Oxabi taldeak bere lehen abesti propioa kaleratu dau: ‘Espero dena’
2019-05-24 08:35 MusikeaOxabi taldea bere kantu propioagaz ausartu da orain eta Espero dena abestia kaleratu dau.
Galdakaoko taldeak hamahiru urte plazarik plaza gure inguruko kantu eta jantzarik ezagunenak jo eta kantetan ibili ostean, Oxabi erromeria taldea bere kantu propioagaz ausartu da orain eta Espero dena abestia kaleratu dau.
Oxabi erromeria taldea 2006tik dabil Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo ehunka plaza alaitzen; jantzan eta kantuan egitekoak edo, beste barik bada be, gorputzari pozaldi uneak eskaintzeko abestiak interpretetan. Baina hamahiru urteko ibilbide luze horretan, oraindino gazte-gaztea dan taldeak beti jo eta kantau izan ditu besteen lanak, jakina, horretan oinarritzen diralako erromeria taldeak.
Orain, barriz, pausu bat emon eta abesti propio barriagaz probau gura izan dau Oxabi taldeak, jendarteari eta, batez be, gazteriari alaitasuna, positibismoa eta norbere buruan sinisteko indarra eskaintzeko asmoz.
Komunikabideak piztea baino ez dago munduan eguneroko ezbeharrez jaubetzeko, eta horrek gazteakan be eragin zuzena dauela uste dabe Oxabiko zazpi kideek: Izan albiste txarrak diralako, zure ingurukoek zugandik espero dabena ez zarelako edo Sare Sozialen bitartez gure buruari exijiduten deutsagun irudiaren exijentzia-maila altua dalako, oso tarte gitxi geratzen jakuz bakotxa dan horretaz gozetako. Beraz, taldeak horregaz guztiagaz amaitu eta euskal gizarteari positibismoaren aldarrikapen sendoa eskaini gura deutso Espero dena kantu barriaren bitartez.
Kontzertuak
- 2019ko bagilaren 7an, Zamudion + Esne Beltza.
- 2019ko bagilaren 8an, Oletan + Modus Operandi.
- 2019ko bagilaren 16an, Gasteizen, Araba Euskeraz jaialadian.
- 2019ko bagilaren 21ean, Olaberrian.
Oxabi
2006an sortu zan Oxabi erromeria taldea, Jon Eguskiza, Aritz Uriarte eta Jon Gomez musikari eta lagun galdakoztarrek, herrian eta inguruetako jai-giroan erromeria euskaldun eta gazte bat falta zalako. Holan ekin eutsien ibilbideari, hortik gitxira, Urtzi Enrikez eta Asier Balentzia lagunak proiektura batu ziralarik.
2009. urtean, Galdakaoko Gazte Eguneko abesti ofiziala sortu eben Arkaitz Estiballes bertsolariaren berbakaz, Mallorkan bira bat eskaini eben eta urte bereko maiatzean Ibilaldiako kartel nagusia osotu eben, besteak beste, Anje Duhalde, Sagarroi eta Esne Beltza musika taldeakaz batera.
2011n, bost urte Euskal Herri osotik kontzertuak eta kale animazinoak eskaintzen ibili ostean, Oxabi erromeria taldea bueltan zan agertokietako formatu barriagaz. Bateraezintasun arazoakaitik, Uriarte, Enrikez eta Balentziak taldea itxi behar izan eben eta hasierako beste bi taldekideei (Jon Eguskiza trikian eta Jon Gomez ahotsean), Mikel Urrutia (bateria), Markel Arevalo (baxua), John Learreta (gitarra), Gaizka Jimenez (tronpeta) eta Eneko Arraibi (saxofoia) musikariak gehitu jakezan.
2015ean, barriz, inoiz baino indartsuago dator Oxabi: errepertorio moldatuagaz, ikuskizun biziagaz eta fitxaketa barriagaz: Adrian Lopez tronpeteagaz.
Gainera, ohore ezin handiagoa izan eban taldeak, ordutik ehun kontzertutik gora eskaintzeaz gan, San Mames Barria zelaiaren erdigunean joten lehenengo taldea izan baita (Athleticen Kopako Finalean eta Gure Esku Dagoren ekitaldian eskaini zituen kontzertuak), eta Doctor Deseo, Gatibu, Enkore, Itziarren Semeak… eta beste hainbat taldeko lagunakaz batera kontzertua eskaini eben Bilboko Arenalean.
Horrezaz gan, oihartzun handiko eakartasun kontzertu berezia antolatu eta eskaini eban Oxabi taldeak 2018an Gernikako Gu be zuek gara jaialdian, minbizia daben umeen alde eta La Cuadri del Hospi alkartearentzako. Bertan, Oxabik anfitrioi lanak egin bazituan be, oholtzan taldeagaz batera ibili ziran Gatibuko Alex eta Haimar, Hesianeko Zuriñe eta Fran, Gozategiko Iñigo eta Asier, Enkoreko Xabi Hoo, Revoltako Iker Villa, Txapelpunkeko Iñigito, ETSko Iñigo, Betagarriko Iñaki, Vendettako Pello Reparaz… eta askoz gehiago!
Azken urteak hara-hona egin ditu talde bizkaitarrak eta 2019an be hor ibiliko da Oxabi, geldirik inor ez ixteko asmoagaz.
Taldeko kide barriak Oxabi itxi behar izan eban erronka barri eta indartsuei aurre egin ahal izateko —gure desiorik onenak opa deutsaguz, Adri!— eta bere ordez dago Oxabi taldean Andoni Larraza oriotarra, besteak beste, Emon eta Gozategi taldeetan ibilitako tronpeta jolea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!