Irati Alcantarilla, 2019ko Eskolartekoko txapeldun

Bizkaie! 2019-06-10 08:30   Bertsolaritzea

Aner Peritz izan da bigarren, Saran jokatutako finalean.

Irati Alcantarilla, Saran (argazkiak: Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Sarak hirugarren aldiz hartu eban Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala zapatuan. Hamahiru bertsolari gaztek igon eben oholtzara, Julene Etxeberrik jarritako gaiei kantetako asmoz. Azkenean, Irati Alcantarilla urruñarra izan zan irabazlea.

Saio puntuagarriak atal bi izan zituan: lehenengoan, agurra eta ofizio bina egin behar izan zituen parte-hartzaileek. Ondoren, bigarren atalean, puntuazinoz pasautako sei sailkatuek segidu eben kantuan. Aitor Tatiegi, Aner Peritz Euzkitze, Aroa Arrizubieta, Bittor Altube, Irati Alcantarrila eta Xabat Illarregi izan ziran. Azken sailkapenean, Irati Alcantarilla izan zan lehenengoa, eta Aner Peritz bigarrena.

Maddi Sarasuak jantzi eutsan txapela irabazleari. Oraintsu hildako Aitor Sarasuaren gomutan eta haren sendiaren izenean emon eutsien txapela irabazleari jazteko ohorea Maddi Sarasua, Aitorren alabeari. Bera be bertsolaria da, ganera. Saioaren ondoren, Hegoa Iparra alkartearen eskutik, bazkaria egin eben parte-hartzaile guztiek.

Maddi Sarasua eta Irati Alcantarilla.

Hamahiru finalistak honeek izan ziran: Arabatik, Aitor Ugarte eta Aroa Arrizubieta; Bizkaitik, Maite Sarasola eta Bittor Altube; Nafarroatik, Xabat Illarregi eta Ekhiñe Zapirain; Gipuzkoatik, Aitor Tatiegi eta Aner Peritz; Lapurditik, Irati Alcantarilla eta Naia Etxeberri; Baxenabarretik, Ekhi Perrier eta Unai Harluxet; eta Zuberoatik, Leire Casamajou.

Bertsozale Alkarteak eta Ikastolen Alkarteak antolatzen dabe Eskolarteko Txapelketea, gazteei oholtzan bertsotan egiteko espazioa eskaintzeko ez eze, hori guztia lagunarte ederrean egin deien. Aurtengo edizinoan, 15 eta 18 urte bitarteko 98 bertsolarik emon dabe izena, eta herrialde bakotxean kanporaketak eta finala egon dira, 13 saio guztira. Euskal Herriko lurralde guztietako 13 ordezkari batu ziran Saran.

Finalistak eta antolatzaileak, saioaren ondoren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu