Eskolarteko parte-hartzaileak prest, bagilaren 8an, Saran batzeko
2019-05-28 12:10 BertsolaritzeaIrabazleari Maddi Sarasua Laskaraik jantziko deutso txapela.
Pasa den astegoienean jokatu zan Bizkaiko Eskolartekoa; bat-bateko saioa eginda ezagutu genduzan Euskal Herriko Eskolartekoan kantauko daben ordezkari bizkaitarrak, eta osotu da oholtzaratuko dan talde osoa. Saran dana dago prest bagilaren 8rako. Danetara, 13 parte-hartzaile izango ditu 2019ko Euskal Herriko Eskolarteko Bat-bateko Txapelketeak. Edozelan be, beste hainbat lagunek be hartu dau parte lurraldez lurralde Eskolarteko egitasmoan. Apirilean ezagutu genduzan Gipuzkoako eta Nafarroako bertsolari sailkatuak, aurrerago Arabako, Baxenabarreko, Lapurdiko eta Zuberoakoak, eta, azkenik, pasa barri dan astegoienean jakin dogu zeintzuk izango diran ordezkari bizkaitarrak.
Bagilaren 8an izango da Sarako Trinketean, hirugarrenez, XXXI. Euskal Herriko Eskolartekoa, goizeko 11:00etan hasita. Ondokoak izango dira parte-hartzaileak: Arabako Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001) eta Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002); Behe Nafarroako Ekhi Perrier (Anhauze, 2001) eta Unai Harluxet (Irisarri, 2002); Bizkaiko Maite Sarasola Isazelaia (Deustu, 2001) eta Bittor Altube Sarrionandia (Abadiño, 2001); Gipuzkoako Aitor Tatiegi Loidi (Oñati, 2001) eta Aner Peritz Manterola Euzkitze (Zarautz, 2002); Lapurdiko Naia Etxeberri Larzabal (Baiona, 2002) eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001); Nafarroako Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001) eta Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002); eta Zuberoako Leire Casamajou (Sohüta, 2002). Julene Etxeberrik jarriko ditu gaiak eta Joana Itzainak egingo ditu harrera eta amaierako aurkezle lanak.
Irabazleari Maddi Sarasua Laskaraik jantziko deutso txapela, Aitor Sarasuari esker onez eta Sarasua sendiaren izenean.
Ikastolen Alkarteak eta Bertsozale Alkarteak antolatzen dabe Eskolartekoa.
Bagilaren 2ra arte, bazkarirako txartelak
Bat-bateko finalaren ondoren, otordua eskainiko da Sarako Lur-Berri aretoan, 15:00etan, Iparra-Hegoako kideen eskutik. Txartelak eskuragai dagoz hemen 15 euroren truke. Domekara arte egongo dira eskuragai.
Zure inguruan Sarara joateko autobus zerbitzurik antolatu ete dan jakiteko, jarri hartu-emonetan zure lurraldeko Bertsozale Alkarteagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!