'Araba, euskaraz bidea egiten' liburua argitaratu dau Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2019-05-30 11:06   Euskerea berbagai

Euskereak herrialdean azkenaldion izan dauen aurrerakuntzea jorratzen dau argitalpen barriak.

2017ko zemendian Gasteizen egindako Araba, euskaraz bidea egiten jardunaldia da liburu barriaren abiapuntua. Euskaltzaindiaren Sustapen Batzordeak antolatu eban hitzordua, eta liburua be Akademiaren eskutik dator, Jagon Sailean hain zuzen. Jardunaldian zein liburuan, azkenaldion euskereak Araban izan dauen hobekuntzearen barri jasoten da.

Araba, euskaraz bidea egiten liburuak 112 orrialde ditu, eta Araban euskereak izan dauen berreskurapena eragile ugariren ahotik jorratzen dau, profesionalen, herritarren zein erakundeen ikuspegia emoteko. Liburudendetan salgai dago Jagon bildumako 20. alea dan hau.

Iñaki Martinez de Luna soziolinguista eta euskaltzaina izan da liburuaren koordinatzailea. Edukia lau atal nagusitan banatu dau:

- Euskereak Araban dituan datuak aurkeztu ditue Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuordetzako Agurtzane Ortiz de Landaluzek, Aztiker enpresako Asier Etxenikek eta Soziolinguistika Klusterreko Olatz Altunak.

- Erakundeetako euskera teknikariek euren lan ildo barritzaileenak eta etorkizunerako erronkak azaldu ditue. Arabako Foru Aldundiko euskera zerbitzuko Jokin Larrañagaren, Gasteizko Udaleko Alex Vadilloren, Guardia-Arabako Errioxako euskera teknikari Leire Sueskunen eta Gorbeialdeko Kuadrillako Manex Agirre teknikariaren gogoetak irakurri leitekez.

- Euskalgintzako eragileek euren esperientzien barri emon dabe. Euskaltegietako, euskera alkarteetako eta abarretako ordezkariek euren lanaren nondik norakoak azaldu ditue.

- Azkenik, Araban euskeraz diharduen hedabideetako ordezkari bik medio honeeen garrantziaz eta beharraz ohartarazo dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu