Ahotsenea Kobetamendin izango da garagarrilaren 14an

Bizkaie! 2019-06-05 10:06   Musikea

Berri Txarrak-en kontzertuaren aurretik jarduera ugari antolatuko ditu.

Ahotsenean kontzertua, Durangoko Azokaren barruan | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangoko Azokeagaz lotzen dogu Ahotsenea, sortzaileen gunea. Baina, garagarrilaren 14an, Bilbora helduko da, Kobetamendiko kontzertu-eremura hain zuzen, Berri Txarrak-ek egun horretan joko dauen kontzertuaren harira. Lekunberriko hirukoteak 21:00ean ekingo deutso lanari, eta aurretik beste proposamen musikal batzuk atondu nahi ditue antolatzaileek, arratsaldea girotzeko.

Ahotseneko arduradunei egin deutsie arratsaldeko programazinoan parte hartzeko proposamena, eta gogo onez onartu dabe, Ahotsenea Durangoko Azokearen mugetatik harago eroateko aukerea dalakoan. Euskerazko egitarau kulturala antolatu nahi dabe 16:30etik 20:30era Kobetamendin, eta Ahotsenearen izakerea bete-betean bat dator horregaz.

Ahotseneak, honenbestez, deialdi publikoa egin dau, euren egitarauan parte hartu nahi daben sortzaileek izena emon deien. Kontzertu laburrak joko dituen zortzi talde edo bakarlari behar ditue. Hautagai gehiago egon ezkero, hainbat erespide erabiliko ditue zortzi aukeratzeko. Emakumezkoak edo emakumeren bat daukien taldeak egoteari lehentasuna emongo deutsie, eta euskal lurraldeen arteko orekea be bilatuko dabe.

Bagilaren 6an, goizeko 09:00etan, zabalduko dabe izena emoteko epea. Euskeraz abesten daben talde edo bakarlariak aurkeztu leitekez, 2019an diskoa atera dabenak (edozein formatutan). Hona idatzi behar dabe hautagaiek: ahotsenea@durangokoazoka.eus.

Oholtza bi ipiniko ditu Ahotseneak Kobetamendin, Triangelu eta Basoa izenekoak. Bakotxean lau kontzertu egongo dira, hortaz zortzi talde edo bakarlarirentzako lekua baino ez dago. Emonaldi laburrak izango dira, 30 minutukoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu