'Bertsoaren harria' aurkeztu dau Koldo Izagirrek

Bizkaie! 2019-06-13 12:58   Bertsolaritzea

21 bertsolariren figurea berreskuratu dau fikzinoa eta historia buztartzen dituan liburu horretan.

Mutu egon diran 21 bertsolari, beste sasoi batzuen oihartzuna dakarren 21 izen aukeratu ditu Koldo Izagirrek bere proiektu barrian. Harri, burdina eta brontzezko figurak barriro berbetan eta kantuan jarri ditu idazle pasaitarrak, Lankuren eskutik plazaratu dauen Bertsoaren harria liburuan.

Estilo eta genero ugari buztartu ditu liburu bakarrean Izagirrek, bertsolaritzearen mundua orain arte agertu ez dan modu baten kontetako. Bertsoak tartekatzen dira berba lauen artean, idazlearen gomutak, bertsolari zaharren pasadizoak... fikzinozko pasarteak edo datuak be ez dira falta. Ahots ugariz jositako narrazinoa da horren emoitzea, Lankuren arabera.

Pello Errota, Lasarte, Txirrita, Uztapide, Mattin, Xalbador, Balendin Enbeita... bertsolari ugari beste ikuspegi batetik ezagutuko ditu irakurleak. Kontakizuna biribiltzeko, ganera, argazkiak sartu ditu Koldo Izagirrek 300 orrialde pasautxuko liburuan.

Donostian aurkeztu dau Koldo Izagirrek Bertsoaren harria. Beragaz batera agertu da Iñaki Murua bertsolaria, Euskal Herriko Bertsozale Alkarteko lehendakari ohia. Lankuko koordinatzaile Marta Agirrezabala be egon da.

 

Agirrezabala, Izagirre eta Murua, Donostian (argazkia: Lanku)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu