'Harribitxi flandriarra' heldu da Arte Eder Museora

Dabi Piedra 2019-06-12 13:09   Kulturea

Joos van Cleveren Deikundearen triptikoa Obra Gonbidatua programearen barruan erakutsiko dabe.

Miguel Zugaza museoko zuzendaria, van Cleveren triptikoa aurkezten | Ikusi handiago | Argazki originala

Errioxako Santo Domingo de la Calzada katedralean ospakizunetan dabiz, izena emoten deutsan santuaren jaiotzearen milagarren urteurrena dala eta. Efemeride berezi hori, kasu honetan, hango obra bat Bilbora ekarteko atxakia izan da, Obra Gonbidatua programearen bidez. Hurrengo hileetan, urriaren 13ra arte, Arte Eder Museoan ikusi ahal izango da Deikundearen triptikoa, Santo Domingoko katedralaren eskuzabaltasunari esker.

Ekimenaren babesle dan Santander Bankua Fundazinoaren zuzendari Borja Balsegak harribitxi flamenkoa deitu deutso XVI. mendearen hasierako obra horri. Izan be, kolore bizidun eta detaile harrigarridun triptiko horrek hiru eszenatan kontetan dau Deikundea. Joos van Cleve Anberesko pintorearen maisulanetako bat da.

Isidro Bango, Madrilgo Unibersidade Autonomoko Artearen Historiako katedradun eta Erdi Aroko artean aditua egon da museoan, obrearen nondik norakoak azaltzen. Historiografia ofizialak 1515 eta 1520 bitartean kokatzen dau koadroa, baina Bangok uste dau 1521ean egina izan behar dauela gitxienez, Anberesko katedralaren torrea amaituta ikusten dalako erdiko eszenearen hondoan. 1521era arte ez eben guztiz amaitu torre hori.

Edozelan be, artearen historiako aldi garrantzitsu biren arteko zubilana egiten dau triptikoak, Bangok nabarmendu dauenez: berez, Erdi Aroko pinturearen barruan sailkatuta dago, baina heltzear egoan errenazimendua iragarten daben ezaugarri batzuk ditu. XVI. mendeko eskola flandriarraren erakusgarri garbia da, bestetik.

Misterio batzuk gordeten ditu artelanak, adituek erantzunik ezin izan deutsie emon. Esate baterako, halako maisutasunez egindako koadro bat zelan heldu zan Anberestik Santo Domingo de la Calzadara. Isidro Bangok uste dauenez, Erdi Aroko merkatari bideek zerikusi handia izan eben, eta, beharbada, Carlos V.a enperadorearen hurreko handiki batek enkargau eban. Oso leitekena da Anberesetik Bilboko portuaren bidez heldu izana Errioxara. Baina ez dago datu ziurrik.

Detaile ugariko obrea

Ikonografia aberatsa dauka Deikundearen triptikoa-k, erlijinoari lotu-lotua. Bangoren arabera, sasoi haretako artelanetako sinbologia esangura zehatz eta argikoa izan behar zala agintzen eban Eleizeak. Hortaz, koadroko sinbolo eta alegoria guztiak kristautasunaren bidez erraz identifikau leikiez adituek. Hori gitxi ez, eta eszenen inguruko markoetan idatzita dagoz barrukoa interpretetako testuak.

Hortaz, esangura asko batzen dira hiru eszenetan, Bangoren arabera. Deikundearen pasartea dago erdigunean, baina jazoera horregaz lotutako bestelako eszena batzuk be agiri dira, inguruan begiratu ezkero. Ezkerreko eszenan, San Juan dago Patmosen; eskumakoan, San Jeronimo penitentzia egiten. Isidro Bangoren arabera, lehen mailako pertsonaietatik hasi eta hondoko detaileetara, ez dago zoriz marraztutako ezer, elementu guztiek daukie esangura zehatza.

Triptikoaren atzealdean, eszena nagusietako kontestua eta artistearen sasoiko ikuspegia ulertzen laguntzen daben marrazki monokromatikoak egin zituan van Clevek. Erdikoa tapauta dago, artelanaren euskarria ipini behar izan dabe eta, baina alboetakoak osorik ikusi leikiez museora doazan bisitariek.

Santo Domingo de la Calzadako katedraleko kabildoaren presidente Francisco Suárez pozik agertu da obrea Bilbon jente askok ikusiko dauelako. Baten batek pentsau leike arraroa dala milurtekoaren ospakizunen erdian katedraleko pieza baliotsuenetako bat kanpora bialtzea. Milurtekoa dala eta, kanpoko artelan ugari ekarten gabiz Santo Domingora, beraz ez deusku inporta beste hau Arte Eder Museoari lagatzea, azaldu dau Suárezek. Baina behin behinean, ganeratu dau.

'Deikundearen Triptikoa'. Joos van Cleve, XVI. mendearen hasierea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu