Garagardao eta musikearen jaia Areatzan

Bizkaie! 2019-05-28 08:37   Musikea

Areatza Musik and Beer, musika eta artisau-garagardao jaialdia, maiatzaren 31n eta bagilaren 1ean izango da.

Arratiako Areatza Musik and Beer, Beerllaro Areatzako Garagardaozaleen Alkarteak antolatutako, bertoko eta nazinoarteko musikea eta Euskal Herriko garagardao artisauaren jaialdia, maiatzaren 31n eta bagilaren 1ean izango da. Musikeari jagokonean, Eskean Kristök, Arratiako taldeak, eta Euskal Herria, Galiza, Britainia Handia eta Amerikako Estadu Batuetako beste 9 taldek joko dabe jaialdian. Garagardaoari jagokonean, barriz, Basqueland Brewing-eko garagardao artisauak probetako aukerea egongo da. Janari kontuetan be eskaintza zabala iragarri dabe, hau danau Areatzako plazea estalduko dauen karpa baten egingo da.

Mississippi Queen & The Wet Dogs (rock-soul), Los Brazos (rock), Keylock (blues-rock), Eskean Kristö (rock), James Room & Weird Antiqua (blues), The Soul Jacket (rock and roll), Jared James Nichols (blues-rock) eta The Riff Truckers (rock and roll, blues eta country) izango dira Musik and Beer jaialdian musikea ipiniko daben taldeak eszenaleku nagusian. Paul San Martin Trio taldeak bariku arrastia, maiatzak 31, girotuko dau errekako pasealekua, eta zapatu eguerdian EuskOrleans Dixie Band taldeak animauko ditu Areatzako kaleak. Garagardaoari jagokonean, hiru estadubatuarrek Hernanin sortutako Basqueland Brewing Project-ek (BBP) egindako garagardaoak probau ahal izango dira batez be. BBP enpresearen zazpi garagardao: Captain, Imparable IPA, Arraun Amber Ale eta Begi Haundi, hain zuzen be, beste hirurak denporaldiko garagardaoak izango dira. Beste garagardao bi be probau ahal izango dira; DouGall’s-en Leyenda Bitter ingelesa estilokoa eta Braseserie d’Achouffe-ren La Chouffe garagardaoa Blonde Ale belgiarra. BBPk 25 garagardao desbardinetik gora egiten ditu, Arzak, Berasategi eta jatetxe ezagunenetan saltzen diranak. Sariak be jaso ditue euren garagardaoetako batzuek.

Gastronomiari jagokonean, barikuan, hilak 31, Kaitxo-ren txokolateak eta kafeak probau ahal izango dira errekako pasealekuan, Paul San Martin Trio musika taldeak jo bitartean. Hurrengo egunean, eguerdian, gaztaiaren eta garagardaoaren ezkontzea Beerbaoren eskutik eta bermuta eta gildak eskainiko ditu Destilerías Atxak. Arrastian, Destilerías Atxako Rudaina Jaber Carballoren eskutik konbinaduak egongo dira Areatzan. Gainera, jaialdi osoan, antolakuntzeak ipinitako jatekoa saltzeko leku bat egongo da udaletxeko arkupetan eta Bilbo Dulcek bere produktu gozoak salgai eukiko ditu.


2016tik garagardaoa eta musikea buztartuta

Areatzak beti izan dau musikeagazko lotura handia eta ekitaldi eta musika ziklo ugari egoten dira urtean zehar: Musika bakarrean, Erdu eta musikatu, Folklore Bizian, folk jantza eta jantza tradizional ikastaroak EHUgaz batera eta Zezili Deuna eta San Bartolome egunetako kontzertuak. Horrezaz gan, Areatzako Musika Bandea sortu eta 35 urte aurrerago, bandeak martxan jarraitzen dau. Oin dala hiru urte, AGE-Beerllaro Areatzako Garagardaozaleen Alkartea sortu zan, gargardaoaren artisau-produkzinoa eta kalidadezko konsumoa bultzatzeko. Eta holan, 2016an, Beerllaro edo Garagardaoaren Eguna ospatu zan. 2017an, Areatzako Tabernarien Alkarteak, Areatzako Udalak, AGE Beerllarok eta Areatzako Kirol Kultur Batzordeak indarrak batu zituen Blues and Beer Lehenengo Nazinoarteko Jaialdia sortzeko. Herriko eragileen laguntzeagaz, eskola eta Udala moduko erakundeakaz, ehundaka lagunek disfrutau ahal izan eben jaialdia. Eskola umeentzako berbaldiak dozenaka ikasle batu zituen, kale banden nondik norakoak aztertu eta ikasiz. Mila lagun inguruk bertako garagardaoaren 1.900 kaina probau zituen. Food truckak erantzun oso ona izan eban eta 800 zerbitzu emon zituan; sare sozialetako jarraipenak ahalbidetu eban Facebook-en 3.200 bistaratzera heldutea eta Youtubeko bistaratzeak 1.500etik gora izatea.

Igaz, musika estiloak ugaritzearen aldeko apustua egin eben antolatzaileek. Zazpi kontzertu antolatuz bariku eta zapatuan. Gastronomiari jagokonean, mila bat lagunek bertako garagardaoaren 2.900 kaina probau zituen. Food truck-ak eta hanburgesak be izan ziram, 1.200 zerbitzu emon arteraino. Kamiseta eta edalontzien salmentea ikaragarria izan zan; hurrengoz hurrengo, 250 eta 750. Hedabideetan presentzia etenbakoa izan zan eta sare sozialetako jarraipenak ahalbidetu dau Facebookeko jarraitzaileak ia 900era heldutea eta Youtubeko bistaratzeak 1500etik gora izatea. Aurten sareko presentzia handitu dabe eta musikandbeer.eus webgunea martxan ipini dabe

Antolatzaileak aurten bai kalidade aldetik, bai kopuru aldetik igazkoa gainditzeko asmoa daukie: Urtez urte oinarri sendoak ezarriz goazen neurrian, musika proposamena be handitzen doa. 2019. urteko jaialdian musika eskaintzea zabaldutea ebatzi dogu; holan aurten, jaialdiaren egun bietan, alde batetik barikuan Paul San Martin Trio eukiko dogu txokolate eta kafea probetako saioa girotzen eta zapatu eguerdian bermut sesinoagaz batera kalean musikea joten ibiliko dan talde bat egongo da dinoe antolatzaileek: Gure ustez, apurka-apurka hasikeratik jarritako helburuak beteten gabiz: alde batetik, bertako zein inguruko biztanleak kalidadezko rock, blues, funky musikaz gozetea eta bestetik, Euskal Herriko, espainiar estaduko zein atzerriko taldeentzat erreferentziazko jaialdi bihurtzea. Musika eskaintza honen helburu nagusia Areatza Musik & Beer jaialdiaren eremuak zabaltzea da gehitu dabe. Musikeaz gan, jaialdi honek herriarentzat onurak dakarz, holango jaialdiak turismorako sano erakargarri bihurtu dira-eta. Turismo kultural barri baten agerpenaren aurrean gagoz eta indartu behar dala uste dogu, herri askok euren eskaintza turistiko moduan opatzen dabe esaterako azpimarratu dabe.


Areatza Musik & Beer

Maiatzak 31, barikua

17:00etan, Kaitxoren eskutik txokolate eta kafea orobetako saioa eta salmentea errekako pasealekuan Paul San Martin Trio musika taldeak girotua.

19:00etan, Mississippi Queen & The Wet Dogs.

20:30ean, Los Brazos.

22:15ean, Keylock.

24:00etan, Eskean Kristö.


Bagilak 1, zapatua

12:00etan, garagardaoren (Beerbao) eta gaztaiaren ezkontzea errekako pasealekuan (15 euro).

13:00etan, bermuta eta gildak (Destilerías Atxa) errekako pasealekuan (15 euro).

13:30etik 15:30era, musikea herrian zehar EuskOrleans Dixie Band taldeagaz.

16:00etan, Destilerías Atxako Rudaina Jaber Carballok preparautako konbinaduak (10 euro).

17:00etan, Munduko III. Garagardao Kupelen Jaurtiketa Lehiaketea.

18:00etan, James Room & Weird Antiqua.

20:00etan, The Soul Jacket.

22:00etan, Jared James Nichols.

24:00etan, The Riff Truckers.

Egun bietan, antolakuntzeak udaletxeko arkupetan ipinitako janari stand-a eta Bilbo Dulceren postre gozoak egongo dira eta Martin Muro Areatzako marrazki¬lariak taldeen irudiak egingo ditu zuzenean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu