Genero ikuspegia txertatuko dau Bilbok urigintza planean
2019-06-07 10:00 KultureaUrigintzea ez da neutroa.
Bilboko Udalak genero-ikuspegia sartu gura dau uriko urigintza-planen garapenean; holan egingo dabe Bilbo Zaharrak, San Frantziskok eta Zabalak, auzo horreetako barrikuntzako eta barruko birgaikuntzako plan berezia aldatzen danean. Surbisa birgaikuntzako udal soziedadearen bidez, helburuak dira urigintzearen bitartez bardintasun eza desagerrarazo, emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna sustatu, eta Bilbo inklusiboago bat eregi.
Uririgintzeak eragina dau personen eguneroko bizitzan, euren ingurunearen oinarri fisikoa arautzen dauelako: espazio libreak, etxebizitza eta bestelakoak. Bestalde, personek beharrizan eta nahi ezbardinak ditue lurrari eta uri eta landa espazioei jagokenez, eguneroko bizitzan euren gan hartzen dituen genero-rolen ondorioz. Horregaitik, urigintza-plan barrian genero-ikuspegia sartuz, bai emakumeek bai gizonek baliabide guztiak bardintasunean eskuratu ahal izatea bermatuko da.
Genero-ikuspegia urigintza-planeko zenbait eremu estrategikotan benetan txertatzea bultzatu nahi da. Batez be 9 gai izango dira kontuan, urigintzeari loturik planaren garapena mesedetuko dabenak: urigintzako segurtasuna; mobikortasun jasangarria eta irisgarritasuna; kontziliazinoa eta denporearen kudeaketea; irisgarritasuna etxebizitzan eta etxebizitzara; zerbitzu, ekipamendu eta espazio publikoetarako irisgarritasuna; enplegurako eta jarduera ekonomikorako irisgarritasuna; ezagutza eta errekonozimendu soziala; lengoaia ez sexistearen erabilerea, eta gobernantza parekidea.
Surbisak genero-ikuspegia txertatuko dau herritarren parte-hartze prozesu baten ostean. Hiru parte-hartze saio publiko egingo dira. Herritarrek aukerea izango dabe balizko planean sartzeko moduko hobekuntza-proposamenak alkarregaz landu eta adosteko. Proponidutako bederatzi gaietatik hiru landuko dira saio bakotxean.
Egutegia
Lehenengo saioa nagilaren 11n izango da eta urigintzako segurtasuna, mobikortasuna eta kontziliazinoa landuko ditu. Bigarrena irailaren 17an egingo da, eta etxebizitza, ekipamenduak, eta enplegua eta jarduera ekonomikoak jorratuko ditu. Azken saioa urriaren 8an izango da, eta gaiak errekonozimendua, lengoaia eta gobernantzea izango dira.
Saio guztiak San Frantziskoko Udaltegian egingo dira, 18:00etatik 19:30era. Saioetako batean, bitan nahiz hiruretan parte har daiteke. Beste persona batzuk (umeak, edadekoak ...) euren ardurapean dituen personek zaintza-zerbitzua izango dabe.
Parte hartzeko, aldez aurretik izena emotea gomendatzen da www.generoauzoan-bilbao.eus webgunean, baina ez da nahitaezkoa. Gainera, www.generoauzoan-bilbao.eus webgunea sortu da, Bilbo Zaharreko barrikuntzako eta barruko birgaikuntzako plan berezian genero-ikuspegia txertatzeko prozesuari buruzko informazino guztiagaz, eta parte-hartze saioetan izena emoteko eta parte hartzeko aukereagaz.
Bilbo Zaharreko barrikuntzako eta barruko birgaikuntzako plan berezia
Bilbo Zaharreko Barrikuntzako eta barruko birgaikuntzako Plan Berezia 1994an idatzi zan, eta Bilboko uri antolaketako Plan Orokorrean sartu.
1985ean, Bilboko birgaikuntzako udal soziedadea sortu zan, bai garaiagaitik, bai eginkizunagaitik aitzindaria. Helburua Birgaikuntza Plan Berezian mugatuta dagoan Alde Zaharreko urigintzako birgaikuntzea egitea zan. Gerora, 1994an, Bilbo Zaharreko Barrikuntzako eta barruko birgaikuntzako Plan Berezira zabaldu eban bere jarduketa-eremua.
Orain, Bilbo Zaharreko Barrikuntzako eta barruko birgaikuntzako Plan Berezia Bilboko uri antolaketako Plan Orokor barriari egokituko jako, une honetan barrikuspen-prozesuan dagoana. Beraz, auzo horreetako kultura-aniztasuna eta belaunaldi-aniztasuna kontuan izanik, Barrikuntzako eta barruko birgaikuntzako Plan Bereziaren aldaketak ikuspegi integral bat eskainiko dau. Hiru lan-fasetan banatuko da: analisia, diagnostikoa eta hobetzeko proposamenak. Herritarrek eta zerikusia daben eragileek parte hartzeko prozesu bat izango dabe, eta udal teknikariei urigintzan bardintasuna txertatzeko prestakuntzea eskainiko jake.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!