Getxoko Muxikebarriko Ereaga areto nagusia asteon estreinauko dabe
2019-06-12 11:35 MusikeaMuxikebarriko areto nagusian 782 lagunentzako lekua dago.
Getxoko jantza zentroak eta abesbatzak dira asteburu honetan Muxikebarri, Getxoko Arte, Kultura eta Kongresuen Zentro barriko Ereaga aretoa erabiliko daben lehenengo kultur taldeak. Nahiz eta Andrés Isasi Musika Eskolako ikasleek gau, eguaztena, probauko daben aretoa ikasturte amaierako entzunaldi bat eskainiz. Ereaga aretoak 782 lagunentzako lekua dauka eta baliabide tekniko aurreratuak izango ditu. Bertan, Getxotar Jantza Eguna ospatuko da barikuan eta zapatuan, hilak 14an eta 15ean eta domekan, bagilaren 16an, Getxotar Abesbatzen Eguna izango da, udaleko kultura-egiturearen jarduera ikusgai jarten daben ekimen bi, hain zuzen be. Horreez gan, bagilean beste musika-saio batzuk be izango dira aretoan.
Getxotar Jantza Egunaren 16. ekitaldia izango da aurten eta, bi egunetan, bertoko jantza eskoletako ikasleak batu ditu ikasturtean eginiko lana erakusteko. Barikuan, hilaren 14an, Jantzarte akademiak zabalduko dau saioa 20:00etan eta, biharamunean, zapatuan, beste hiru saio izango dira: 12:30ean, Ana Lararen Jantza Estudioa; 18:00etan, Areetako Flamenko Eskolea; eta 20:45ean, Carmen Veraren Romoko Jantza Estudioa. Jokereari eutsiz, edade askotariko jantzariek estilo anitzeko koreografiak egingo ditue.
Domekan, bagilaren 16an, Getxotar Abesbatzen Eguna ospatuko da 18:00etan. Hamabi taldek parte hartuko dabe eta ahots baxu, misto eta emakumezkoak entzuteko aukerea izango dabe zaleek. Koral bakotxak kantu bi abestuko ditu eta, besteak beste, Jesus Guridi, Jim Papoulis, Pier Paul Berzaitzen eta herri-kantuak interpretauko ditue.
Hilaren 21ean, barikuan, Irriband kontzertuaren txandea izango da, 19:00etatik aurrera; saio horretan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak alkarlanean ibiliko dira Andrés Isasi Musikalia bandea eta bertoko Biotz Alai Txiki, Lilura eta Kimez ume-abesbatzakaz eta hirukotearen kantu ezagunenak interpretauko ditue. Hilaren 29an, Euskadiko Ikasleen Orkestrea (EIO) joko dau 19:00etan. Euskal musika eskola eta konserbatoriotako 80 ikaslek osotzen dabe taldea eta Txaber Fernandez zuzenduta Sibelius eta Griegen piezak joko ditue. Azkenik, bagilaren 30ean 3. Txiki Kanta izango da, Getxoko ume abesbatzen jaialdia, sei talde batuko dituana.
Ereaga aretoa
Muxikebarri zentroko areto nagusian 782 lagunentzako lekua dago, hiru pisutan banatuta eta formatu ertain eta handiko ekimenak hartuko ditu. Puntako baliabide teknikoz hornidu da eta horreen artean nabarmentzekoak dira 1.200 metro kubikoko maskor akustikoa eta agertoki motorduna. Gainera, orkestra-pezoia, 55 musikari hartu leikezana, modu automatikoan igon daiteke agertokiaren mailara, horren azalerea handitzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!