Urdaibaiko hondakinak garbitzeko, alkarlana

Bizkaie! 2019-06-07 09:29   Pil-pilean

2.500 boluntario eta 300 urpekari batuko dira bihar Biosferearen Erreserbako itsasertzean.

Ekimenaren antolatzaileak eta babesleak (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Plastikoak eta beste hondakin batzuk arazo larria dira itsasoko ekosistemen biziraupenean, eta horren inguruko kontzientzia zabaltzen dabil gizartean. Hori dala eta, adituek eta herritarrek indarrak batuko ditue Urdaibaiko Biosferearen Erreserbako itsasertzeko zikinkeriak garbitzeko.

Bihar, bagilak 8, izango da ekimena, baina boluntario joateko plazak beteta dagoz orain dala aste bitik, gitxi gorabehera. Danetara, 300 urpekari eta 2.500 boluntariok erantzun deutse Zero Plastiko Urdaibairen deiari. Garbiketea ez eze, kontzientziazinoa izango da biharko jardunaldiaren helburua, Ozeanoen Munduko Egunagaz bat eginaz.

Boluntarioentzako plazak beteta dagozan arren, antolatzaileek herritarrak animau ditue biharko jardunaldian parte hartzera. Horretarako, Busturiako ingurumen-hezkuntza zentrora jo leikie, 13:00etan hasita jarduera ugari egongo dira eta: lantegiak, bisita gidatuak, musikea, berbaldiak...

Kostaldea garbitzen doazanak, ostera, 09:30ean alkartuko dira. Esku hartzeko eremua zabala danez, hamalau zatitan banatu dabe, Gaztelugatxetik Elantxobera. Boluntario eta adituak taldetan banatu eta bakotxa eremu horreetako batera joango da. Zonalde bakotxeko arduradun bat egongo da, eta parte-hartzaileei beharrezko materiala emongo deutsie, esate baterako, eskunarruak.

Itsasertzeko plastiko eta hondakinak ez eze, itsasokoak be garbituko ditue. Horretaz arduratuko dira Izaro Urpekari Klubeko kideak eta eskualdeko herrietako ontzi batzuk. Ingurumenari kalte larregirik ez egiteko, garbiketara doazanei eskatu deutsie ahal dala garraio publikoan mobiduteko. Itsasertzeko puntu urrunetara heltzeko be, antolatzaileek garraiobideak ipiniko ditue.

Munduko ozeanoetan dagoan plastiko kopuruaren inguruko datuak zabaltzen hasi dira azkenaldion, eta egoerea uste zana baino txarragoa da. Kalkuluen arabera, itsasoko hondakinen % 70 arrantza-aparailuak, mikroplastikoak eta behin erabilteko plastikoak (poltsak, edalontziak...) dira. Batez beste, 500 urte behar ditu plastikozko botila batek guztiz desegiteko.

Zero Plastiko Urdaibairen antolatzaileak Eusko Jaurlaritzea, Bizkaiko Foru Aldundia, Urdaibaiko Erreserbea eta Izaro Sub Kluba dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu