'Migratzaileei buruz zabaldutako aurreretxiak zapuzten hasi behar gara'
2019-06-12 12:59 KultureaMigratzaileen inbasinoa dago, migratzaileak pobreak dira eta migratzaileak herrialde pobreetatik datoz.
Estrasburgoko Giza Eskubideen Nazinoarteko Institutuko eta Madrilgo Unibersidade Autonomoko Nazinoarteko Harremanen eta Afrikako Ikasketen irakasle Mbuyi Kabundaren eretxiz, alderdi populistek eta hedabideek zabaldutako hiru mito edo aurreretxi zapuzten hasi behar gara: migratzaileen inbasinoa dago, migratzaileak pobreak dira; eta migratzaileak herrialde pobreetatik datoz.
Sabino Arana Fundazinoak atondutako Afrika: garabidean dagoan kontinente baten erronkak. Gazteak, emakumeak, urigintzea eta migrazinoak izeneko mintegian parte hartu dau gaur Kabundak. Irakasleaz gan, garapenerako nazinoarteko lankidetzako adituek, lankidetza-arloko agentzia eta antolakundeetako arduradunek, katedradunek eta bestelakoek parte hartu dabe jardunaldian. Mbuyi Kabundak, Afrikanisten Espainiako Alkarteko presidenteak eta Afrikako herrialdeen arteko harremanetan nahiz Afrika barruko nahiz kanpoko migrazinoetan adituak, adierazo dau Afrikako migrazinoak ez dakartso ezelako mehatxurik Europako herrialdeetako kultura-identidadeari'. Kabundaren aburuz, Afrikako etorkinen etorrerea aukera bikaina da harrera-gizarteentzat, kulturarteko buztarketaz aberastu daitezan.
Era berean, migrazinoek herrialdeak inbadiduteko mehatxua dakartelako eretxiaren kontra, Kabunda irakasleak esan dau Afrikako migrazinoa kontinentearen barrukoa edo horizontala dala, ez horrenbeste kontinentetik kanpokoa: Jatorrizko herrialdetik kanpora doazen hamar lagunetatik zortzi ondoko herrialdeetan geratzen dira Mauritania, Maroko eta Tunisian, eta horreek mafien amarru edo iruzurren biktima izaten dira, azpimarratu dau.
Kabundaren ustez, migratzaileak ez dira pobreenak, ezpada suberte handikoenak, ezta herrialde pobreetatik datozenak; herrialde pobreenak ez dira migratzaile gehien sortzen dituenak, tarteko diru-sarrerak dituen herrialdeak baino, hau da, transizino ekonomiko eta demografikoan dagozanak, adierazo dau.
Jente ugarik onartzen dauen beste baieztapenetako bat hau dogu: Afrikako etorkinek bertokoei lana kentzen deutsela: Hori ez da guztiz egia. Etorkinak, oro har, jatorrizkoek nahi ez dituen lanpostuetan ibilten dira. Europako herrialde askok migratzaileak behar ditue, horreei esker demografiaren hazkundea ez dalako negatiboa, adierazo dau.
Era berean, azpimarratu nahi izan dau etorkin gehienak ez dirala alfabetaubakoak edo ikasketarik bakoak; Kabundak dinoanez, gehien-gehienek maila ertaineko edo goi-mailako ikasketak ditue eta immigrazinoa bilakaera gero eta feminizatuago dago (% 47). Esangura horretan, jakintsuen igesa be aitatu dau, harrerako herrialdeek erabili leikiena.
Kabundaren eretxiz, konponbidea ez da mugak zarratu edo migratzaileei emondako polizia edo administrazino-tratu eskasari erreparetea, ezpada migrazinoen kudeaketa eraginkorra, migratzaileen itzulerea errazteko edo, kasu batzuetan, harrera-herrialdeetan luzaroan geratzeko, baterako garapena sustatuz.
Kabunda irakasleak esan dau migratzaileak munduko biztanleriaren ehuneko hiru baino ez dirala, hau da, 240 miloe lagun inguru. Mbuyi Kabundaren aburuz, Afrikari begituta, garapenaren porrota edo azpigarapenaren iraupena dogu afrikarren migrazinoen arrazoi behinenetakoak: Europak eta Afrikak izan daben garapena, oso desbardina, Afrikako immigrazinoaren arrazoi nagusia dogu, arrazoi ekonomiko, politiko eta kulturalak dirala tarteko, adierazo dau. Afrikako 400 miloe biztanle pobreek, hau da, Saharaz azpiko Afrikako biztanleen erdiak, Europarako bidea hartu nahi izango dabe, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik, joan dan mendeko 80ko eta 90eko hamarkadak galdu dituelako eta, gainera, etorkizun hoberik atzemoten ez dabelako oraingo hamarkadan edo datozenetan, azaldu dau. Bestela esanda, afrikarrak Europarantz datoz politikearen eta kulturearen liberalismoak erakarrita eta bizi-maila handiagoa dagoalako bertan. Egoera horren benetako azalpen ekonomikoa dogu, funtsean, Afrikaren eta Europaren artean edo hegoaldearen eta iparraldearen arteko desoreka ekonomikoa.
Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak, Jonan Fernándezek, eta Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, Juan Mª Atutxak, emon deutse hasierea jardunaldiari.
Mbuyi Kabundaren berbaldi nagusiaren ondotik, komunikazino bana plazaratu dabe CEAR-Euskadiko zuzendari Patricia Bárcenak eta Xabier Aierdi soziologoak. Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Euskal Lankidetza Agentziako zuzendariak, Paul Ortegak, moderatzaile jardun dau osteko eztabaida-saioan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!