27an, zozketatuko dan kupoia. Horren irudia, 5,5 miloe kupoitan agertuko da, Ciudades en punto y hora serieari jagokona, hain zuzen.

Bilboko geltokian bertan aurkeztu ditue kupoiaren zehetasunak, Juan Carlos Anduezak, ONCE Euskadiko Lurralde Ordezkariak; Miguel Moradok, Euskadi eta Kantabriako Joku Saileko buruak; eta Jose Antonio De Branek, Adif-en Ipar Geltokien zuzendari ordeak.

Martian abiarazo eta 2020ko amaiera aldera arte iraungo dauen 50 erlojuri eskainitako serie honen bidez, ONCEk adierazgarriak diran erlojuon funtzinoa goraipatu nahi dau, betidanik izan baitira erreferentzia, informazino gune bilakatuz. Eguneroko Kupoia izanik 1,50 euroren truke 35.000 euro banako bost zifrak euki ezkero 55 sari lortu daitekez. Eta 2 euroren truke Pagea irabazi daiteke, hau da, 25 urtean hilebeteko 3.000 euroko saria.

ONCEk gizartean nagusi diran gaiak islatzen jarraitzen dau kupoietan, herritarrek joku-produktuak erostean ONCE erakundeari azaldutako konfidantzea eskertuz. Hori dala eta afiliatuek zerbitzuak jaso leikiez.

Euskadin, 3.400 dira afiliatuak eta horreetatik 540 joku-produktuen salmentan dabiz. Sariei jagokenez, EAEn, igaz amaitutako suberte boladeagaz hasi zan 2019. urtea. Ordura arte, aurten, 21 miloe euro emon ditue Euskadin saritan; 2018an, ostera, 37 miloe izan ziran, errekor historikoa, hain zuzen.

ONCEren produktuak ia 20.000 lagunek saltzen ditue estatu osoan zehar. Salmenta guneko terminalari esker, bezeroak gustokoen dauen zenbakia izaten dau beti aukeran. Horrezaz gan, ONCEren joku saileko www.juegosonce.es webgunean erosi daitekez, baita baimendutako establezimenduetan be.
Erreferente kulturala eta soziala

Abandoko Indalecio Prieto geltokia interes sozialeko jarduerak jasoten dituan gune bilakatu da, besteak beste, erakusketa, kontzertuak, baloreak zabaltzen dituen sentsibilizazino kanpainak egiteko lekua be bada.

Erakusgela eta atari nagusi bi ditu horretarako, urteotan hainbat ekitaldi hartuz: arte-erakusketak, musika-ikuskizunak, filmazinoak, kirol-jardunaldiak, umeei zuzendutako animazinoak, alkartasun kanpainak eta, oro har, geltokietan topaketa, kultura eta herritarrentzako baloreak sustatzeko bestelako ekimenak.

Kontuak kontu, beiratea Irungo Unión de Artistas Vidrieros tailerrean egin eben 1948an, Jesús Arrecubieta artistearen aginduetara, Gaspar Montes Iturrioz paisaje-pintore irundarraren bozetoak jarraituz. 251 metro koadroko azalerea dau, 21’76 metroko zabalerea eta, gehienez, 14’59 metroko altuerea.

Zehatz erreparauta, marinelen lanak atzemon daitekez, baita baserri giro, antxinako burdin meatzari edota estropada eta euskal pelotakoak be. Goialdean, koroaren antzera, Begoñako basilikearen ordezkapena agiri da, erdigunean lan piktoriko bikaina azpimarratzen dauen erlojua kokatzen dalarik. Bisitariei ondo etorriaren horma-irudia eskaintzeaz gan, iragazitako argiztapen ederra islatzen dau nasetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu