Bilboko XX. Kalealdiak nazinoarteko 29 talde eta 80 ikuskizun baino gehiago dakarz

Bizkaie! 2019-06-20 12:49   Kulturea

Hitzordua garagarrilaren 1etik 7ra izango da.

Kalidade maila bikaina eta aniztasuna erakusten ditu XX. Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak. Garagarrilaren 1etik 7ra 80 emonaldi eskainiko ditue, aurreko edizinoan baino % 20 gehiago, horreetako asko, aire zabaleko agertoki handi lez finkatzen doan Casilda Iturrizar Parkean izango dira, aurten sentimenen arabera bereizitako hiru gune tartean dirala, jaiagaz, loreakaz eta lasaitasunagaz lotutakoak. Bilboko Kalealdia Alde Zaharraren inguruko ohiko kokalekuetara be helduko da.

Aurten gonbidautako konpainien artean, 10 Euskadikoak dira, 4 Estaduko gainerako lekuetakoak, eta gainerakoak Frantziatik –kaleko antzerkiaren Europako erreferente nagusia–, Italiatik eta Danimarkatik datoz, batez be. Guztiek be euren azken lanak ekarriko ditue Bilbora, eta ikus-entzuleek ohiko agertokietan gozau ahal izango ditue: parkean, astelehenetik eguaztenera, eta eguenetik aurrera jaialdia Bilboko Arenalera joango da, Plaza Barrira, Santiago Plazara eta Arriaga Antzokiaren kanpoaldera.


Estreinaldiak

Espainian lehen aldiz ikusiko diran sei ikuskizun, Euskadin estreinauko diran bost eta euren erabateko estreinaldia Bilboko Kalealdian izango daben beste hiru proposamen jasoko ditu. Holan, Estatuko estreinaldien artean, sentimenduz eta muturreko arriskuko jolas akrobatikoz betetako Bigbinôme Collectif taldearen Saut; akrobazia zoroen bitartez txolarreen maitasun erritualak irudikatzen dituan eta 7 metroko altueran egiten dan Cirque Hirsute konpainiaren Les Butors; edo migratzaileen drameari buruzko Cirque Rouages frantsesen Boate.

Estadu mailako estreinaldi izango dira Bilbon clown marmarti eta barregarri bi protagonista diran Magik Fabrik Cie konpainiaren Incognito ikuskizuna; zirku garaikideko Puéril Péril taldearen Bankal; eta, amaitzeko, 2017an, Bilbo bisitau eban eta orain Perceptions lanagaz etorriko dan Bivouac Cie konpainia frantsesa, bagilaren amaieran Frantzian estreinauko daben zailtasun tekniko handiko ikuskizuna. Ikuskizuna garagarrilaren 1ean ikusi ahal izango da, 22:30etik aurrera, Arriaga plazan.

Euskadin lehen aldiz ikusi ahal izango diran proposamenen artean bi azpimarratu behar dira: Alde batetik, Kataluniako Mumusic Circus zirku konpainiak Flou Papagayo aurkeztuko dau; bertan, nonbaiten kokatzeko gatxa dan lengoaia eta estilo anitza zabaltzen dabe, zirkua, clowna, jantzak, objektuen antzerkia eta zuzeneko musikea buztartuz. Ikuskizun horrek Kaleko Ikuskizun Onenaren saria irabazi eban igaz Circ de Catalunyako Zirkòlika Sarietan. Beste alde batetik, lehen aldiz ikusi ahal izango da Euskadin Defracto Cie frantsesen Flaque malabar ikuskizuna; bertan, giza gorputzak beste dimensino bat hartzen dau, diziplinearen garapenerako funtsezko elementu lez. Ikuskizun bi horreek garagarrilaren 2an eta 4an, Arriaga plazan, 22:30etik eta 23:00etatik aurrera aurkeztuko dira ikus-entzuleen aurrean, hurranez hurran.

Bilbon egongo diran gainerako konpainien artean beste hainbat azpimarratu behar dira, orain hilebete Leioako Umore Azokan estreinautako Esencial zirku garaikide ikuskizuna aurkeztuko dauen Andaluziako Vaivén Circo, besteak beste.

Beste alde batetik, Solfasirc taldeak Casilda Iturrizar parkean jarriko dau bere karpea, familia osoari zuzendutako Dékoncert ikuskizuna eskaintzeko.

