Abian da Proyecto Larrua barruan hartuko dauen Atalak 2.0 programearen sorkuntza laborategia
2019-06-11 09:18 KultureaBagilaren 21era, hamabi jantzariak Proyecto Larruan sartuko dira.
Gipuzkoatik Nafarrora salto egin eta Atalak 2.0 aurten egingo dauen bigarren sorkuntza laborategian sartu da, Tuterako Teatro Gaztambide antzokia eta Proyecto Larrua erdigune. Bagilaren 21era 12 jantzari Jordi Vilasecaren eta Aritz Lopezen gidaritzapean Artalde proposamena landuz.
Sorkuntza laborategi honetan gorputz-hizkuntzan jarten dogu arretea; kontaktu fisikoak eta keinuak komunikazino bitartekari legez. Grotowskiren antzerki pobrean eta Peter Brooken espazio hutsean inspirauta, gure gorputzen bitartez espazioa eraldatu eta bizikide izatea gura dogu, esaterako, gorputzak espazio eszeniko bilakatuta, azaldu dabe Larrua proiektuko zuzendariek.
Sorkuntza laborategi hau Nafarroako Gobernuaren DNA Sorkuntza 2019 programearen barruan kokatzen da eta, Baluarte Fundazinoagaz batera, Atalak 2.0 programearen bazkide da. Aste bitan egindako lanaren aurkezpena ondorengo lekuetan egongo da ikusgai: bagilaren 21ean, Tuterako Teatro Gaztambiden; bagilaren 24an, Gipuzkoako Dantzagunean (Errenteria); hilaren 25ean, Malandain Ballet Biarritzen; 27an, Gasteizeko Felix Petite Antzokian eta 28an, Tabakaleran (Donostia). Aurkezpenok mediazinorako eta topagunerako tresna dira publikoarentzat. Horreei esker, jantza garaikidearen barruan prozesuak ezagutzeko aukerea eskaintzen da. Erakustaldietan prozesuetan jarten da indarra eta ez emoitzetan.
Sorkuntza laborategian Proyecto Larruak Begoña Martín aktorearen laguntzinoa izango dau. Azken honek kanpo begi lanak egingo ditu. Ondorengo jantzariak dabiz Proyecto Larrua eta Begoña Martínegaz alkarlanean: Aitor Jimenez, Araitz Lasa, Iker Sanz, Mirka Vlachou, Pablo Navarro, Pauline Bonnat, Saioa Belarra, Xián Martínez, Oier Abrego, Aimar Odriozola, Alicia Cayrou eta Neil Höhene.
Atalak 2.0
Jantzaz buru dauen Atalak 2.0 mugaz haraindiko proiektuak Donostia Kultura, CNN Malandain-Ballet Biarritz, Tabakalera, Gipuzkoako Jantzagunea, Azkuna Zentroa, Gasteizko Antzerki Sarea eta Baluarte Fundazinoa ditu bazkide. Atalak 2.0 programak aste biko iraupena dauen sorkuntza laborategiak eskaintzen deutsee Akitania Barria-Euskadi Nafarroa Euroeskualdeko koreografo eta sortzaileei, 8 eta 12 jantzariz osotutako taldea bere esku jarrita. Egitasmoak sorkuntza koreografiko garaikidea eta Euroeskualdeko profesionalen arteko hartu-emonak sustatzea ditu helburu.
Ikerketa eta ensegua dira Atalak 2.0 plataformaren ezaugarriak. Ekimen horren bidez, Jantzazek sorkuntza koreografikoko mikroprozesuak bideratzen ditu eta horreek narratiba artistiko garaikideak ikusleen esku ixten ditue. Sorkuntza laborategietan prozesuak hartzen dau garrantzia. Atalak 2.0 programeak koreografiaren munduan lehen pausuak emoten dabizen sortzaileak ditu erdigune eta talde sorkuntzea ardatz dabe laborategiek. Taldean jardutea jantzarientzako eta koreografoentzako erronka handia da, izan be, baliabide ekonomikoak tarteko, jantzearen zirkuitoan gero eta gatxagoa da jantzari taldea osotu eta sortze prozesuan barruratzeko aukerea izatea.
Proyecto Larrua
Proyecto Larrua Jordi Vilasecak eta Aritz Lopezek zuzendutako jantza proiektua da, berezko hizkuntza bat dauena. Egitasmoan, hainbat estilo, fisikotasun eta diziplina buztartzen ditue (Break Dance eta Jantza Garaikidea). Larrua proiektuak pedagogiaren alorra hartzen dau eta fisikotasun zein emozinoetan antzekotasunak dituan jantzea dau oinarri, jantza garaikidearen eta break dance-aren arteko nahasketatik datorrena.
Jordi Vilasecak (Bartzelona, 1982) Bartzelonako Jantza Konserbatorio Profesionalean egin zituan ikasketak. Egun, besteen artean, ondorengo konpainiakaz dabil lanean: La Metros, Lanonima Imperial, Nordans Company, Steptex Dance Project, Centro Coreográfico Gallego, Entremans, Dance Channel Project, Plan B, Cia Antonio Ruz, Ballet Carmen Roche, Teresa Nieto Compañía. Egun, jantzari eta sortzaile lez dabil lanean, diziplina ugari buztartzen dituan proiektuak zuzenduz Aritz Lopezegaz alkarlanean.
Aritz Lopezek (Vitoria-Gasteiz, 1988) 2003. urtean emon eutson hasierea jaantzari ibilbideari: Soul Flavas taldeagaz bboying praktiketan hasi eta Jose Uruñuela jantza konserbatorioan ikasketak eginda; Anton Lachky, David Zambrano, Sita Ostheimer edota Peter Jascoregaz batera. 2013an, Austrica Nobulus konpainiagaz lanean hasi zan eta Round Corner (Austria), Next Zone (Danimarka), Nui (Vitoria-Gasteiz), Ertza (Donostia), Eva Geurrero (Bilbo) edo Ziomara Hormaetxe (Bilbo) konpainiakaz ibili da lanean. Egun, Larrua proiektua zuzentzen dau Jordi Vilasecagaz batera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!