Kultura Ondarea Sariak, Getxora eta Lea-Artibaira
2019-06-13 09:08 KultureaEuropa, Lea-Artibai eta Ondarroako BHI zentroak izan dira aurtengo irabazleak.
Teknologia barrien bitartez, euskal ondare kulturala gazteen artean nabarmendu eta zabaltzea da Kultura Ondarea Sarien helburu nagusia, Eusko Jaurlaritzeak azaldu dauenez. Aurten, bosgarren edizinoan, 33 ikastetxetako 153 ikasle-taldek hartu dabe parte, lehiaketan inoz egon dan kopururik handiena. Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Bingen Zupiria Kultura sailburua buru, Gasteizen banatu ditue sariak.
Hiru irabazle nagusi izan ditu sariketeak. Batetik, Getxoko Europa ikastetxea, eta, bestetik, Lea-Artibaiko zentro bi: Lea-Artibai ikastetxea eta Ondarroako Bigarren Hezkuntzako Institutua. Ganera, azken ikastetxe horrek aitamen berezia jaso dau, lehiaketara proiektu gehien aurkeztu dabena izateagaitik, beraz, sari bikotxagaz etxeratu dira ondarroarrak.
Kultura Ondarea Sarietan parte hartu daben taldeek 3 eta 10 minutu arteko bideoak egin behar izan ditue, ondarearen kontzeptua ikuspegi zabal batetik landuz. Ikus-entzunezko teknikak erabilita, taldean lan eginda eta ikuspegi barritzailea aplikauta lortu behar dabe helburua.
Belaunaldi gazteenek kultura ondarea zabaltzeko daben garrantzia azpimarratu dau Iñigo Urkulluk: Kultura ondareak belaunaldi gazteenen konpromisoa behar dau, era horretan, iraganaren eta etorkizunaren arteko kultura hariaren jarraipena bermatzen dogu. Konpromiso barik, garenaren zati bat, gure nortasunaren zati bat, galdu egiten da. Lehendakariak gogoratu dau lehiaketearen bost edizinoetan 2.700 ikasle baino gehiagok hartu dabela parte.
Proiektu irabazleen laburpenak honeek dira:
- Nuestra Señora de Europa ikastetxeko ikasleek Fantastic Beasts and where to find them in Bilbao (Basapiztia fantastikoak eta Bilbon honeek non topau) bideoa sortu dabe. Bilboko elementuen, batez be arkitektonikoen, eta animalien munduaren arteko paralelismoa aurkeztu dabe. Kasu honetan, epaimahaiak ikasleek egindako dokumentazino-lana balorau dau, baita proposamenaren orijinaltasuna eta kalidadea be. Bideoa ingelesez dago, euskerazko eta gaztelaniazko azpitituluakaz.
- Lea Artibai Ikastetxearen kasuan, ikasleek nahiko ezezaguna dan jazoera historiko bat gogoratu nahi izan dabe: Lekeitioko Garraitz ugartearen iragana, Hansen-en gaixotasuna eukien personak bertara eroaten zituen eta. Epaimahaiak Zoritxarrak Garraitzera lanaren balio emozionala saritu nahi izan dau, baita dokumentazino-lana be.
- Ondarroako Institutuko ikasleek Emakumeak arraunean bideoa egin dabe. Lan honetan, historian zehar arraun-munduak izan dauen bilakaerea erakutsi dabe, euskal ondarearen eta kulturearen ezaugarri lez. Alor horri genero-ikuspegitik begiratu deutsie.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!