EHZ festibalak kartel osoaren barri emon dau
2019-05-28 09:54 MusikeaWillis Drummond, Anari, Izaki Gardenak eta abar Irisarrin izango dira.
Bagilaren 28tik 30era egingo dabe EHZ jaialdiaren 23. edizinoa Nafarroa Behereko Irisarri herrian. Azken urteotan, gogoetaldi, etenaldi eta aldaketak izan ditu hitzordu honek, baina egitarau sendo eta erakargarriari eutsi deutsie. Aurtengo kartela ikustea besterik ez dago horretaz konturatzeko. Lehendik iragarrita egon diran taldeei beste batzuk gehitu deutsiez antolatzaileek, eta programa potoloa eta kalidadezkoa geratu da jaialdiaren hiru egunetarako.
Besteak beste, Willis Drummond, Anari, Izaki Gardenak, Nizuri Tazuneri eta Liher egongo dira Irisarriko oholtzan, danak be euskal musika garaikideko izen ezagunak. Beste honeek be iragarri ditue: Niña Coyote eta Chico Tornado, Ray Fernandez, Pelax, Rodeo, Alba, Ibil Bedi, Diabolo Kiwi, Old School Funky Family, Cumbiam’bero, Manu Louis, The Very Small Orchestra eta Lu Rois.
Kontzertuez gan, bestelako ikuskizunak atonduko ditue Irisarrin, EHZ-ren egitarauaren barruan. Led Silhouette jantzariak eta Toi d'Abord zirkua aitatu ditue antolatzaileek, baita poteoak, txarangak, erakusketak... be. Eztabaidak bost ardatzen inguruan egingo ditue: feminismoa, jai eredua, burujabetzea/autogestinoa, G7a eta migrazinoak.
Aurretik be talde zerrenda luzea euki dabe iragarrita 2019ko EHZ-rako: Montauk, Iseo & Dodosound, Oihaneko Zühainetan, Gari & Maldanbera, Koban eta Broken Brothers Brass Band. Hortaz, lehendik egon diran taldeakaz eta orain iragarri dituenakaz, aurtengo kartela zarratutzat jo dabe antolatzaileek.
EHZ-ko hiru egunetarako bonuak salgai dagoz dagoeneko, 45 euroan. Baina bagilaren 3tik aurrera, karuagoak izango dira. Argibide guztiak, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!