Rufino Iraola hil da
2019-06-19 09:14 BertsolaritzeaBertsolaritzan eta literaturan ibilbide oparoa egin eban.
Azken egunotako osasun makalak txarrera egin, eta atzo hil zan Rufino Iraola Garmendia, 73 urtegaz, Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak zabaldu dauenez. Bertsolaritzako alor ugaritan ibili zan, sortzen ez eze, baita antolatzen, kronikak idazten eta epaitzen be. Patxi Iraola bertsolari ezaguna eta Rufinoren anaiea be apirilean hil zan.
Zaldibian jaio zan Rufino Iraola, eta gaztetatik bizi izan eban bertsolaritzearen mundua. Bat-batean baino, idatzizko bertsoetan nabarmendu zan, eta lehiaketa ugari irabazi zituan. Bertsolari Txapelketa Nagusian epaile izan zan, 1986 eta 1989ko edizinoetan. Kronika eta artikulu asko be idatzi zituan prentsan eta aldizkarietan, bertsolaritzeagaz lotutako gaien inguruan batez be.
Literaturearen munduan nabarmentzen hasi zan 1990eko hamarkadan. Dena dago zatitxo baten baitan narrazinoagaz Irun Uria Sariketea irabazi eban 1994an, bolada oparo baten lehenengo lana. Laster etorri ziran Artxanberriren ziriak, Patxi Errotaren ugaritasuna, Jainkoaren ateraldiak, 1999an, eta Zaldiarangoak, 2000n. Urte haretan, bilduma bi be plazaratu zituan, Biziaren bisutsak artikuluena, eta Abaraskak aforismoena.
Hurrengo urteetan Hire magalean lan saritua, Ñañarriri begira eta Bihotzaren zelaietan argitaratu zituan. Ganera, Franz Kafkaren Metamorfosia euskerara itzuli eban.
Rufino Iraolaren aldeko hiletea bihar, eguena, egingo dabe, 19:00etan, Zaldibiako Santa Fe parrokian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!