Ehun artista baino gehiago batuko ditu XIV. BBK Live jaialdiak

Bizkaie! 2019-06-18 13:41   Musikea

Agertokiei euskerazko izenak ipini deutsiez.

Alfonso Santiago antolatzailea eta Xabier Ochandiano zinegotzia, jaialdiaren aurkezpenean (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Laster helduko da Bilbao BBK Live musika jaialdi erraldoiaren 14. edizinoa, garagarrilaren 11tik 13ra hain zuzen. Hori dala eta, Bilboko Udaleko eta antolakuntzako ordezkariek hainbat datu eta argibide emon ditue. Ehun artista baino gehiagoren kontzertuak entzun ahal izango ditue zaleek, eta hamabi agertoki egongo dira, horreetatik zazpi, Kobetamendiko gune nagusian.

Aurten, agertokiei euskerazko izenak ipini deutsiez, kanpoko horrenbeste talde eta bisitariren artean jaialdiaren jatorria zein den gomutau eragiteko. Oholtza Nagusian izango dira izen handieneko kontzertuak, berbarako, The Strokes, Liam Gallagher, Rosalía eta Weezer. Bigarren agertokiari Bestean izena emon deutsie, jenteak be holan deitzen izan deutsalako. Thom Yorke Tomorrow’s Modern Boxes eta The Good, The Bad & The Queen entzun ahal izango dira hor, baita Nils Frahm eta Suede be.

Agertoki Txikia artista eklektikoenei gordeko deutsiela esan dabe antolatzaileek. Gora! izenekoa, ostera, karpa moduko bat izango da, eta han joko dabe Sleaford Mods bikote post punkak eta Jonathan Bree enigmatikoak, besteak beste. Firestone agertokia banda barrien txokoa izango da.

Basoa espazioa aurreko urteetan be egon da BBK Liven, musika elektronikoaren zaleentzat beren-beregi pentsautako gunea. Lehenengo gaua, garagarrilaren 11koa, LGTBI gau berezia izango da. Basoaren moduan, Lasai gunea be musikea patxadaz disfrutetako eremua da, izenak berak dinoan legez. Bilboko ikuspegi bikaina aurrez aurre, Red Light Radio irratia zuzenean emongo dabe. Hilaren 13an, John Talabotek aukeratutako DJen txandea izango da.

Hiru talde gehiago gehitu deutsiez antolatzaileek BBK Liveko kartelari: Charlotte Adigéry, The Intergalactic Republic of Kongo eta Alien Tango. Bestetik, Slaves taldearen kontzertua barikutik eguenera aldatu dabe.

Bestelako eskaintzak

Kobetamendiko eremura hurreratzen diran zaleek, musikaz gan, bestelako eskaintzak be izango ditue: gose diranerako, jatekoa saltzeko 25 bat postu izango ditue aukeran, jaialdiaren produktuak erosteko denda bat be bai, eta diseinatzaile independenteen txokoa be egongo da. Ganera, edalontzi birziklagarriak alokatzeko sistemea ipiniko dabe martxan, ingurumenari kalte gitxiago egiteko.

Jaigune nagusitik kanpo, beste eremu batzuk ipiniko ditue. Batetik, kanpalekuan Akelarre gunea egongo da; bestetik, urian bertan lau agertoki, beste horrenbeste lekutan: Isozaki torreetan, Kale Nagusian, Albiako lorategian eta Arenalean.

Gune guztietako kontzertuak eta ordutegiak, hemen.

Eraso sexistarik ez

Antolatzaileek nabarmendu dabenez, BBK Live jaialdiko gune guztiak eraso sexistarik bako lekuak izango dira, Ez beti da ez lemapean. Hortaz, errespetuan eta askatasunean oinarritutako jokabideak baino ez dira onartuko.

Eraso sexistei aurre egiteko, liburuxkak banatuko ditue jaigunean, lau hizkuntzatan, jarrera sexistak zelan identifikau eta halakoen aurrean zelan jokatu azaltzeko. Neskei zein mutilei bideratutako mezu zuzenak erabiliko ditue argitalpen horretan. Bersino digitala be izango dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu