'The Sisters Brothers'
2019-05-22 12:03 Zinema kritikakBortitza eta aldi berean sentibera dan western existentziala egin dau Jacques Audiardek.
- Zuzendaria: Jacques Audiard.
- Gidoia: Jacques Audiard, Thomas Bidegain (Nobelea: Patrick Dewitt).
- Musikea: Alexandre Desplat.
- Aktoreak: Joaquin Phoenix, John C. Reilly, Jake Gyllenhaal, Riz Ahmed, Rutger Hauer.
- Herrialdeak: Frantzia / Estadu Batuak / Espainia / Errumania.
- Iraupena: 121 minutu.
- Generoa: Westerna.
- Balorazinoa: 4/5.
Donostiako Zinemaldiaren azken edizinoan, Perlak sailean ikusi ahal izan genduan orain karteldegira heldu dan The Sisters Brothers. Veneziako Mostratik etorren, sari bat besapean: Zuzendari Onenarena, izan be, Jacques Audiardek harridurea eragin eban Urbasan filmautako western bitxi honegaz.
Urrearen sukarraren garaian kokatutako film honen protagonistak anaia bi dira, enkarguzko hiltzaile legez lan egiten dabenak. Holan bizi izan dira betidanik, baina azken eskaera bat onartzen dabenean, norberaren bizitzearen zentzuna kolokan jarriko dabe. Pertsonaiak oso ondo idatzita dagoz, alde psikologiko sakonagaz, eta Phoenix eta Reillyren arteko kimikea handia da.
Dueluak, tiroak, zaldiak, karabanak, garautegiak sutan, saloiak eta generoko elementu guztiak doguz Mendebalde Urruneko film honetan, baina baita beste osogarri original batzuk be, esate baterako, haginak garbitzeko eskuilak, urrea topetako formula kimiko barriak edo gizonek idatzitako egunerokoak.
Diruaren poterea, utopia bat eregitearen aukerea, etxemina, amesak, amodioa, handinahia eta bestelakoak dira ardatz filman. Erritmo patxadatsua eta melankolia tonua erabiliz, umorea tarteka, samurtasunez betetako historia desmitifikatzailea kontetan dau, nortasunez eta dotoretasunez. Bortitza eta aldi berean sentibera dan western existentzial bat egin dau Audiardek. Film ezbardina, amaiera eder eta guzti.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!