Elorriok Ibilaldiaren lekukoa hartu dau
2019-06-06 12:44 Euskerea berbagaiAlkartasunari esker, 2019ko edizinoak eragindako galerak bardindu ditu Lekeitioko Azkue Ikastoleak.
Lekeition maiatzaren 19an egindako Ibilaldia historiako tristeena izan zan, eguraldi txarrak eragindako kalteen erruz. Maiatzeko egunik euritsuena izan zanez, lau guneetatik bi zarratu egin behar izan zituen, eta nahi baino askoz jente gitxiago joan zan Lekeitiora. Horrek eragindako zulo ekonomikoa atzean itxita, pozik agertu dira Elorriori lekukoa pasetako ekitaldian. 2020ko maiatzaren 31n, hirugarrenez egingo dabe Ibilaldia herri horretan.
Maiatzaren 19ko denporalearen kalteak ikusita, laguntzinorako deia egin eben lekeitiarrek, kontu-zenbaki bat edegita. Euskal Herri guztiko hainbat lekutatik jasotako alkartasuna uste ebena baino handiagoa izan da, eta egun gitxiren buruan zulo ekonomikoa bardindu dabe. Erantzun ikaragarria izan da, ekarpen ekonomikoa egin dabenen artetik zein laguntzeko euren burua eskaini daben guztien partetik, Ibilaldian parte hartu eben talde batzuek ez deuskue kobrau nahi izan, azaldu dabe Azkue Ikastolako Maitane Hidalgok eta Ainara Ikaranek.
Oraindino kontuak zehatz-mehatz egitea faltau jake, baina aurreratu dabe Ibilaldiko diruagaz egin beharreko proiektu batzuk martxan ipini ahal izango dituela. Nahi genduan moduan ez, baina helburuak bete doguzala esan geinke, adierazo dabe lekeitiarrek. Ikastolen Alkarteko lehendakari Koldo Tellituren arabera, etsigarria izan zan maiatzaren 19koa, beraz, horri bueltea emon izana pozgarria da: Euritea alkartasun uholde bihurtu jaku.
2019ko Ibilaldiaren inguruko ardurak konponduta, 2020koari ekiteko ordua da. Lekeitioko Azkue Ikastolako arduradunek lekukoa pasau deutsie Elorrioko Txintxirri Ikastolakoei, honeek antolatuko dabelako datorren urteko hitzordua. Elorrion hirugarrenez egingo dabe Ibilaldia (1999an eta 2006an izan ziran aurrekoak).
Hel horri leloa erabiliko dabe 2020ko Ibilaldian. David Cobos eta Eider Berrena Txintxirri Ikastolako zuzendari eta presidentearen esanetan, ekiteko deia eta Elorrioren izena buztartu ditue. Irudian be, Elorrio izenaren jatorrira jo dabe: elorri berbatik datorrenez, hiru elorri berde dira ikurreko protagonistak, frutu gorri eta guzti. Ikasle, irakasle eta gurasoek hartu dabe parte leloa eta irudia diseinetan.
Elorrioko Ibilaldiaren helburu nagusia azken urteotan garatu daben hezkuntza-eredua indartzea izango da, personak bizitzarako hezi goiburuari kasu eginaz. Umeak beti erdigunean dirala, hezkuntza integratzaileagoa, bardinzaleagoa eta jasangarriagoa sortzen ahaleginduko dira. Ganera, herriko eragileakaz alkarlanean jarduteko asmoa dabe.
Helburu materialei jagokenez, batutako dirua eraikin barri bat egiteko erabiliko dabe. Gaur egun, eraikin nagusiaz gan, bioeraikin erako beste bat dauka Txintxirri Ikastoleak. Holako beste bioeraikin bat egitea da asmoa, Haur Hezkuntzako ikasleentzat. Barrutik kanpora eregiko dabe, hau da, umeen beharrei lehentasuna emonda.
Elorrioko Ikastolea 1968an sortu zan, irakasle biren ardurapean. Abadiñoko Josune Munitxa eta Donostiako Maritxu ziran hareek andereño biak. 1972an, XVII. mendeko Txintxirri jauregira eroan eben ikastolea, eta hortik dator zentroaren izena. Gaur egun, 200 ikasle baino gehiago ditu, 16 urtera artekoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!