'Urundiru' zergearen inguruko ikerketea kaleratu dau EHUk
2019-05-24 09:21 Pil-pileanJosé Ramón Díaz de Duranak Erdi Aroko Gasteizko kontuak aztertu ditu.
Gitxi gorabehera, 1420 eta 1760 urteen artean egon zan indarrean Urundiru izeneko zergea Gasteizen. Kasu honetan, izenak eta izanak bat egiten dabe, uruna eta dirua ziralako zerga horren elementu nagusiak. Gasteizko Uriko pisu publikoan pisatzen ez zan urunari ezarten jakon zergea zan Urundiru dalakoa, azken urteetan Irundiru be deitua.
XVI. mendeko lekukotza batzuek azaltzen dabe euskerazko berbea zala Urundiru: es vascuençe,[...], porque urun quiere dezir arina e diru quiere dezir dinero. Normalean, Gasteiz inguruko herrietako nekazariei ezarten jaken zergea, hasieran hiru marabedi personako, azken urteetan zazpi marabedi. Gatazka ugariren iturri izan zan, esate baterako, 1508an Errege Kantzelaritzan jarritako salaketea (epaileek Uriari emon eutsien arrazoia).
1705ean eten egin eben zergea, baina 1753an kobrau bako diru hori guztia berreskuratu nahi izan eben Gasteizko agintariek: Bizirik egozanei ez eze, hildakoei be eskatu eutsen pagetako. Gatazka hori epaitegietan amaitu zan, Gaztelako Kontseiluak zergea ezabatzeko agindu ebanean.
Inguruko urietan ez da inoz antzeko zergarik egon. Hortaz, alderdi historikotik interes handiko gaia da Urundiruarena, baita euskerearen alorrean be, zergeak euskerazko izena eukalako. Garbi ikusten da Gasteizko hizkerea Mendebaldeko Euskerearen eremuan egoala (Bizkaia, Araba eta Deba Ibarra legez), urun berbea erabili zalako, eta ez irin orokorra. Horrek bat egiten dau hizkuntzalarien teoriakaz.
José Ramón Díaz de Durana EHUko irakasleak zehaztasun handiz ikertu dau Urundirua, eta Urundiru. El dinero de la harina de las almas muertas de Vitoria (ca. 1420-1760) liburuan batu ditu jakingarri guztiak. Alfonso de Otazu y Llanaren berbaurrea dakar argitalpenak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!