Fanfarreak eta kaleko musikea Zornotzan, XIV. Haizetara jaialdian
2019-06-14 13:40 MusikeaBagilaren 21etik 23ra, bertoko eta kanpoko talde ugari ibiliko dira herriko kaleetatik.
Fanfarre, banda eta kaleko musikearen Nazinoarteko Jaialdia da Haizetara, zaleen agendetan ondo finkatuta dagoan hitzordua, aurreko urteetako bisitari kopurua eta aurtengo kartelaren kalidadea ikusita. Bagilaren 21etik 23ra egingo dabe 14. edizinoa, eta gaur aurkeztu dabe antolatzaileek, Amorebieta-Etxanoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.
Hiru egunez hainbat lekutatik etorritako taldeak ibiliko dira kalerik kale: bertokoez gan, Benin, Erresuma Batua, Frantzia, Katalunia, Madril, Granada eta Zaragozatik etorriak. Hamabi banda izango dira danetara, herriko kaleak alaitzeko. Horreetatik, bederatzi lehiatuko dira bandarik onenaren saria (10.000€), instrumentistarik onenarena (1.000€) eta publikoaren saria eskuratzeko (4.000€).
Aurtengo programea 3Indarrok Elektrotxaranga euskal taldeak zabalduko dau, ohikoa daben nahasketeagaz: bai estilo aldetik (folk, pop, rock, salsea...) eta baita hizkuntzen aldetik be. Erresuma Batuko Flat Cap Brass funk brass band erako taldea da, zortzi musikariduna. Bartzelonako La Orquestra de Ermesinde, bestetik, talde eklektikoa da, baina Balkanetako musikan oinarritua.
Befunkbop andaluziarrek funk doinuak lantzen ditue, eta Muchachos Brass madrildarrek kanta ezagunak egokitzen ditue kaleko estilora. Jingle Django be Madriletik dator Zornotzara. Sopa Loca Frantziatik dator, baina Hego Amerikako doinuen inguruan jantzan jarriko dabe jentea.
Cobla, 14 kideko talde katalanak Hummusman izeneko ikuskizuna ekarriko dau, rumbea, musika latinoa eta Balkanetakoa buztartzen dituan saioa. Azkenik, Afrikako Beninetik dator Eyo'nle Brass Band. Hain zuzen be, Gineako Golkoko herrialdeetan ohikoa dan letoiaren tradizinoa bertoko publikoari erakutsiko deutsie.
Lehiaketaz kanpo, honeek hiru taldeak egongo dira Zornotzan: Broken Brothers Brass Band, Bloco RebelaSon eta Lambroten Brass Band. Jarduera osogarrien artean, familientzako musika tailerrak, jam session-ak eta hilaren 21eko Zelaieta zentroko kontzertu didaktikoa aitatu leitekez.
Jantza saio bi be egongo dira Bilboko Swing Sideren eskutik. Alkarte hori topagune bihurtu da swing musikea eta honi lotutako jantzak atsegin dituen bilbotar eta bizkaitarrentzat. Ganera, bagilaren 17tik garagarrilaren 5era, Katxarrismos erakusketea ikusi ahal izango da Zelaietan, Augusto Gonzálezen proiektua, hainbat perkusino, haize eta soka instrumentu erakusten dituana, baina danak eguneroko objektuakaz eginak.
Kontzertuen egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!