Musika urbanoak hartuko dau Deustu zapatuan
2019-06-11 11:31 MusikeaHamazazpi kontzertu izango dira hiru agertokitan, Bilbao BBK Live jaialdiaren aurrekari.
Aurten be, garagarrileko BBK Live festibalagaz lotuta, Hirian ekimena egingo dabe aste batzuk lehenago, kasu honetan zapatuan, bagilak 15. Era horretara, Kobetako jaialdi erraldoiaren mokadua emongo deutsie zaleei, urian bertan. Aurreko urteetan Hirian Bilbo Zaharrean egin badabe be, oraingoan lekua aldatu eta Deustu auzora jo dabe.
Musika urbanoaren alorreko talde eta bakarlari esanguratsuak batuko ditue, hiru agertokitan: San Pedro plazako kioskoa, frontoia eta Basoa in the City izeneko gunea. Antolatzaileen arabera, hamazazpi kontzertu egongo dira zapatuan, eguerdian hasi eta goizaldera arte.
San Pedro plazako kioskoan rock doinuak izango dira protagonista. Han joko dabe Surfin' Bichos, Zea Mays, Tremenda Jauria, Kumbia Queers eta beste hainbatek. Aurrez aurre, San Pedro plazako frontoian, doinu urbanoenen agertokia egongo da: La Zowi, Chico Blanco, Mitto Koronkon... azkenik, Basoa in the City musika elektronikoaren zaleen gunea izango da.
Bilboko Udalak ohar baten azaldu dauenez, Bilbo Zaharretik Deustura aldatu dabe Hirian ekimena, auzo horretan be jarduera ekonomikoa sortzeko asmoz. BBK Live jaialdiak musika-emonaldi jasangarriaren eredua sustatzen dau, Bilboko kulturearen, gizartearen eta ekonomiaren arloetako garapenari bultzadatxua emotearren zuzeneko musikearen balioen bitartez, zehaztu dau Udalak. Kontzertuak doban izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!