'Jamaikako neska' liburua aurkeztu dau Joxemari Iturraldek

Bizkaie! 2019-06-05 09:14   Kulturea

Protagonistearen bizitzea ipuinen bidez kontetan da.

Ipuin bildumatzat hartu leiteke Joxemari Iturralderen liburu barria, edo nobelatzat be bai. Izan be, protagonistearen ibilerak, gogoetak eta gomutak kontetan dituan haria dago, baina gauza asko ipuinen bidez agertzen dira. Protagonistea Dafne da, euskal jatorriko jamaikarra, eta bera da ipuinetako narratzailea. Pamiela argitaletxeak plazaratu dau Jamaikako neska.

Ipuin bakotxeko istorioak eta kokapena desbardinak dira, ez dagoz alkarregaz lotuta. Badagoz benetan jazotakoak, fikzinozko kontakizunak, gaur egungoak, antxinakoak... ipuin batetik bestera, baina, Dafneren bizitzea kontetan dau Iturraldek, narratzailearen autobiografia balitz lez.

Liburua Jamaikan hasi arren, Dafne Euskal Herrira bueltauko da, eta horrek bertoko egoeraz gogoeta batzuk sartzeko aukerea emon deutso Iturralderi. Azken baten, euskal idazle guztiek Euskal Herriaz berbetan amaitzen dabela uste dau. Dana dala, bere asmoa ipuin pilo bat kateatzea izan da, narrazinoari omenaldia egitea, analisi soziologikoa, politikoa edo historikoa alde batera itxita.

Gitxi gorabehera, ETAk bere jarduerea itxiko ebala iragarri ebanera arteko istorioak batzen dira Jamaikako neska-n. Bere nobelak euskal historiaren sasoi esanguratsu bategaz lotzeko jokerea aspaldikoa dau Iturraldek. Gerra Zibilaren eta diktadurearen bueltan kokatu eban Izua hemen; eta Franco hil eta geroko giroan Kilkirra eta Roulottea

Harkaitz Cano idazle eta Iturralderen laguna be egon da Jamaikako neska liburuaren aurkezpenean, Donostian. Iturralderen originaltasuna txalotu dau, lan aberatsa egin dauelako. Pertsonaia nagusia nortasun handikoa dala eta bigarren mailakoek be ekarpen baliotsua egiten dabela uste dau Canok. Ipuin batetik bestera dagozan aldaketak be nabarmendu ditu, batez be generoak txandakatzen diralako eta protagonisteak ezagutzen dituan lekuak modu patxadatsuan azalduta dagozalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu