Zazkel taldeak lan barriaren aurrerapena dakar: 'Estadu kolpea' bideoklipa
2019-06-14 12:25 MusikeaZeberioko taldea bere lan barria grabetan ibili da azken hileotan.
Zeberioko Zazkel taldeak Estadu Kolpea izeneko bideoklipa argitaratu barri dau. Afera ustela eta ZTD kantuen berbetan jorratutako bideari eutsiz, sendotasun handiagoagaz dator seikotea. Gaur aurkezten daben aurrerapen kantu honetan, taldearen lan barriak ekarriko dituan berezitasunak atzemon daitekez.
Zazkel taldea 2012. urtean sortutako pop-rock taldea da. 80. hamarkadako talde euskaldun eta atzerritarren erritmoetan oinarrituta, sortzaile taldeak euskal pop rock erradikala sortu dau gitarra, bateria, baxua, sintetizadorea eta ahotsaren bitartez euskal musikeari ekarpen barri bat eskainiz. Pop musikea zein disco edo afrobeat musika estiloak ditue eragin eta aniztasun horretan oinarritzen dira euren konposizinoak egiteko momentuan.
Taldeak 2015. urtean argitaratu eban lehenengo kantuen maketea eta 2016. urtean, Kaki Arkarazoren gidaritzapean, Garate Estudioetan grabau eban taldeak bere lehenengo diskoa.
Sortzaile talde honek gaur argitaratutako Estadu kolpea aurrerapen kantuan, The Clashen Magnificent Seven abestiaren funky erritmo gordinak eta Negu Gorriaken bateria sampleatuen erreferentzia argiak entzun daitekez.
Abesti barri honetan, seikoteak Gorpuzkingz taldeko partaideen laguntzinoagaz, euskal kulturearen mugarriak zalantzan jarten ditue aro barri bat iragarriz; GPKren kolaborazino bikainak ukitu oldarkorrago bat emoten deutso Zazkelen jarrera sendoari.
Bideoklipari jagokonez, Hodei Torresek eta Oskar Gutierrezek zuzendu dabe eta soinu teknikari lanetan Mikel Reparaz ibili da. Estilismoaren ardurea, barriz, Betitxe Saituak izan dau.
Gaur aurkeztutako kantua taldearen disko barriaren aurrerapen kantua da, beraz, udagoien aldera etor daitekeenaren zain egongo gara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!