Maribel Arriortua: 'Zeozer amestu eta horrexen bila joatea da inportanteena'
2019-05-27 08:15 BarriketanMineralogía eta Kristalografia katedraduna.
Ikerbasque, Basque Foundation For Science erakundeak hiru sari edo autortza emon ditu oraintsu, hirurak emakumeak, Maribel Arriortua, Aitziber Lopez Cortajarena eta Maia Garcia Vergniory. Lehenago, Emakumeen Nazinoarteko Egunaren harian, Bardintasunerako Zuzendaritzeak antolatuta, UPV/EHUk bost emakume omendu ditu, hau da, Maribel Arriortua, Adela Asua, Inma Hernaez, Lourdes Oñederra eta Begoña Ochoa. Era berean, Emakume Hautetsien III. Batzarraren aintzatespena be ezin ahaztu. Nahikoa atxaki Maribel Arriortuagaz bat egin eta geure partez be autortzea eginez, galdera batzuk egiteko karrera osoaren arloan eta ikerketa zientifikoan egindako bide oparoagaitik.
Maribel Arriortua, EHUko Kristalografia eta Mineralogia katedraduna da 1992tik, IMaCris/MaKrisI ikerketa taldea sortu eta aitzindaria izan da ingurumen zein energiaren arloan aplikau leitekezan sistema multifuntzionalei buruzko ikerketan. 2010ean, Euskadi Ikerketa Saria emon eutsien.
1.- Zorionak egunotan jasotako autortza, sari eta errekonozimendu horreek guztiakaitik baina lanik barik ez dago ezer, ala berez etorri jatzuz, espero zenduan holako autortzarik?
Bai, eskerrik asko. Holakorik ez dozu espero, eguneroko jardunean zabiz buru-belarri baina sorpresa edo ezuste hirukotxa izan zan. Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako burua tarteko, Atzo-Gaur-Beti izenburupean, Maribel Arriortuak eskerrak emon ditu ohorea, poza eta erantzukizuna dan aintzatespena jasotearren: Batzuetan bakarrik sentiduten zara mundu profesional lehiakor honetan, eta aintzatespen honek besarkadea, maitasuna, emoten deutsu. Ikerlari, Kimikan Doktore eta EHU/UPVko Katedradunak autortu dauenez, kristalografiak, kristalak aztertzen dituan zientziak, nire biziteza markau dau.
Nire amesa material iraunkorrak, prestazino altukoak, kostu txikikoak, energiaren ikuspegitik eraginkorrak eta ezagutzan eta garapen iraunkorrean oinarritutako industriara begira egongo diranak lortzea da; Emakume Hautetsien III. Batzarraren aintzatespena nire amagaz, nire amamagaz, nire familiako emakumeakaz eta gure aurretik egon ziran amakaz, amamakaz konpartiduten dot, euren eskuzabaltasunagaz eta dedikazinoagaz gaur guk ekitaldi eder honegaz gozetako aukerea emon deuskuelako. EHUko erretorearena bestea eta hirugarrena, barriz, Ikerbasquerena. Pozarren nago, ohore handia da egin dozun lana autortzea, ze indarra hartzen dozu aurrera egiteko. Hori bai, erantzukizuna be badakar ze talde osoari, ikertzaile zein irakasleei egindako autortzea da, ezagutzeari eta talentuari, jente sortzailea behar dozu alboan eta zorionez holakok baditut; pentsaizu hemen ez egoala unibersidaderik be eta beraz, lan eta lan eginez, esfortzu handiz eta pasinoz aurrera doaz gauzak.
2.-Lehenengo emakume irakasle titularra izan zinan EHUn eta aitzindaria ingurumen zein energiaren esparruan. Ahaztu barik Euskadi Ikerketa saria be hartu zenduala. Nondik ataraten dozu denporea arlo horreek danak jorratzeko?
Kimika ikasketak egin nituan Bilboko Unibersidadean; lizentziau ostean, EHU sortu zan eta hortxe trebatutako lehenengo irakasle titularra izan nintzan kristalografian eta mineralogian. Katedra enkargua be izan neban eta egun hor gabiz. Tesia eta enparauak, Jakiundeko kidea be banaz, saltsa askotan ibiltea gustetan jat. Arlo danatan lan egiteko gogoa eta pasinoa behar da, egunaren orduak aprobetxetan jakitea. Norberaren burua atontzea da giltza. Nire egunak oso biziak dira, masterreko eskolak eta emoten dodaz, aldakortasun handiko arloa da kristalografia eta sano sortzaileak diran bekadunei be jaramon egiten deutset, gustetan jatezan arloetan nabil eta era horretara errazago ibilten da norbera. Ikerketa arloan, talde lana be gustetan jat eta espezialideade ezbardinetan be gozau egiten dot, industria sareagaz kolaborazino zuzenari eutsiz.
3.- Zientzia eta Teknología, Mineralogía eta Kristalografia dira zure lan arloak. Zein da zure egunerekoa?
Zoratzeko modukoa baina esaera zaharrak dakarrenez, gustoko lanetan aldatzik ez. Gure egunerokoak ez dauka ordurik, niri goizean goizetik 07:00rak aldera beharrean hastea gustetan jat, 07:00retatik 08:00retara, horixe da niretzako lan egiteko ordurik onena, ez dago zaratarik eta endredurik.
4.- Zer da Kristalografia? Zein da arlo horretako jardun eremua?
Kristalak aztertzen dituan arloa da kristalografia. Diamantea zein gatza, azukerea, hor kristala dago, baita txokolatean, pernilean zein ADN edo azido desoxirribonukleikoan zein medikuntzako latex berezi batzuetan be. Eta zelan ez, guk geuk be sortzen doguz kristalak, giltzurrunetako harrietan be badagozalako. Propiedade fisikoak ditue eta teknologian erabilteko oso egokiak dira. Danok gara kristalografoak. Granadako Alhambran ikusiko zenduezan Arabiako dekorazinoa, forma geometrikoak, planoak eta bestelakoak, egun batez bainoa ez bada, danok gara kristalografoak.
Bidebatez, oporrak preparau barik dabizenantzako, gauzatxu bat kontauko deutsut, izan be, Almerian. Sierra de Aguilonen, hain zuzen, leku ederra dago, abuztuan zabalduko dabe kobazuloa eta aukera ederra izango da geoda erraldoia edo barrunbe harritsua bisitetako; pare bat metroko igeltsuzko geoda bat dago bertan, mundu mailan miragarri geologikoa da; neurriari jagokonez, Europako bigarrena eta munduko bigarrena da, hain zuzen.
5.- Eredugarriak zarie zientziaren arloan, ustez gizonezkoena dan munduan. Zelakoa izan da zure ibilbidea?
Lan isila egiten dogu baina gure amesa da hau eta ez dago besterik. Ibilbidean ez dot sekula arazorik izan, normal ikusi dot dana, gura nebana aukeratu eta aurrera egin neban, etxean be asko lagundu eustien, babes osoa emon eustien gurasoek eta hori oso garrantsitsua da. Paulo Coelho idazle brasildarrak esaten eban amesak betetako aukereak dakar bizitzea interesgarria izatea eta hori da nire kasua, amesak betetan jarraitzen dot.
Steve Jobs-ek be esaten eban, zure amesak betetan ez badozuz, bateren batek kontratauko zaitu ames propioak bete ahal izateko. Zeozer amestu eta horrexen bila joatea da inportanteena, bestela bizimodua gogaikarria da.
Jakina, makaltsun fisikoa eta intelektuala handia izan arren, pasinoa lako indarrik ez dago. Egia da gizonez inguratuta egon nazela beti baina ondo konpondu naz danakaz.
6.- Kontaiguzu gaurko agendan zelako egitekoak dozuzan?
Agendea beti daukat beteta. Lehen be esan deutsut, etxean eta goizean goizetik lan egitea gustetan jat, nire sormena freskoago dago hor, zaratarik be ez dago eta burrundara hori da pentsetako blokeorik handiena. Orain zeugaz berba egiten nago eta amaitu ostean datorren astean Donostian daukagun biltzar baterako azken lanak egin beharko ditut, ze ekipo erosi be aztertzen gabiz, tesi doktoral baten berrikuspena egin behar dot, bekadunakaz egon, mihise zuria, dana asimiletan daben 6-8 urte arteko umeentzako tailer batzuk atondu... Halan da be, etxekoak, familia be ez dogu baztertzen.
