Emakume musikariei espazioa emongo deutse Itsasmuseumek

Bizkaie! 2019-06-14 09:44   Musikea

Rabba Rabba Girl! zikloan zortzi taldek joko dabe.

Teresa Laespada eta Jon Ruigomez, aurkezpenean (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Abuztuko, iraileko eta urriko domeketan hitzordu bereziak egongo dira Bilboko Itsasmuseumen aurrean dagoan Kuboen Zabalgunean, Rabba Rabba Girl! ziklo barriari esker. Rock musikearen munduan dabizan emakumeen sormena autortu eta gizarteratzeko helburuz jaio da ekimena, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta aitatutako museoaren eskutik.

Foru Aldundiko Bardintasun arloko jarduneko diputaduak, Teresa Laespadak, eta Itsasmuseumeko zuzendari Jon Ruigomezek emon dabe zikloaren barri, Bilbon egindako aurkezpenean. Azaldu dabenez, rock musikeari ekarpen handia egiten deutsie emakume ugarik, eta zirkuitu nagusietan egotea merezidu dabe.

Ez dago emakumeei debekatutako lurralderik, eta XXI. mende honetan ezin da biztanleen talentuaren % 50 alferrik galdu, adierazo dau Laespadak. Batez be gazteentzat, emakume musikariak erreferente izan behar dirala dino.

Zikloaren sustatzaileek Riot Grrrl mobimendu feminista estadubatuarra omendu nahi dabe. 1990eko hamarkadearen hasieran,  emakumeak rockean ikusgai bihurtzeko zirkuitu alternatiboa sortu eban mobimenduak, gizonezkoen banden imitatzaile hutsen estereotipoak gaindituta. Emakumeek hartu eben oholtza ganeko agintea.

Oraingoz, hiru kontzertu programau ditue, eta rock musikea nagusi dan arren, abesbatza batek be emonaldia eskainiko dau. Danetara, emakumez osotutako edo emakume liderrak dituen zortzi talderen barri emon dabe, batzuk atzerrikoak. Epe luzerako helburua da Rabba Rabba Girl! erreferente bihurtzea, Euskal Herrian emakumeek zuzentzen dituen taldeen edo emakumez eratutakoen musikearen programazioan.

Hiru kontzertuak honeek izango dira:

- Abuztuaren 18an, Ramonas, Moonshakers eta Desorden.

- Irailaren 15ean, Koko Jean & The Tonics eta Rock&Choir/ Zirzira Ahots Taldea.

- Urriaren 13an, Liza Colby, Rosebud eta Kim Lenz.

Kontzertu guztiak domeketan izango dira, eguerdi partean hasita. Itsasmuseumaren aurreko zabalgunean ipiniko dabe oholtzea, baina euria bada, museo barruko auditoriora aldatuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu