Etxepare-Laboral Kutxaren Itzulpen Saria martxan

Bizkaie! 2019-06-04 08:06   Kulturea

2018an euskeraz argitaratutako liburuak beste hizkuntza batzuetara itzultzeko proiektuek hartu leikie parte.

Kirmen Uriberen 'Mussche', euskerazko eta japonierazko edizinoetan (argazkia: Etxepare) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bosgarren edizinoa beteko dau Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariketeak aurten. Betiko asmoari eusten deutso deialdiak, hau da, euskal literaturako lanak atzerriko hizkuntzetara zabaltzea. 2018an argitaratutako libururen bat beste hizkuntza batera itzultzeko proiektua aurkeztu behar dabe itzultzaile edo argitaletxeek, eta epaimahaiak proposamen onena aukeratuko dau.

Etxepare Institutuaren arabera, itzulpenak dira euskal idazleen lanak nazinoartera zabaltzeko bidea. Bide batez, sariaren bitartez, itzultzaileen lan izkutua nabarmendu nahi dabe antolatzaileak. Erespide nagusi bi kontuan hartuko ditue irabazlea aukeratzeko orduan: itzulpenaren beraren kalidadea, eta argitaletxeak obrea zabaltzeko daukan plana. Hori dala eta, 4.000 euroko saria erdibana emongo deutsie itzultzaileari eta liburuaren itzulpena plazaratuko dauen argitaletxeari.

Ganera, beste 2.000 euro emongo deutsiez itzultzaileari, Euskal Herrira etorri daiten liburua aurkezten, edo jatorrizko herrialdean sustapena egin deian berbaldi eta aurkezpenen bidez. Sariak banatzeko ekitaldia noz izango dan ez dabe zehaztu, baina Itzultzaileen Nazinoarteko Egunaren, irailaren 30aren, bueltan izango da.

Lehiaketearen oinarriak, hemen.

Aurreko edizinoetako irabazleak honeek izan dira:

- 2018an, Amaia Gabantxo eta Center for Basque Studies (University of Nevada, Reno) Harri eta Herri eta Maldan Behera (Gabriel Aresti) ingelesera itzultzeagaitik.

- 2017an, Yaroslav Gubarev eta Anetta Antonenko Behi euskaldun baten memoriak (Bernado Atxaga) ukraineraz ateratzeagaitik.

- 2016an, Nami Kaneko eta Hakusuisha argitaletxea Mussche (Kirmen Uribe) japonieraz plazaratzeagaitik.

- Isaac Xubín eta Kalandraka argitaletxea Tempo de exilio (Joseba Sarrionandia) galizierara itzultzeagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu