Markel Sanchez: 'Euskereari espazio barriak zabaltzen deutsaz Berbarok'
2019-06-17 08:09 BarriketanDurangoko Berbaro Euskera Alkarteko zuzendaria.
Urteurren berezia ospatzen dabiz aurten Durangoko euskaltzaleak, Berbaro alkartearen 30 urteak hain zuzen. Bagilaren 1ean bazkari jentetsua eta egitarau bete-betea antolatu zituen, urteurrenaren ospakizunen ardatz lez, baina uda ostean ekitaldi gehiago egiteko asmoa dabe. Urteen joanari indartsu eutsi deutso Berbarok, gaur egun lantzen dituan alor guztiak ikusita. Ume eta gazteen astialdian dinamizatzaile dira, erakunde publikoetan teknikariak daukiez, tailerrak eta saio kulturalak antolatzen be badabiz... beti helburu nagusi bat gogoan, Durangon euskereak daukazan hutsuneak betetea.
Markel Sanchez da gaur egun Berbaroko zuzendaria. Orain dala 30 urteko euskaltzaleek hasitako bideari heldu deutsan belaunaldi barriko kidea da, baina Durangoko gazte gehiago euskalgintzan inplikau behar dirala uste dau. Izan be, herrian euskereak dauen egoerea ez da ona, kanpotik bestela emon leiken arren.
1.- Orain dala 30 urte, ze hutsune beteteko sortu zan Berbaro alkartea?
Nik ez neban bizi izan honen hasierea, Berbaro baino gazteagoa nazelako, baina aurrekoek kontauta dakit, orain dala 30 urte alkartu zirala Durangon euskereagaz arduratuta egozan batzuk. Momentu haretan, Euskal Herriko hainbat lekutan euskera alkarteak loratzen hasi ziran, formula eraginkorra zala ikusi eben, eta Durangon be bardin egitea pentsau eben. Sigla politikoetatik kanpo euskerearen alde egiteko sortu eben Berbaro, euskerea zentralidadera ekarteko.
2.- Zeri emon eutsien lehentasuna hasierako urteetan?
Gazteen arloari emon eutsien garrantzia, ume eta gazteen astialdian hasi ziran. Orduko ekimen batzuk martxan dagoz oraindino, Haur Literatura Aretoa, adibidez. Euskerazko udalekuak be sortu ziran, orduko hutsunea beteteko, umeek udan be astialdia behar eben euskeraz. Bestetik, sensibilizazino kanpaina batzuk egin zituen lehenengo urteetan, Medikuari euskeraz egin gura deutsat eta halakoak. Arlo ugari landu ziran, baina batez be, gazteen astialdia eta sensibilizazinoa.
3.- Gaur egun be, arlo ugari jorratzen dozuez: astialdia, kulturea, normalkuntzea... Berbaroren zeregin guztiak batzen dituan ardatza zein da?
Euskereari espazio barriak zabaltzea da Berbaro mobiduten dauena. Euskereak non daukan hutsunea edo non eragin behar dan identifikau, eta hor aukerak eskaintzen ahalegintzen gara. Gazteen kasuan garbi ikusten da, astialdi erakargarri eta euskaldun bat sortu dogu, beste eredu batzuen aurrean.
4.- Zenbat jente dabil Berbaron lanean eta laguntzen?
Jardun osoko beharginak zortzi gara, jente aldetik bolumen handia hartu dogu 30 urteotan. Ganera, urtean zehar, hezitzaileak, boluntarioak eta abar be ibilten dira jardueretan laguntzen, horreek ehun baino gehiago dira, horrek erakusten dau Berbarok jente asko mobiduten dauela.
5.- Herritarren inplikazinoaren aldetik, babesa sumatzen dozue?
Badaukagu zuzendaritza batzordea, bost lagun dira eta era boluntarioan egiten dabe alkartearen jarraipena. Gure inguruan be badago lantzean behin laguntzen deuskun jentea. Halandabe, atzera begiratzen badogu, orain dala 30 urte Berbaro sortu zanean, atzean herri mobimendu indartsua egoan, militantzia handia. Beharbada, orain profesionalagoa da Berbaro, baina jentearen inplikazinoa ez da lehen izan zana. Dana dala, 500 bazkide baino gehiago daukaguz.
6.- Plateruena Kafe Antzokia eta Anboto astekaria zuen altzoan sortutako proiektuak dira. Euskerearen aldetik eragile sendo bihurtu dira.
Lehen esan dot gure zeregina dala hutsuneak bilatzea eta betetea, eta Plateruena eta Anboto horren ondorio dira. 1993 bueltan ikusi zan komunikabideetan hutsunea egoala Durangon, idatzizko komunikabiderik ez egoan euskeraz, eta Eraz aldizkaria sortu zan, 2001etik Anboto Komunikabideak dana. Bestetik, orain dala 15 urte, Plateruena sortu zan. Lehenago, Berbarok tabernea eukan Santa Anan, baina txiki geratu zan. Proiektu barriaren helburua zan Euskal Herrian erreferente izatea, kulturgintzarako babesleku izango zana... 30 urteko bidean mugarriak dira Anboto eta Plateruena.
7.- Euskera alkarteak asko dagoz, baina bakotxak bere inguruko egoereari erantzun behar deutso. Durangoren kasuan, zein da euskerearen bizitasuna gaur egun?
Esango neuke makal dagoala, belarria ipintea besterik ez dago, buelta bat emon Durangotik eta euskerearen erabilerea ez dala handia ikusten da. Uste dot Euskal Herrian Durango herri oso euskalduntzat daukala jenteak, seguruenez Durangoko Azokeagaz lotzen dabelako, baina ez da holan, lan handia dago egiteko.
8.- Orain dala 30 urteko beharrak eta oraingoak desbardinak dira?
Bai, orain diferentea da. Belaunaldi gazteak eta ez hain gazteak, Berbaro sortu zanetik hona jaio diran gehienak euskaldunak dira, edo hiztun hartzaileak gitxienez. D ereduan ikasi dabe askok. Horregaitik, orain erabileran dago erronkarik handiena: euskerazko erreferente barriak, kontsumo eredu alternatiboak... sortu behar doguz.
9.- Belaunaldi aldaketea izaten da alkarteen beste kezka ohikoenetako bat. Zu, behinik behin, gaztea zara.
Langileen edadea ikusita danetarik dago, 60 urteko bat daukagu, eta 27ko beste bat. Hezitzaileen artean badagoz 19koak be. Gazteak badabiz gurean, bai. Halandabe, Durango osorik hartuta, ikusten dogu gazteen inplikazinoa ez dala oso handia. Mezu fatalistarik ez dogu zabaldu nahi, baina alor horretan indarra egin behar dogu.
10.- 30 urteak ospatzeko jaia egin zenduen hilaren hasieran. Urteurrenagaz lotutako beste zeozer egingo dozue?
Bagilaren 1ekoa izan zan ospakizuneko egun handia, baina urte osora zabaldu nahi doguz bestelako ekimen bereziak, asko kultureagaz lotuak. Meme lehiaketea, 'Erradikalak gara'ikuskizuna eta Txoborro Magoa euki doguz orain arte, eta uda ostean asmoa dogu halako gehiago egiteko. Ezin dogu dana aurreratu, baina lehiaketa edo ikuskizunen bat antolatuko dogu.
Argazkiak Berbaro alkarteak itxitakoak dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!