7.- 60 miloe urteko historia berton daukagu, Zumaiako itsaslabar edo flysch ezagunetan eta Bizkaian, Uribe Kostan eta beste leku batzuetan be badagozan aztarnetan. Zelan sortu ziran?
Upealakoa da Zumaiakoa, munduan ezaguna. Ez naz aditua baina badakigu harriak, hatx tolesdurak dagozala Zumaian eta hatxok kristalez osotuta dagoz; katea da hatxa, minerala eta kristala, gero atomoa. Materialok ezagutzeko mineralen zehaztasunak jakitea nahitaezkoa da eta kristalen kontua be ezagutzea komenidu da. Paleontologia eta geologia be hor dagoz; eta horretan, Xabier Orue-Etxebarria espezialistea nabarmenduko deutsut, 40 bat urte daroaz lanean eta oraintsu autortzea egin deutsie.
Zumaiakoa sekulakoa da, 60 miloe urteko historia hemen gurean, jatorrian hatx sedimentarioen tolesdurak, fosilak eta alde mineralogikoa bereiztuz, hain zuzen; urteen porasuz tolesduretako hatx ahulenak desagertzen eta gogorrenak mantentzen joan dira baina badagoz Gaztelugatxen, Uribe Kostan zein Kantabrian antzekoak.
8.- Harriak, hatxek berebiziko garrantzia izan dabe Euskal Herrian, harri-jasotzaileak, dolmenak, cromlech edo harrespilak, errotak mobiduteko harriak...
Bai. Meatzaritzea, kanterak... Ereñoko kanterako marmolak gure suetetan dagoz... Gure historia ezin da ulertu harririk barik, hatxa beti izan da garrantzitsua gure herrian. Esploratzaileak izan gara beti eta mendirik mendi ibiltea gustau izan jaku, bide barriak topau eta horreetatik egin dogu aurrera.
Erromatarren sasoian be harriak oso erabilgarriak ziran.
9.- Ikerbasquen be ibilitako Enrique Zuazua ikertzaile eibartarrari Humboldt katedrea emon deutsie oraintsu eta matematika aplikatuan eta horren mugen inguruan ikertzen jarraitzea da haren amesa. Zure lan arloetan ba al daukazu mugarik?
Lagun handia da, bai. Beharrari jagokonez, osogarriak dira matematikea eta kristalografia, matematika barik ez dago kristalik; beraz, nik neuk ez dot mugarik ikusten, geure buruari geuk jarten deutsaguz mugak.
10.- Dana da zientzia eta dana da matematikea esaten dabenak ugari dira. Zein da zure eretxia?
Bai. Matematika barik ez gara ezer eta zientzia barik be ez; lehen Alhambrea aitatu dogu baina artelan danatan dago matematikea, geure arloan be matematikea behar dogu eragiketa txikiena egiteko.
11.- Zelan biziten zagoz Huawei, eskuko telefono txinatarren eta Google eta Ameriketako Estadu Batuetako agintarien arteko lehia?
Oso arduratuta nago. Kontu komertziala dago oinarrian baina muturrera eroatea gaia bildurgarria da. Bersinoak eguneratzea beharrezkoa da eta Google eta holakoen baimen barik galduta dagoz enpresak. Trump buru dauen herrialdea be hor dabil, pentsetan dauen kontuan, aurrera doa muturreko erabagiak hartuz, materialon ikerketan gabizanontzako erabagi kaltegarriak hartuz; berbarako, hegazkinentzako traba termikoetan gabiz beharrean eta lur arraroakaz (lantano, itrio, escandio...) sarri ibilten gara. Holakorik ez badogu, akabo... Txinak materialon % 90 dauka eta betoa jarriko baleu, zer?
12.- Zer esango zeunskio lotsaz eta bildurrez, zientziak arloko ikasketak egin nahian, unibersidadean sartzeko dagoan emakume bati?
Amesen alde egiteko beti. Oro har, galduta edo dabiz gazteak eta alboan aholku onak behar ditue.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!