Paxkal Indo: 'Seaskarena indar batuen historia da'

Dabi Piedra 2019-06-03 08:11   Barriketan

Seaskako lehendakaria.

Aspaldion mobilizazino ugari egiten dabil Seaska, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Alkartea. Gero eta ikasle gehiago erakarten dituan arren, Seaskak ez dau Hezkuntza Ministerioaren babes nahikorik behar diran irakasle guztien postuak beteteko. Pasa dan astean, Miarritzen egindako agerraldian, Gobernuagaz hurrengo ikasturterako akordioa adostu dabela iragarri eben Seaskako kideek, baina berau martxan jarteko baliabiderik ipini ezean, ikastolek protestak antolatzen segiduko dabe. Hurrengo mobilizazinoa eguenean izango da, Miarritzen bertan.

Paxkal Indo sortzaile eta musikaria da lanbidez, baina Seaskaren lehendakari be bada 2008tik. Hortaz, ikastolen eredua defendiduteari eskaintzen deutso denpora gehiago sorkuntzeari baino. Seaskaren buruzagitzea itxi baino lehen (dagoeneko iragarri dau badoala), ikastolen egunerokoa baldintzatzen daben auzien inguruan egin dogu berba beragaz. Seaskaren 50. urteurrena, Herri Urrats eta abar be aztertu ditu.

 

1.- Pasa dan astean Miarritzen egindako agerraldian, Seaskak azaldu eban akordioa egin dozuela Ministerioagaz, baina ez dozuela sinatuko, harik eta irakasle postuak bermatuta euki arte. Zelan da hori?

Akordioa itxita dago hurrengo ikasturteko baliabideak zehazteko. Baina Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez ditu guk eskatutako irakasleen postuak bermatzeko baliabideak emon nahi. Gu bat gatoz akordioan esaten danagaz, baina baliabide barik zelan jarriko dogu martxan bertan adostutakoa? 30 postu behar doguz ikasleen beharrak beteteko, gitxi batzuk geuk pagetako konpromisoa hartu geinke, baina ez danak. Postuak ziurtatu arte, ez dogu akordioa sinatuko, eta mobilizazinoei eutsiko deutsegu.


2.- Bariku honetan bertan daukazue hurrengo mobilizazinoa, Miarritzen. Zelakoa izango da?

Tanborradea egingo dogu, horrek emoten dau aukerea zeozer jentetsua, parte-hartzailea eta zaratatsua egiteko. Aurreko baten egin genduan beste tanborrada bat, eta ondo urten eban. Miarritzen ezagutu genduan [Jean-Michel Blanquer] Hezkuntza Ministroa, eta laguntzinoa agindu euskun. Berbea jan dauenez, tanborradea egingo deutsagu.


3.- Hezkuntza Ministerioaren trabak salatzen dozuez gehienbat. Beste erakundeek laguntzen deutsue?

Euskal Herriko erakundeek ez dabe aukerarik auzi honetan esku hartzeko, ez diru kontuetan, ez alde politikotik. Estaduaren eskuduntzea da, eta inork ezin dau horretan ordezkatu, legez. Baina egia da tokiko erakunde guztiak geure alde doguzala, horretan ez da dudarik izan behar. Gaur egun, ia udal guztiak, Euskal Elkargoa, departamendua eta Akitaniako eskualdea, danak dagoz gure alde. Gure kontra egiten dauen bakarra Frantziako Estadua da.


4.- Zergaitik egiten deutse uko Estaduak zuen eskaerei behin eta barriro?

Diru kontua dala dinoe, baina badakigu atzean asmo dogmatiko eta ideologikoa dagoala. Frantziako Konstituzinoak dino Errepublikearen hizkuntzea frantsesa dala, Frantzia elebakarra nahi dabe. Frantsesaz gan beste hizkuntza batzuk berba egiten doguzanok bigarren mailako kulturak bagina legez bizi gara. Batzuetan esaten da Giza Eskubideen aberria dala Frantzia, ba auzi honetan bigarren mailako kulturak ezarten dira: gurea, Bretainiakoa, Korsikakoa, Kataluniakoa, Alsaziakoa... hortaz, bigarren mailako herritarrak be badagoz.


5.- Ganera, egunotan beste eztabaida bat biztu da, hori be Frantzia aldetik heldua. Euskerazko murgiltze ereduak ez ei dau umeek frantsesez ondo ikastea bermatzen.

Murgiltze eredua aspalditik dogu martxan, eta beste hizkuntza batzukaz lan egiten dogu: okzitanierazko Calandretagaz, Bretainiako Diwanegaz, katalanakaz eta alsaziarrakaz. Bost hizkuntzen arteko antolakuntzea dogu murgiltze eredua defendiduteko. Danon artean erantzun dogu, eta badira gauza larri bi. Bata da, 50 urteko lana trabatzen daben esanak dirala; eta bigarrenik, Hezkuntza Ministerioak berak egindako ikerketek dinoenez, gure ikasleek ez dabe frantses txarragoa egiten, kontrara, beste eskualde batzuetan baino emoitza hobeak ditue arlo horretan. Frantziako Ministerioa guzurretan dabil, eta hori larria da. Edo, bestela, ez ditu datuak ezagutzen, eta hori larriagoa da.


6.- Frantsesa ez, euskerea da bizirauteko burrukan dabilena. Murgiltze eredua da hurrengo belaunaldiei euskerea transmitiduteko balio dauen hezkuntza eredu bakarra?

Murgiltze eredurik ez balego... jakin behar da, Iparraldean, eten egin dala familia barruko transmisinoa. Oso gitxik pasetan dabe euskerea familia barruan gaur egun. Beraz, zoritxarrez esango dot baietz, murgiltze ereduak baino ez daukala Iparraldean euskerea salbatzeko modua.


7.- Seaskak 50 urte bete ditu aurten. Osasunez ondo heldu da mende erdira?

Ikastolen Alkartea indartsu dagoala esan geinke, baina gure kohesinoa lortzea ez da horren gatxa, ez pentsau. Zergaitik? Alkarregaz urte askotako burrukak egin behar doguz, Frantziako erakundeek emoten ez deuskuena geuk lortu behar dogu... itxurea danez, horrek batu egiten gaitu Seaskako kideok, sekulako indarra emoten deusku. Nik beti esaten dot, Seaskak segiduko dauela Seaska izaten militante dan bitartean. Eta militante gara Frantziako Estaduagaitik.


8.- Nori eskertu behar jako 50 urteko ibilbidea?

Dudarik ez da Seaskarena indar batuen historia dala. Gurasoen, irakasleen, ikasleen, laguntzaileen... indarrek bat egin dabe Seaskan. Hego Euskal Herriko lagunak be ez dodaz ahaztu nahi. Beti ez da erraza, 50 urte burrukan emon doguz, baina beti lortu doguz helburuak, gitxi gorabehera.


9.- Zeintzuk izango dira hurrengo urteetarako erronkak?

Lehenik eta behin, urtero % 5 eta 7 bitartean igoten dogu ikasle kopurua, eta horri erantzun egin behar jako. Ikaragarria da hazkunde hori. Ipar Euskal Herriko hamar ikasletik bat Seaskan dabil gaur egun. Ganera, besteek gure eredua segitzen dabenez, euskerea irakaskuntzan sartuaz, bidea zabaldu dogu, eta horri eutsi behar deutsagu.


10.- Herri Urrats da Seaskaren ekimenik ezagunena. Hainbeste urte eta gero, formatu egokia da oraindino, ala eredua aldatzeko ordua heldu da?

Badakit Hegoaldeko beste jai batzuetan horren inguruko gogoetan dabizana, baina guk Iparraldean ezin dogu besterik egin, Herri Urrats behar-beharrezkoa dogu. Batzen dogun diruagaitik urtero-urtero antolatzen segidu beharko dogu, eta, ganera, hemen aukera gitxi doguz halako leku zoragarri baten halako jaiak egiteko. Formatua aldatzea burutik pasau izan jaku noz edo noz, baina egia da ez daukagula aldatzeko aukera handirik, gaur egun derrigorrezkoa dogu Herri Urrats.


11.- Hamaika urteren ostean, Seaskako lehendakari izateari itxiko deutsazu. Zer dala eta?

Batez be, kantsauta nagoalako. 2008an hasi nintzan lehendakari, lan boluntarioa da hau, eta nire lanean kaltea ekarri deust. Baina militante legez, egia da oso aberatsa izan dala.


12.- Hamaika urteko bidean, zerk itxi zaitu gustura?

Egia esan, frustrazinoak dodaz gehiago, gauza gehiago egiteko nahia geratu jat. Arazoa da, Frantziako Estaduaren tirabirak eta gorabeherak kudeatu beharrak indarra eta denporea kentzen deuskuela, beste gauza batzuk egiteko. Mingarria jat hori, gure denpora guztia ministroakaz negozietan pasetan dogu, gure egiazko helburutik desbideratzen gaitue. Umeen zoriona eta kulturea sendotzea dira gure benetako helburuak. Halandabe, gauza onak be egon dira, esate baterako, bertoko erakundeei erakutsi deutsegu Seaskaren zeregina estrategikoa dala. Bestetik, Seaskak parte hartu dau beste ekimen batzuk sortzen, Euskal Elkargoaren sorreran tartean egon ginan.


13.- Ardura handienak beste batzuei itxi arren, laguntzen ikusiko zaitugu aurrerantzean be.

Bai, hori birus baten modukoa da. Behin kutsatu ezkero, ez da berehala joaten. Laguntzaile segiduko dot Seaskan, euskalgintzan be ibiliko naz. Iparraldeak militanteak behar ditu oraindino, talo gitxi batzuk egin eta saltzea bada be, baina danen beharra dogu. Talogileak eta lehendakariak inportantzia bardina dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu