Jokin Azkue: 'Euskerearen ebaluazinorako tresna oso ona izan da EGA'
2019-06-10 08:15 BarriketanHABEko zuzendaria.
Helduen euskalduntzea eta alfabetizazinoa dira Jokin Azkueren helburuak. Euskerea ikasteko baliabide didaktikoak landu eta sortzeaz gan, euskaltegi publiko eta homologatuen jarduerea sustatzen eta finantzietako ardurea be badauka.
1996tik 2005era be HABEko zuzendaria izan zan baina beti Hizkuntza Normalizazinoan zein Euskerea Sustatzeko Zuzendari lanetan ibilitakoa. 1984an, psikologian lizentziaduna da Azkue jn.a
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 1982an sortutako EGA agiriaren azken deialdia bagilaren 28an izango da eta irailetik aurrera C1 ofiziala egongo da indarrean.
1.- EGA azterketea amaitu da EAEn? Nafarroan eta Iparralden ez... Zein da arrazoia?
Bai. Legealdi honetan erabagi zan, euskerearen agenda estrategikoa onartu zanean, euskera ziurtagirien berrantolaketea egitea. Kontua da ze Eusko Jaurlaritzan bertan sail asko dagozala ziurtagiriak emoten dituenak, HABE, IVAP,Osakidetza, Ertzaintzea, Nafarroako Gobernua, Iparraldekoa, Hezkuntza Saila
eta bestelakoak. Beraz, planteamendua zan hori danori berrantolatzea batez be bikoizketei aurre egiteko.
Horrezaz gan, Europako Erreferentzia Marko Bateratua be gogoan hartuta, aldaketak nahitaezkoak ziran.
2.- Agiria lortu dauen personea euskaldun betea dala autortzen dau EGAk. Ezagutzen dodaz nik EGAdunak euskeraz nahikoa baragarri dabizenak...
Bai. Arlo guztietan jazoten dira holakoak. Kontuan hartu, EGA edo euskerearen gaitasun mailak neurtzen dituen ziurtagirietan, momentu jakin batean ikaslearen mailea neurtzen dala, egun horretan hiztunak dauen mailea, azterketa eredu eta denpora zehatz bategaz neurtutakoa. Erabilerearen kontua be hortxe dago, izan
be, prozesuan ikasitakoa lantzen ez bada, momentu jakin haretako gaitasuna galdu egiten da. Maileari eutsi edo galdu, aukera biak gogoan hartu behar dira.
3.- EGA zein Laugarren Hizkuntza Eskakizuna dogunok egokitzapenik edo azterketarik egin beharko dogu?
Ez. Adituen batzorde batek egindako baliokidetzarako taula bat badago hor nonbait eta hori apliketan da. EGA, Nafarroako Hezkuntza Sailaren agiria, Euskal Erakunde Publikoaren agiria zein Euskaltzaindiaren sasoi bateko D eredua eta beste batzuk baliokideak dira eta behin azterketak gaindituta ez dago besterik.
4.- 37 urte egin ditu EGA agiriak. Labur-labur baino ez bada be, ze balorazino egingo zeunke?
Euskerearen ebaluazinorako tresna oso ona izan da, kalkulua azkar eginez, 400.000 lagun baino gehiago izan dira urteotan EGA agiria lortu guran ibilitakoak; gogoan daukat 35.000 lagun be aurkeztu izan dirala nozonoz. Gainera, ezin hobeto itxi dau euskerea neurtzeko fidagarritasuna.
Beste datu bat emongo deutsut: Igazko deialdian, bagilean eta irailean 10.000 lagun inguru aurkeztu ziran, gehienak ikasleak, % 85 inguru; sano deigarria da horrenbeste lagun aurkeztea eta, esangura horretan, ikastetxeetan be aspaldi hasi ginan EGAren amaierea eta c1 ofizialaren ezarpenaren barri emoten.
5.- C1 izango da EGAren baliokidea? A1 eta A2, B1, B2, C1, C2, Zeintzuak dira horreen ezaugarriak?
Gaur egun Europako Erreferentzia Marko Bateratua hartzen da kontuan, bigarren hizkuntzearen irakaskuntzan hartzen dan erreferentzia. Sei graduko eskalea dago eta EGAduna kapaz izango da 5. graduan, hau da, C1 mailako gaitasuna izango dau. Mailaketea sei gradukoa da, zeuk aitatu dozuzan horreek: A1 eta A2 (Oinarrizko mailea), B1, B2 (Ertaina) eta C1, C2 (Goi mailakoa). Gaur egun euskaltegietan egiaztatzen dira. Hortik aparte, deialdi edegiak dagoz eta B1etik gorakoak emoten dira. Udagoienetik aurrera B1etik C2rakoak osotu egingo dira udabarrian egingo dan beste deialdi bategaz.
6.- Zelakoa izango da azterketea? EGAn diran Atarikoa, Idatzizkoa eta Ahozkoa?
Hirutik bira pasauko gara. Kostua handiagoa izango bada be, atariko frogarik ez da egingo; galbahea zan atariko hori, gerora begirako azterketa zuzenketea mugatuz. Orain, barriz, idatzizko lana izango da hasierako lana eta hori gainditu ostean, ahozkora joango litzatekez hautagaiak. Kontuak kontu, idazketea
neurtzeko azterketa bakarra egingo dau C1eko deialdian sartzen danak, lan potoloagoa.
7.- IVAP, Osakidetza, Ertzaintzea, Euskaltzaindia, Labayru, C1, Laugarren Hizkuntza Eskakizuna... ez al dira larregi?
Gobernuan dagoan planteamendua da erakunde egiaztatzaileak bihar-etzi bi izango dirala, hizkuntza eskakizunak IVAP erakundeak egingo ditu eta, beraz, aitatu dozuzan horreek desagertu egingo litzatekez. Bigarren blokean, barriz, euskerearen komunikazino gaitasuna neurtzeko eginkizuna HABE erakundearena izango da. Erakunde bi horreek emongo dituen agiriak baliokideak izango dira.
8.- HABEren Erregistroan izena emondako euskaltegiak eta autoikaskuntzarako zentro homologatuak publikoak edo pribatuak dira. Publikoak udalen edo udal erakundeen eskuetan dagoz; pribatu asko federazinoetan batuta (AEK, Elkarlan, Batuz, IKA) eta beste hainbat federau barik. Horreei erantsi behar jakez autoikaskuntzarako zentro homologatuak. Saltsa eta lehia handia dago euskaltegien artean...
Orain dala hiru urtera arte euskaltegiek ez eben parte hartzen egiaztatze prozesuetan. HABEk deialdi edegiak egiten zituan eta euskaltegietako ikasleak aurkezten ziran deialdi horreetara. 2016an agindu bat onartu eban orduko Kultura eta Hizkuntza Politik sailak eta hortik aurrera sartu ziran euskaltegiak
egiaztatze prozesuetan; B1 mailara arte posible da prozesua osorik egitea eta B2tik gora ariketa batzuk euskaltegietan egiten dira, ahozko eta idatzizko ulermenezkoak. Hau da prozesu bat arian-arian aurrera doana. Kontua da ze euskaltegi guztiak, publikoak zein pribatuak, saretuta zein ez, sistema bakar baten
barruan dagozala.
9.- Euskerea ikasteko baliabideen artean, Bizkaie!-ren testuak darabilzan Ikasbil, Udako Barnetegiak zein Habe Liburutegia dagoz. Bizkaie! atariko testuak be erabili izan dira Ikasbilen...
Bai, Bizkaie!-ren Editoriala gogoan daukat, urte batzuk joan diran arren. Pisu handiena batuak dauka baina Bizkaie! eta Labayru be ezin doguz ahaztu. Honegaz lotuta, azterketei begira be, EGA ziurtagiriaren azterketa ereduak eta bizkaieraz egiten ditue Labayrun.
10.- Bolada bi egin dozuz HABE erakundean. 1981ean jarri eban martxan Eusko Jaurlaritzeak HABE, Eusko Jaurlaritzako Autonomiadun Erakundea. Ze erronka dozu bihar-etzirako?
Badago zeregina, esparru ezbardinetan gabiz beharrean. Batetik, bikoizketei aurre eginez, euskera mailea egiaztatzeko EGAtik C1era aldaketea edo ordenazinoa nabarmenduko deutsut. Bestetik, ebaluazino tresnak hobetu eta arlo horretan dabizen prestatzaile, irakasle eta enparauen lan baldintzak eta hobetu gura geunkez.
Materialgintzea be ezin ahaztu. Ikasbil eta beste zenbair arlotan badago lana sortzen, zuzentzen eta. B2ko materialak atontzen gabiz orain, motel antzean gabiz, ez da guk gura geunken erritmoa baina eten barik gabiz. Kontuan hartu material landuak egitea ez dala erraza baina asmoa hor dago.
Irakasleen prestakuntzea be burukomin handia da. Euskaltegietako irakasleen konpromiso handia nabarmenduko neuke, 1.300 bat irakasle ditugu eta oso inplikauta dagoz prestakuntza planetan; indartu gura dogun arloa da eta laster agindu bat argitaratuko dogubidea erraztuko dauena.
Beste alde batetik, euskaltegien aurrera begirako finantziazino erispideak eta irakasleen lan baldintzak be jorratu beharko doguz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!