Gerra osteko erbestea gogoan
2019-06-18 11:05 Pil-pileanBilboko Artxibo Historikoaren egoitzan ipini dabe erakusketea.
Eusko Jaurlaritzeak Memoria Historikoa lantzeko daukan erakundeak, Gogora Institutuak, erakusketea atondu dau, Gerra Zibila amaitu zaneko 80. urteurrenean. Kasu honetan, gerrearen erruz erbestera joan behar izan ebenei begiratu deutsie, ikus-entzunezko lekukotzen, argazkien eta beste material batzuen bidez. Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan egongo da erakusketea, irailaren 23ra arte.
Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro egon da erakusketearen inaugurazinoan, baita Nekane Murga eta María Jesús San José sailburuak be. Ezenarrok azaldu dauenez, 1936 eta 1937an, 100.000 lagun inguruk erbestera iges egin eben Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik, horreetatik 30.000, umeak. 1939an, gerrea amaitzear zala, Kataluniatik iges egin eben 500.000 personen artean 10.000 euskal herritar egozala kalkulau dabe.
Erbestera jo eben batzuk ez ziran bueltau, eta bizimodu barriari ekin eutsien Europako beste herrialderen baten edo Amerikan. Orduko erbestea ezagutzea, gaur egun gerratik igesi datozan personen egoerara hurreratzeko modua dala uste dau Aintzane Ezenarrok.
Irudi historikoz osotutako dokumental bategaz hasten da erakusketea. Irudi horreetako asko oso gitxitan erakutsi dira jentaurrean. Gerra zibilaren hasieratik Jose Antonio Agirre Lehendakariaren heriotzara arteko urteak jasoten ditu 50 minutuko dokumentalak.
Beste ikus-entzunezko batean, erbestera iges egin behar izan eben personen testigantzak datoz, Gogorak 2018an eta 2019an jasotakoak. Erbesteko memoriaren parte dira 1937an erbesteratutako umeen testigantzak zein Frantziara igesean joan eta handik Venezuelara joan behar izan ebenenak.
Bestetik, erakusketan 30 bat argazki historiko dagoz ikusgai, dokumentazino historikoaz lagunduta, 1936tik 1939ra arteko erbesteraldiak azaltzeko balio dabenak. Josu Chueca EHUko historia garaikideko irakasleak eta Iñaki Goiogana Sabino Arana Fundazinoko historialariak atondu dabe erakusketearen zati hau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!