Clown ikuskizunen artean aitamen berezia merezidu dau Danimarkako Brunette Bros konpainiak. 2018ko Lleidako Fira de Titelles ospetsuan Interpretazino Onenaren Urrezko Herensugea irabazitako Circus ikuskizuna ekarriko dau Bilbora. Brunette Bros-ek hiru emonaldi eskainiko ditu, Casilda Iturrizar parkean, 21:00etan, garagarrilaren 1, 2 eta 3an.


Erabateko estreinaldiak

Parkea izango da aurtengo erabateko estreinaldietako baten agertokia, Mystérieuses Coiffures-en eskutik. Aurten sentimen ikuskizuna dakarre. Hiru mundu egituratuko dira bertan, eta ikus-entzuleek bertatik ibilteko eta hunkitzeko aukerea izango dabe.

Erabateko bigarren estreinaldia Teatro due mondi konpainia italiarraren Como crepe nei muri / Wall Cracks kaleko antzezlana izango da. Estreinaldia garagarrilaren 7an izango da, 12:00etan, Arenalean.

Erabateko hirugarren estreinaldia, ibilbide luzeko Hortzmuga Teatroa Bilboko konpainiaren eskutik etorriko da. Amaierea emongo deutso edizino honi, garagarrilaren 7an, 13:30ean, Arriaga plazan, beste lan batzuek legez migrazinoen gaia lantzen dauen Bidaia lan barriagaz.


10 euskal konpainia

Hortzmuga Teatroa taldeaz gan, edizino honek hainbat diziplina jorratzen dituen beste bederatzi euskal konpainia be izango ditu. Horreen artean, Leioako Umore Azokearen azken edizinoan Euskal Ikuskizun Onenaren Saria irabazi barri dauen [e.go] eskainiko dauen Dikothomia taldea, zirku mueta garaikideagoan espezializautako euskal konpainia.

Beste proposamen azpimarragarri bat Deabru Beltzak taldearen eskutik etorriko da. Arte eszenikoen alorrean dabizenen artean nazinoartean oihartzun handieneko euskal konpainia, 4.000 emonaldi baino gehiago eskaini ditu sortu zanetik. Aurten, perkusinoa, sua eta piroteknia buztartzen dituan Symfeyny ikuskizun barria aurkeztuko dabe. Garagarrilaren 5ean eta 6an ikusi ahal izango da, 23:30ean, Arriaga plazan.

Bilboko Kalealdian bertako gainerako konpainiak ondokoak dira: Barsanti Cia, Malas Compañías, Markeliñe, Natxo Montero, Trakamatraka eta The Funes Troup, kaleko ikuskizunak, clowna, zirkua, jantzak eskainiz, baita familia osoari zuzendutako eta musika-tresna guztiak birziklautako materialakaz eginda dagozan musika esperientzia bat be.

Beste alde batetik, eta kaleko ikuskizunen produkzinoak laguntzeko hainbat euskal jaialdi batzen dituan Karrikan plataformearen bitartez Bilboko Kalealdiak eta Bilboko Udalak emoten daben laguntzinoari esker, Bilboko ikus-entzuleek azken laguntza deialdiaren proiektu irabazlea ikusi ahal izango dabe: Flora Bougues koreografo eta jantzariak eta Eric Lenormand konposatzaileak osotzen daben eta musikea eta jantzak buztartuz zeharkako proiektuak sortzen dituan Eflirkoa Collectif izenekoaren ikuskizuna da: Echos, ikus-entzuleek garagarrilaren 1ean, 19:00etatik aurrera, Casilda Iturrizar parkean gozau ahal izango dabe.


Sarrerak

Kalealdiaren barruan programautako ikuskizun guztiak dobakoak dira, Casilda Iturrizar parkeko karpa barruan egingo diranak kenduta, ikuskizun horreek 3 euroko prezio sinbolikoa izango dabe. Batzen dan diru guztia ASPACE-BIZKAIAri emongo jako.

Sarrerak, Arenalean egongo dan Jaialdiko Informazino Bulegoan eskuratu ahal izango dira garagarrilaren 1etik 3ra (11:30-14:00 / 17:00-21:00) edo Casilda Iturrizar parkean bertan (17:00-21:00).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu